Kontzeptua

Arartekoa

Euskal Parlamentuak izendatzen duen Arartekoa, bere funtzioen egikaritzan, automiaz jarduten da, ofizioz edo herritar baten eskariz. Ikus ditzagun aukera biak.

AESAL-ak, munduan zehar zabaldutako jatorrizko ombudsman suediarraren eredua jarraituz, Arartekoari ofizioz ikerketa bat hasteko baimena ematen dio, Administrazio Publiko baten inguruan egoera irregular bat ezagutzen duenean (17.1 artikulua). Zalantza gabe, bide honek Arartekoaren mugarik gabeko jarduera legitimatzen du herritarren eskubideen eta legezkotasunaren defentsan, erakundeak benetako aintzatespen soziala lortzera lagunduz. Gainera, herritarrak erakunde honek eskaintzen duen zerbitzu publikora joatera animatzeko benetako bultzagarria da. Praktikan, Arartekoa ofizioz urtero hainbat gai edo kontu ikertzen ari da. Horrela, adibidez, egungo Arartekoak, bere lehen izendapenean, honako hauen inguruan ikertu zuen: "EEA-n pertsona nagusiei atentzioa: etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentruak eta egoitzak", edo eta "Heziketa zentruetan elkarbizitza eta gatazkak".

Ikerketa beste batzuek eskatua has daiteke: normalean Arartekoarekin harremanak dituen Parlamentuko Batzordeak, edo beste Parlamentuko edozein Batzordek edo legebiltzarkide batek. Hala ere, inoiz ezin izango du ikerketaren hasiera Administrazioak berak eskatu bere eskumeneko gaien inguruan.

Bigarren aukera gisa, eta suediar ombudsman-aren jatorrizko eraketari jarraituz, edozein herritarrek aurkez diezaioke zuzenean eta dohanik bere kexa Arartekoari organismo publiko baten inguruan. Kexaren bitartez herritarrak Arartekoaren parte hartzea eskatzen du, bere ustez, bere eskubideak urratzen dituen Administrazio edo organismo publiko baten egoera, jarduera edo ez egite baten aurrean. Ez dio axola eskatzailaren nazionalitateak, bizilekuak, adinak edo ez-gaitasunak. Ezta ere presondegi batean preso egoteak edo Administrazio batekin lotura edo menpekotasun harreman berezi bat izateak. "Interes zilegi" edo legitimo bat argudiatzearekin nahikoa da. Nahiz eta "interes legitimo" hau Legeak ez definitu, EK-ren 24 artikuluak, epaibidezko babes eraginkorra eratzen duenean, erabiltzen duen zentzu berean ulertzen dugu: herritar baten eskubideak eragiten dira, kasu honetan jarduera administratibo baten emaitza gisa.

Behin euskal ombudsman-ari kexa bat aurkeztuta, nahiz eta interesatuak kentzeko bere desioa adierazi, Arartekoak ikerketarekin jarrai dezake.

Arartekora sarbidean formaltasun eza gailentzen da; kexak idatziz zein ahoz aurkez daitezke, bi kasuetan motibatuak izan eta gatazka ebazteko balio dezaketen dokumentu guztiak lagundu behar zaizkiolarik. Eskatzaileak, logikoa denez, Arartekoan aurkeztutako gaitzespen edo protestaren emaitza ezagutu ahal izateko, bere burua identifikatu eta bere helbidea adierazi behar du.

Kexak pertsonalki aurkeztu daitezke, erakundeak publikoari irekita dituen 3 bulegoetan, euskal probintzia hiriburu bakoitzean bat, eskutitzez edo faxez. Garai berriekin bat, kexa bat meil bitartez aurkeztea ere posible da.

AESAL-a kexa indibidualez mintza da, gaitzespen kolektiboak aipatu gabe. Edozein kasutan, bere aurkezpenerako bi muga ezartzen dira. Ahozkoak bakarrik Arartekoaren egoitzetan aurkez daitezke, transkribatuak eta irakurriak eta eragindakoak sinatuak izan behar direlarik. Gainera, ezin daiteke ezein motako kexarik aurkeztu, ez idatziz, ezta ahoz ere, eragindakoak kexa sor dezakeen portaera edo egitateak ezagutzen dituenetik urte bat pasatuz gero.

Behin kexa bat jasota, erakundean egingo den lehenengo gauza erregistratzea eta jaso izanaren ziurtagiria ematea izango da. Jarraian, defendatzaileak baloratu egingo ditu onartzen dituen edo ez erabakitzeko. Ez ditu izapidetzerako onartuko herritar eskatzailean interes zilegia atzematen ez badu, edo berau identifikatzen ez denean; ez ditu ezta ere onartuko defendatzaileak gaitzespenean fede txarra edo Administrazioa nahasteko edo geldiarazteko prozeduraren neurrigabeko erabilera atzematen badu. Are gehiago, defendatzaileak kexa fede txarrarekin egin dela egiaztatzen badu eta kriminalitate zantzuak ikusten baditu, kasua egoki deritzon epailearen ezagutzan jarriko du. Ez ditu onartuko ezta ere, justifikazioa edo eskatzen diren datuak laguntzen ez bazaizkie.

Zentzuzkoa denez, Arartekoak ezin ditu bere eskuduntzetatik at geratzen diren gaien inguruko kexak onartu. Honen inguruan komeni da gogora ekartzea ezin dituela sententzia irmo bidez ebatzita dauden edo ebazpen judizialaren zain dauden kexak ezagutu eta kexa baten inguruan ikerketa hasi ondoren, interesatuak Auzitegi arrunten edo Auzitegi Konstituzionalaren aurrean demanda edo helegitea tarteratzen badu, bere jarduera esekituko duela. Ezin ditu ezta ere Parlamentuari edo Gobernuari buruzko kexak ezagutu administratiboa ez den guztian, edo Batzorde Arbitralen funtzionamenduari buruzkoak. Ildo beretik, Espainiako Herriaren Defendatzailearen eskuduntzakoa den kexa bat aurkezten bazaio, hari igorriko dio.

Aipatutako betekizunak betez gero, kexak onartuak izango dira, bestela, baztertuak. Bigarren kasu honetan, Arartekoak horrela jakineraziko dio aurkeztu zuen herritarrari, bere kasuan, bideratzeko bide egokiaz informazioa emanez, egongo balitz. Ez da aurreikusten ezein helegite gaitzespena onartzen ez denerako.

Behin kexa bat onartuta, Arartekoak Administrazio zehatzak eginiko egintza edo jokabidea argitzera zuzendutako ikerketa bat hasi eta praktikatuko du. Xede honekin baliteke eragindako Administrazio Publikoari edo bere funtzionarioei dokumentuak, txostenak edo argibideak eskatzea. Horretarako epe bat emango die. AESAL-k Administrazio hauek eta bere funtzionarioak Arartekoa laguntzera behartzen ditu, eskatutakoa lehentasunez eta premiaz eman behar dutelarik. Baliteke baita ere, jakin dakigunez, Arartekoak ikerketa bisitak egitea kasuan kasuko Administraziora edo zerbitzura. Edozelan ere, eskatutakoa emateari ezetza ematen bazaio edo funtzionario, agintari, langile edo emakidadun enpresa baten arduradunak edo nolabaiteko kontrol edo babes administratibora meneratutako enpresa baten arduradunak eskatutako espediente edo dokumentazio administratibora sarbidea, edo berauek dauden tokira, oztopatzen badu, Arartekoak honen berri eman diezaioke hierarkian nagusiari. Gainera, gertakari hau txosten berezi batean jaso daiteke edo eta urteko txostenean dagokion atalean azpimarratua izan. Hierarkian nagusia bada Administrazio Publiko bateko funtzionari edo langileari Arartekoari laguntzea debekatzen diona, eskatutako datu edo dokumentuak ematea eragotziz, motibatuta eta idatziz egin beharko du, idazki hau funtzionarioari eta euskal ombudsman-ari berari ere igorri beharko zaiolarik.

Baliteke bere ikerketaren garapenean Arartekoa kriminalitate zantzua duten egitateekin topatzea. Ministerio Fiskalari helarazi beharko dizkio berau Legearekin bat aritu dadin.

Arartekoaren ikerketa derrigorrezkoa edo inperatiboa ez den ebazpen batekin bukatzen da. Ikerketa herritar baten kexaren emaitza izan bada, Arartekoak kexa hori onartu edo gaitzetsiko du. Ikerketa ofizioz hasi izan denean, aldiz, jarduera administratiboaren zuzentasuna edo ez adieraziko du. Ebazpen hauek Arartekoaren web orrian (www.ararteko.net) publikatzen dira.

Euskal herriko defendatzailearen ebazpenen izaerarekin bat (ez dira derrigorrezkoak edo inperatiboak), haien kontra inoiz ezin daiteke helegiterik tarteratu. Honen inguruan, beste behin gogora ekarri behar dugu, erakunde honen indar hertsatzailea Parlamentuarekin daukan harremanetik, han informazioa aurkezteko daukan aukeratik hark bere kontrol funtzioa egikari dezan, datorrela.

Bere ikerketa bukatuta, euskal ombudsman-ak bere emaitza kexa aurkeztu duen herritarrari komunikatuko dio. Baita eragindako agintari, organismo, funtzionari edo langileari ere. Gainera, Arartekoak kexa funtzionari edo langile baten abusu, arbitrarietate, diskriminazio, oker edo arduragabekeriaren fruitu izan dela uste badu, eragindakoari zuzendu dakioke, horren inguruan bere iritzia emanez, bere ustez bere eskuduntzak, prozedurak edo ebazpenak zein forma edo moduan egikaritu behar diren adieraziz. Idatziz egingo du, berau, hierarkian nagusiari ere igorriz. Are gehiago, AESAL-ak Arartekoak eginiko ebazpenak emaitza bat sortzen ez badu ("zentzu horretan neurri egoki bat"), hark kontua eragindako organismo administratiboaren hierarkian gorena denaren ezagutzan jarriko duela xedatzen du, gaia bere urteko txostenean edo ez-ohikoan jasoz.

Nahiz eta Arartekoaren ebazpena loteslea ez izan, ofizioz funtzionarioiei, langileei edo emakidadun empresen arduradunei edo kontrol edo babes administratibo baten menpe dauden enpresen arduradunei erantzunkizuna eskatzeko akzioa egikari dezake.