Zerbitzuak

Aurrezki Kutxak Baskonian

Bere hastapenean, kutxa horiek erakunde horienak ziren ezaugarri guztiak betetzen zituzten: aurrezkiaren bertute onbideratzailearenganako sinesmena zuen toki-burgesiak edo lurraldetarrak sustatutakoak izan ziren; helburu onuragarri garbia zuten; aurrezki-funtsei esker gizarte harmonizazioa bilatu nahi zuten; Kutxa Munizipaletan Eraspen Mendiak, edota Probintziakoetan gizarte aseguruen ingurukoek, era koordinatu batez behartsuenen arazoak konpontzen ahalegindu ziren. Beste toki batzuetan gertatu zenaren antzera (Lopez Yepes, 1973: 163), euskal-nafar kutxak biztanleriaren bizitza-baldintzak hobetzen saiatu ziren eta gizarte helburu garbia izan zuten. Hasiera baten ez zuten euren onurarik aurkitu, nahiz eta beste batzuen aldera, aurrezkiaren ekoizkina hiriaren edota lurraldearen alde erabiltzeko aukera (azpiegiturak, etxebizitzak, erakunde onuragileak) behingoan ikusi zuten; inbertsio seguruak, baina ez beste toki batzuetan ziren adinako kontserbadoreak (batzuk atzerriko akzioetan inbertitu zuten), bilatu zituzten; krisialdietan euren jarduna ziurtatzeko beharrezko erretserbak ezarri zituzten; eta euren sorreraren ostean zeuden erakundeak (Udalak eta Aldundiak) funtsak bermatu egin zituzten. Azken puntu hau da gehien bereizten duena. Beste batzuk jatorri pribatua edo erdi-publikoa izan zuten bitartean -Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Elkarrekiko Sorospenak, Zergadunen Ligak, Aberri Sozietateak, ekimen filantropikoak, etab. Euskal-Nafar Herrian bere jatorria, publikoa izan zen. Horien guztien atzean, Udalen bat edo Aldundiren bat zegoen bere diruzko laguntza emanez baina hala eta guztiz ere ez dugu ahantzi behar toki edo lurralde burgesiako gizon handi jakin batzuen ekimen nabarmena. Aipatu behar den beste ezaugarri berariazkoetako bat Ekonomia Itunei buruzko erapideak ahalbidetzen zuen eta batez ere lurraldeetan garrantzitsua izan zen autonomia ekonomikoa da. Horrek espainiar Aurrezki Kutxa guztien artean nortasun eta autonomia handiago bat izatea ahalbidetu zien, eta bestalde udal edo lurralde banketxe bezala jardutea ere ahalbidetu zuen, euren kapitalen zati bat erakunde ongile edota sorosleak finantzatzera edo herri lanak egiteko eta udal- edo lurralde-zorra gutxitzeko kredituak ematera bideratzen ziren heinean.

Ateak zabaldu zituen lehena Gasteizako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea (1850) izan zen. Bestalde udaletxe batek sortutako lehendabizikoa izan zen, Iruñako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea (1875) eta Donostiakoa (1879) hurrengoak izan ziren bitartean. Kasu guztietan mailegu-emaile eta lukurarien negozioak suntsitze helburua zuen erlijio eta ongile jatorridun erakundea zen Eraspen Mendi bati lotuta jarduten hasten dira. Erakunde horien arrakasta urte haietako biztanleriaren bizitza baldintzak adieraztean datza. Bahitetxeak garai bateko ikurra izan ziren, hau da, ekonomia krisialdian etxearen akura ordaindu ahal izateko edo zer jan eduki ahal izateko koltxoia, izarak, zilarrezko mahai-tresnak, apaindurak, josteko makina, trajeak, jantziak eta aterkiak ere zorpetuak ziren garaikoa alegia. Bere bezeroak ez ziren ezer gutxi zorpetzeko zuten txiroak bakarrik izan; bertara langileek, funtzionarioak, alargunak,...zihoazen. Azken baten, hiri arloko gizarte mailaren esparru zabala zihoan. Urte batzuk beranduago Bilboko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea(1907) zabaldu zen.

Kutxa batzuk beste batzuen abiaraztean izan zuten eragina esanguratsua da. Donostiako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea sortu zenean garai hartan Gasteizkoaren Zuzendaria zena kontratatuz zen, bere eskarmentuaren ekarpena egin zezan. Gipuzkoan, hainbat alditan politikaren, merkataritzaren edota negozioen munduan zebiltzan pertsona ospetsu berdinak ziren Kutxa bi horietako aholkulariak, Udaletxean eta Aldundian zituzten betekizunak txandakatuz. Lehendabiziko Aurrezki Kutxa Probintziala (A.K.P.) zabaltzerakoan, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren (A.K.M.) arrakasta erabat gogoan hartu zen eta lehendabiziko Zuzendaritza Batzordea osatu zuten kideetariko hiruk (Jose Machimbarrena, Atanasio Osacar y Manuel Lizariturry) A.K.M.ean lan garrantzitsua eginak ziren iraganean eta etorkizunean ere egingo zuten. Egungo parametroetatik zaila dirudien arren, lehiakortasuna aintzat hartu ez izanagatik parte-hartze bikoitz hori bateraezina izan zitekeenik ez zen inoiz ere uste izan. 1935ean Realidad aldizkariak honako hau zioan: "Siempre nuestras instituciones vivieron en intimidad de espíritu, sin rivalidades, sin competir entre ellas, en constante inteligencia y estrecha colaboración para el mayor engrandecimiento de su obra ejemplar" (Martínez Martín, 1996: 186). Gainera, une jakin batzuetan erakunde biak bat egitea pentsatu zen, urte askoren ondoren gertatuko zena (1990) eta bereziki urte haietakoen oso desberdinak ziren egoerak behartuta.

Era berean, Bilboko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea zabaltzerakoan (1907) gogoan izan zen inguruko lurraldeetan ziren Kutxen eskarmentua, orduan esaten zen bezala. Baina, batez ere, Arabako (1918), Bizkaiko eta Nafarroako (1921) lurraldeetan izan ziren gainerako Kutxen sorkuntza eta abiaraztean Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak eragin handia izan zuen. Kasu horretan lehergaia Zahartzaroko Derrigorrezko Asegurua ezarri zuen eta 1917tik borondatezko afiliazio erregimen bezala jardun zuen arren 1921era arte indarrean sartuko ez zen 1919ko martxoaren 11ko Errege Dekretua izan zen. Garai hartan lurralde eremuko aurrezki kutxarik ez zuten hiru lurraldeetako buruzagiak ez zuten derrigorrezko langile erretiroaren kontrola ekarriko zukeela uste zuten ekonomia abagunea igarotzen utzi nahi eta, jakina, Gipuzkoan arrakasta handia zuen eredua abiarazita zuen. Gipuzkoako Kutxa gainera Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalarekin berau 1908an sortu aurretik ere lankidetzan izan zen. (Martinez Martin, 1996: 453-456). Bizkaiko Aurrezki Kutxak Jose Gainzarain zuzendariorde bezala kontratatu zuen, urte batzuen buruan zuzendaria izatera iritsiko zena. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Munizipalean prestatua, bertan bideratutako ekimenak abiarazi zituen (nekazaritzarako laguntzak, Euskal Baserrian lanak, mendi-suteen aurkako aseguruak, abereen heriotzarengatikoak, etxe merkeak eraikitzeko laguntzak, zor publikoaren bihurtzea, etab.).

Gipuzkoa XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadara arte biztanleko aurrezki zerrendaren lehen mailan zen. Bere kutxa biak egikari horretan zeresan asko izan zuten, aurrezkiaren sustapen-politikak bultzatu baitziren eta gizarte maila guztietan aurreztzaileak bilatu baitziren (aurrezki txikirako libretak, libreta orokorrak, arruntak, langile-aurrezkia). Kutxen bezero propioak apalenak zirela esaten zena egia zen arren, hoberenak aurrezteko aukera izaten zutenak ziren eta horiek ez ziren erdi mailan eta burgesia txikian baino aurkitzen. Bizkaiko Kutxa behingoan kutxen arteko goiko mailetan ezarri zen eta bere industriaren indarrak eta langile maila ugariak A.N.I.an eta beste erakunde askotan ere arinago gipuzkoakoak izan zuen protagonismoaren zati handi bat izan zuen.