Kontzeptua

Arartekoa

Herriaren Defendatzailearen erakundearen sorlekua Suedia eta Finlandiako eskualdeetan kokatu behar dugu. Beraien 1809ko Konstituzioak (Regerisform) "justitieombusdman"-aren erakundea sortu zuen. Instituzio honen oinarria, batez ere, Justizia Kantzelaria izan zen, azken hau Carlos XII-ak sortutako kargu bat izanik. Haren ordezkari batek betea, erregearen bidaia luze eta ugarietan, Justizia Kantzelariak Administrazio publikoko funtzionarien lana gainbegiratzea, hark legea betetzen zuela kontrolatzea eta herritarrek haren inguruan aurkezten zituzten erreklamazioak ezagutzea zuen zeregin. Zehazki, aipatutako Konstituzioak erakundea parlamentuaren kontrola arautzera eskeintzen zuen bere XII. Kapituluko 6 artikuluan arautzen zuen. Honela zioen:

"Parlamentuak prokuradore parlamentario bat edo gehiago (ombudsmän) izendatuko ditu, biltzarrak emandako jarraibideekin bat, jarduera publikoen eremuan legeen eta erregelamenduen aplikazioa begiratzearen ardura izango dutelarik, eta Justiziaren aurrean aritzeko gaituko direlarik jarraibide horietan jasotako kasuetan".

Testu honekin bat, ordutik hona, Suedian hainbat defendatzaile egon dira (Justiziakoa, Kontsumitzailearena, Merkataritza Askearena, Militarra edo Ingurugiroarena). 1968. urtean izan zen suediar ombudsman desberdinak erakunde bakarrean bateratu zirenean, beraietako bat gainbegiratzaile orokor bezala jardunez.

Erakundea, lehenengo, nahiko antzeko eraketa zuten herrialdetara zabaldu zen. Finlandian, Suediako erresumaren parte zen heinean, erakundea guztiz arrotza ez zen lekuan, Errusiataz independizatu ondoren, bere lehenengo Konstituzioak (1919) ombudsman-a jaso zuen. Danimarkak 1953ko Konstituzioan egin zuen, Herriaren Defendatzaileari eremu zibilean eta militarrean Administrazioa kontrolatzeko eskumena aintzatetsiz. Bere aldetik, Norvegiak, lehenengo, defendatzaile militar bat sortu zuen (1955) eta, beranduago, beste defendatzaile zibil bat (1962).

Erakundea Europan jaso zen Bigarren Mundu Gerratearen ostean, jatorrizko eraketa aldatuz, ohiko erakundea Estatu bakoitzaren beharrizan eta ezaugarri juridiko-politikoetara egokituz, nahiz eta beti herritarren eskubideak Administrazio Publikoaren aurrean babesteko bere azken helburua mantendu. Alemaniak 1956an arautu zuen defendatzaile militar bat, beste zibil bat eratzeari uko eginez, eremu honetan ombudsman-aren lana Eskaera Eskubidearen Batzordeak beteko zuelaren irizpean. Hamarka bat beranduago (1967) Erresuma Batuak Administrazioarentzat Parlamentuko Komisarioa sortu zuen. Beroni, Gobernuaren -eta ez Parlamentuaren- proposamenez Erregeak izendaturik, poliziaren eta udal agintarien ikerketa debekatzen zaio. Frantziak Médiateur de la République 1973an sortu zuen. Azken honek, baita Gobernuak izendatua, bakarrik jaso ditzake herritarren kexak eta erreklamazioak legebiltzarkide baten bitartez.

Europako lurraldean zehar Herriaren Defendatzailearen hedapen honetan, komeni da azpimarratzea, nahiz eta bere Estatu eremuko eraketa gailendu, zenbait kasutan, Estatuko defendatzailearekin batera, arloko defendatzaile batzuk agertzen direla, Administrazioaren arlo jakinen gaineko kontrola egozten zaielarik. Horrela, Suedian, erakundearen jatorriaren herrialdean, jakin dakigunez, estatukoa eta arlo batzuetakoa elkarrekin bizi dira, Norvegian bezala; Alemanian, ordea, bakarrik arlo jakin batekoa arautzen da (militarra) (Wehrbeauftragter des Bundestages). Herbeheretan eta Erresuma Batuan, estatuko ombudsman-arekin batera, eskualde defendatzaileak aurreikusten dira. Eskualde defendatzaileak soilik arautzen dira Italian(Difensore Civico), Suitzan eta Belgikan (Le Médiateur fédéral).

Europako mugetatik at, eskualde defendatzaileak daude munduko beste toki batzuetan (Kanada, Australia eta AEB), nahiz eta estatuko defendatzailearen eredua hedaduena izan, kontinente orotan atzeman dezakegularik (Nigeria, Zelanda Berria, Sudan, Hegoafrika, Taiwan, Zambia,...).

Edozein kasutan, euskal legelariak Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duen 3/1985 Legean (Euskadiko Aldizkari Ofiziala, 63 zenbakia, 1985ko martxoak 22) (aurrerantzean, AESAL) esaten duen bezala, ombudsman suediarraren munduan zeharreko hedapenean, bere jatorriarekin lotzen duten 3 ezaugarri, gutxienez, atzematen dira: (1) "organo honen funtzioa Administrazioaren kontrolera zuzentzen da herritarrek ondo administratuak izateko duten eskubidearen defentsan eta legezkotasun printzipioaren bermean", (2) "bere titularra Parlamentuak izendatzen du, nahiz eta organoa autonomiaz jardun", eta (3) "herritarren eskubide eta askatasunen defentsan jarduten den Administrazioaren kontrol organoa (izanik), Ombudsman-era sarbide zuzena bermatu behar du, bitartekoak beharrezkoak izan gabe".

Gure ingurura bueltatuz, Espainian Herriaren Defendatzailearen erakundea, gaztelaniaz "Defensor del Pueblo" delakoa, 1981ean sortu zen, Espainiar Konstituzioaren (aurrerantzean, EK) 54. artikuluko edukia garatuz. Artikulu honen esanetan lege organiko batek arautuko du Herriaren Defendatzailea, kontutan izanik Gorte Nagusien goi komisioduna dela, haiek oinarrizko eskubideak defendatzeko izendatua, horretarako Administrazioaren jarduera gainbegiratu ahalko duelarik, eta horren kontu Gorte Nagusiei eman beharko dielarik.

Espainiar Estatua, lurraldeari dagokionez, Erkidego Autonomoetan antolatuta dagoen heinean, eskualde defendatzailek daude haietako gehienetan, beraietako bakoitza dagokion Legebiltzarraren menpe dagoelarik. Horrela, 1983an Andaluziako Herriaren Defendatzailea ("Defensor del Pueblo Andaluz") sortu zen; 1984an, Kataluniako Síndic de Greuges eta Galiziako Valedor do Pobo; Aragoiko Justizia ("Justicia de Aragón"), Kanariar Uharteetako Komunaren Diputatua ("el Diputado del Común") eta gure Arartekoa 1985ean sortu ziren. Hiru urte beranduago hasi zen bere zerbitzuak eskaintzen Valentziako Erkide Autonomoko Síndic de Greuges-a. Beranduago eratu dira, Balear Uharteetako Síndic de Greuges (1993), Gaztela-Leoneko Komunaren Prokuradorea ("Procurador del Común") (1994), Nafarroako Herriaren Defendatzailea (2000), Gaztela-Mantxako Herriaren Defendatzailea (2001), Asturiaseko Printzerriko Prokuradore Orokorra ("Procurador General del Principado de Asturias") (2005) eta Errioxar Herriaren Defendatzailea (2006).