Zerbitzuak

Aurrezki Kutxak Baskonian

Europan, lehendabiziko Kutxak XVIII. mendearen azkenean sortu ziren. Aurrezkiaren Lehendabiziko Nazioarteko Kongresuan, 1924an Parisen ospatutakoa, Hanburgoko Aurrezki Kutxari eman zitzaion lehen tokia ("Sparkase" 1778), Alemanian antzerako aurrekariak izan ziren arren (Salemeko Umezurtzen Kutxa, 1749; Brunswickeko Maileguen Ducal Kutxa, 1765). Geroago Odemburgo eta Detmoldeko (1786) Aurrezki Kutxak, Kiel (1796)...izan ziren eta 1838. urtea izango da Prusian Aurrezki Kutxei buruzko lehendabiziko legea argitaratuko den tokia (Palacio Bañuelos, 1977: 41-42).

Prozesua beste herri batzuetan eman zen. Britainia Handian, Priscila Wakefieldek Tottenhamen (1798) emakume eta umeei laguntzeko asmotan "Female Benefit Club" sortu zuen, sortze gunetik gutxira, 1804an, bere izena aldatu eta "Tottenham Benefit Bank" ezarriz. Henry Duncan apaizak Ruthwellen (Eskozia) "Parish Bank Friendly Society" (1810) izenekoa sortu zuen, eta bere bultzada eta propagandari esker beste antzerako hainbat sortzeko eredu eta jarraibide izan zen. Aurrezki Kutxei buruzko Lehendabiziko legea 1817koa, Irlanda eta Ingalaterrarako emana da eta 1819koa Eskoziarakoa.

Frantzian XVIII. mendean Aurrezki Kutxaren batzuk sortu ziren, baina euren lege-garapen eta -finkapena XIX. mendeko lehen herenean gertatu zen. 1818an bankari talde baten ekimenez "Caixe de'Epargne et de Prevoyance" zabaldu zen (Lopez Yepes, 1973: 159-160). Agintari frantziarrek egitasmo horren interesaz jabetuta Frantzia guztian hedatzen ahalegindu ziren. 1829ko ekainaren 3an Kutxetako funtsak Altxor Publikora igaro zitezela erabaki zen, Estatua zegozkien interesak ordaintzearen erantzule izanez. Beste Aurrezki Kutxei buruzko lege garrantzitsu bat 1835eko ekainaren 5ekoa izan zen, kutxak onura publikodun erakunde izendatzen zituelako eta bertan Estatuaren laguntza eta partaidetza argi adieraztera zetorrelako. 1896an Posta Kutxa frantziarraren Estatutuak Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren estatutuetan eragina izan zuten.

Espainian, behar bada industrializazio prozesua berantiagarragoa izan zelako, Aurrezki Kutxak ez ziren XIX. mendeko hogeita hamargarren hamarkadara arte sortzen hasi. Lehendabizikoa Jerezeko Aurrezki Kutxa (1834) izan zen, arrakastarik izan ez zuena. 1838an Madrilgo Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea sortu zen, gerora beste espainiar kutxa guztientzako eredu izango zena. 1703tik ozta-ozta bizi zen Monte de Piedad [Bahitetxea] izenekoaren eta Joaquin Vizcaíno, Pontejoseko Markesaren ekimenaz gain bere propagandatzailerik garrantzitsuena zen Mesonero Romanos idazleak babestu eta negozio-gizon ospetsua zen Francisco del Acebal y Arratiak zuen esperientziatik abiatuta sortutako Kutxa baten batasunetik sortu zen. Kutxa hori abiarazterakoan baliagarri izan zen legedia gerora Aurrezki Kutxei buruzko espainiar legedi guztia oinarrituko zen zutabea izan zen, baina igarotako mendearen hogeiko hamarkadara arte euskal-nafar kutxei eraginik ekarri ez zienez ez da beharrezko bere garapenari buruzko azalpenik hemen ematen gelditzea. Halere, Madrilgo Kutxa beti eredugarri izan zen beti. Aurrezki Kutxaren eta Bahitetxearen arteko batasun ustiakorra Gasteiz, Iruña, Donostia eta Bilboko Aurrezki Kutxak eta Bahitetxeak sortzerako orduan beti izan zen gogoan. Eta indarrean zegoen legedia Estatuko Gobernuari euskal-nafarrentzako lege babesa eskatzean besterik ez zen aipatu.