Kontzeptua

Arartekoa

Arartekoa, Herriaren defendatzailea edo ombudsman-a gatazkak ebazteko tresna extrajurisdikzionala da, herritarren eta Administrazioen arteko gatazkak konpondu eta ekiditzen dituelarik, herritarren eskubideak bermatuz hauek haiekin dituzten harremanetan. Beraz, gatazken inguruan parte hartze bikoitza duen erakunde baten aurrean gaude; gatazkak eman eta gero, liskar zehatzak konponduz, eta gatazken aurretik, hauek ekidituz. Izan ere, Arartekoaren bulegoa herritarrek Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udalen egintzen edo portaeren inguruan dituzten kexak edo eskaerak jasotzeko zerbitzu publikoa bezala eratzen baita, beroien inguruan haiei azalpenak eskatuz. Horrekin, noski, hainbat prozesu judizial ekiditzen dira. Baina ez da iragarritakoa herritarren eta Administrazio Publikoen gatazken inguruan euskal ombudsman-ari egozten zaion lan bakarra. Ildo beretik, euskal Herriaren Defendatzaileak gatazken prebentzioan lan oso garrantzitsua burutzen du. Horretarako, beste batzuen artean, politika publikoak baloratzen ditu eta toki eta zerbitzu publikoak ikuskatu, eragindako Administrazio Publikoei gomendioak eta txostenak igorriz. Beraz, laburbilduz, Arartekoa herritarren defendatzaile independientea bihurtzen da Administrazio Publikoaren jardueraren aurrean, administratuak honen abusu, arbitrarietate, diskriminazio, oker eta arduragabekeriez babestuz.

Arartekoaren ezaugarri, funtzio eta funtzionamendua zehazteke, erakunde hau Alternative Dispute Resolution edo Gatazken Ebazpen Alternatiboaren mundu mugimenduan kokatu behar dugu. Mugimendu honek gatazken ebazpenean ematen den gehiegizko jurisdikzionalizazioari eta haiek konpontzeko bide jurisdikzionalak aurkezten dituen ahulezi ugariei (geldotasuna, hasetze eza, estandarizazioa, garestia,...) so eginez, beren konponketarako teknikak dibertsifikatzearen aldeko hautua egiten du, Estatuko Epai Botereak eratzen duen ohiko bide jurisdikzionalarekin batera, herritarrei beren desberdintasunak konpontzeko teknika alternatibo eraginkorrak (bide jurisdikzionala baino azkarrago eta merkeagoak) eskaini behar zaizkiela defendatuz.

Arartekoaren erakundean sakondu aurretik, era berean, gero eta ugariagoa den gatazka administratiboari erreparatu behar diogu. Estatuaren eboluzioan, egungo Zuzenbidezko Estatu Sozial eta Demokratikoak Administrazio Publikoaren hedapena du ezaugarri nagusi. Honek bizitza sozialeko eremu gehienetan parte hartzen du, herritarrak, gero eta gehiago, haren menpeko izanez. Testuinguru honetan gatazkak asko dira. Era berean, prozedura administratiboak zenbat eta berme gehiagorekin hornitu nahi, zenbat eta hobeto babestu nahi interes orokorra, orduan eta gatazka gehiago sortzen dira Administrazioaren eta herritarren artean.

Aipatutako premisekin, hurrengoko lerroetan (II) ombudsman edo Herriaren Defendatzailearen jatorria eta hedapena munduan zehar, (III) Euskal Erkidego Autonomoan bere eraketa eta arauketa, (IV), Arartekoaren estatutu juridikoa, (V) bere antolaketa pertsonala, eta (VI) egozten zaizkion funtzioak eta ahalmenak jorratuko ditugu. Erakunde hau ulertzeko, baita azaldu behar ditugu (VII) Arartekoaren jardutze prozedura, (VIII) Euskal Legebiltzarrarekin bere harremana eta (IX) Espainiako Herriaren Defendatzailearekin duen harremana ere.