Kontzeptua

Arartekoa

Arartekoaren eta Espainiar Herriaren Defendatzailearen arteko harremana Espainiako antolaketa politiko-territorialaren testuinguruan ulertu behar dugu. Testuinguru honetan Administrazio Zentralaren alboan Administrazio Autonomikoak agertzen dira. Ezin dezakegu ahaz, honen harira, ahots honen lehenengo lerroetan esaten genuen bezala, beste Erkidego Autonomo batzuk ere beren herriaren defendatzaile autonomikoa dutela. Hala ere, eta Arartekoaren eta Espainiako Herriaren Defendatzailearen arteko loturak aztertzera mugatuz, beren eraketari, eskuduntza eremuari eta harreman funtzionalei erreparatu behar diegu.

Badakigu AESAL-ak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 15 artikuluari jarraituz, Arartekoa Espainiako Herriaren Defendatzailearen antzera eratzen duela. Izan ere Herriaren Defendatzailea bere ezaugarri nagusietan, 1978ko Konstituzioan aurreikusten baita (54 artikulua), 1979ko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatutuak hartara bidalketa egin zuelarik.

Bestalde, eta bi erakundeen eskuduntza eremuan sartuta, HDLO-ak berariaz aintzatesten dio Herriaren Defendatzaileari "bere kabuz Erkidego Autonomoko jarduera ikuskatzeko" ahalmena (12 artikulua); beraz, Administrazio Autonomikoak ere ikuska ditzake. Ideia berdinean sakontzen du Herriaren Defendatzailearen Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamentuak (Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Mahaiek batzar bakarrean onartuta 1983ko apirilaren 6an), berariaz xedatuz "Herriaren Defendatzaileak ezin izango du eskuordetu Erkidego Autonomoetako antzeko organoetan Konstituzioaren 54 artikuluak egotzi dion eskuduntza I Tituluan jasotako eskubideen defentsarako". Beraz, argi gera bedi Arartekoaren jarduteko eremua ez dela berea esklusiboa, Herriaren Defendatzailearekin banatua baino, era berean ombudsman autonomikoekiko Herriaren Defendatzailearen lehentasuna eta nagusitasuna argi geratuz. Hala ere, eskuduntza konkurrentzia honek eta Herriaren Defendatzailearen nagusitasunak ez du praktikan arazorik sortzen, izan ere, bi ombudsman-ak, estatukoa eta autonomikoa, beren funtzioen egikaritzan, koordinazioan eta lankidetzan aritu behar baitira. Horrela galdatzen dio Herriaren Defendatzaileari HDLO-ak 12 artikuluan eta Arartekoari AESAL-ak (1 eta 36 artikuluak). Antzeko zentzuan mintza da Herriaren Defendatzailearen Erakundearen eta Erkidego Autonomoetan antzeko figuren arteko Harremanak arautzen dituen 36/1985, azaroak 6ko Legea (2 artikulua). Honen harira, azken honek Espainiako Herriaren Defendatzailearen eta defendatzaile autonomikoen arteko akordioak aurreikusten ditu "ikuskapenaren objektu diren Administrazio Publikoen jarduera eremuei buruz, Parlamentuko Komisionatuak jarduteko kasuak, egikari ditzaketen ahalmenak, Herriaren Defendatzailearen eta aipatutako Parlamentuko Komisionatu horietako bakoitzaren arteko komunikazio prozedura, eta akordioen beraien iraupena". Akordio berdinak aurreikusten ditu AESAL-ak "bi erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza hezurtzeko baterako jarduerarako irizpideak zehazteko", beti ere, Arartekoak akordio hauek Parlamentuari jakinarazi behar dizkiolarik, honek onartu eta publika ditzan, bere kasuan, Euskadiko Aldizkari Ofizialean (36.2 eta 3 artikulua).

Bi erakundeei galdatzen zaien lankidetza testuinguruan Herriaren Defendatzailearen Erakundearen eta Erkidego Autonomoetan antzeko figuren arteko Harremanak arautzen dituen 36/1985, azaroak 6ko Legeak lehengoari Euskadin kokatzen diren Estatuko Administrazio Publikoen organoen jarduera ikuskatzeko behar duenean Arartekoari laguntza eskatzeko aukera aurreikusten du. Gainera, Herriaren defendatzaileak Estatuko Administrazio publikoko organoen jardueraren inguruan euskal herritarrek Arartekoari aurkezten dizkioten kexak jasoko ditu, Arartekoari haien emaitzen berri eman diezaiokelarik. Era berean, AESAL-ak Arartekoari Herriaren Defendatzailearengana motibatuz jotzeko aukera aintzatesten dio, inkonstituzionaltasun edo babes helegitea tarteratzeko eskatuz. Baita ere eska diezaioke Estatuko Administrazio Publikoko organoei ebazpenak zuzentzeko Euskal Administrazio Publikoaren hutsuneak Estatuko Administrazioaren funtzionamendu akatsek edo Estatuko eskuduntzako arauek sortzen badute (37 artikulua).