Euskal Autonomia Erkidego autogobernua eskuratu zuen Espainiako Konstituzioaren bigarren xedapen gehigarriari eta 151.2 artikuluari jarraiki: Autonomia eskuratzeko aukera horri dagokionez, Konstituzioan oinarrizko diseinu instituzionala ezartzen zen. Bertan, 152. artikuluan honakoa ezartzen zen:
"Legebiltzarra, sufragio unibertsalez hautatua, hartarako ordezkaritza-sistema proportzional bat ezarriko delarik, eta orobat ziurtatuko lurraldearen zona guztiak ordezkaturik egotea".
Eusko Legebiltzarra izango da, horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren organo legegilea, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuan barneratzen dena. Autonomia Estatutuko 24. artikuluan, lehen atalean honakoa adierazten da:
"Euskal Herriaren botereak Biltzarra, Gobernu eta bere Lehendakariaren bidez mamituko dira".
Bestalde, aipatutako arauaren II. tituluko lehen kapituluan Autonomia Erkidegoaren botere horri dagozkion oinarrizko alderdiak arautzen dira:
- Zein funtzio dituen adierazten da
- Lurralde Historiko bakoitzak Ganberan ordezkari kopuru bera izango dituela adierazten da
- Legealdiaren iraupena ezartzen da (lau urte)
- Egoitzaren eta legebiltzarkideen bortxaezintasuna adierazten da
- Honako organoak aurreikusten dira: presidentetza, Mahaia eta Diputazio Iraunkorra; era berean, Ganberak batzar eta batzordetan jardungo duela adierazten da
- Ganberaren barne-araudia ezartzen da, gehiengo osoz onartuko dena
- Legebiltzarraren aurrekontu-autonomiaren printzipioa ezartzen da
- Legegintzako ekimenei eta legeen aldarrikapenari dagozkion alderdiak adierazten dira
- Legebiltzarraren bestelako funtzioak ezartzen dira: Euskal Herriko senatari-ordezkariak izendatzea, Estatuko Gobernuari lege-proiektu bat hartzeko eskatzea edo Kongresuko Mahaira lege-proposamen bat helaraztea; halaber, lege izaera duten arauen aurkako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa ezartzea.