Kontzeptua

Arartekoa

Ombudsman-aren arrakasta eta eragina, batez ere, erakundea osatzen duen pertsonari gizarteak aintzatesten dion autoritatearen, bere lanarekin lortzen duen izen onaren, menpe daude. Horregatik da hain garrantzitsua bere izendapena eta kargu-uztea eta herritarren eta kontrolatutako Administrazio Publikoen inguruan egozten zaizkion funtzioak babesteko bateraezintasun eraentza bat arautzea. Era berean, euskal herriaren defendatzailearen estatutu juridikoaren elementu garrantzitsu dira, bere funtzioen egikaritzan aintzatesten zaizkion bermeak.

Euskal Parlamentuaren goi komisionatua den heinean, hark izendatzen du Arartekoa. Nahiz eta AESAL-en 2 artikuluak haren izendapena Euskal Parlamentuko Erregelamenduak zehazten duenaren arabera egingo dela xeda, honek ez du gai honi buruz deuz esaten, autonomiako Legebiltzarra pertsonak aukeratzeko erregelamenduko xedapen orokorrak jarraituz arituko delarik. Edonola ere, eta beste ordenamendu juridikoetan gertatzen denaren antzera, izendapenak Parlamentuko kideen hiru bosteneko gehiengo kualifikatu bat galdatzen du. Gehiengo hau lortzen ez bada, ondoz-ondoko proposamenen aurkezpena aurreikusten da, lortu arte, hilabeteko epean.

Arartekoa euskal izaera politikoa dutenen artean, hau da, Euskal Erkidego Autonomoa osatzen duen edozein udalerriko auzotartasun administratiboa (EEAE-ren 7.1 artikulua) duten eta eskubide zibil eta politikoen egikaritza osoa duten pertsonen artean aukeratzen da.

Euskal Parlamentuko Presidentea da euskal herriaren defendatzailea izendatzen duena, izendapen hau Euskadiko Aldizkari Ofizialean publikatuz eta bere karguaren edukitza Parlamentuko Osoko bilkuraren aurrean hartuz, bere funtzioa leialki beteko duela zin edo promesa eginez.

Erakundea inpartzialtasunez janzteko, Parlamentuko jazoerez bereizteko, Arartekoarentzat 5 urteko agintaldia aurreikusten da, denbora bererako beste behin berrautatua izateko aukerarekin. Bere ondorengoa izendatu arte funtzioetan mantentzen da, baina gehienez bere agintaldia bukatu eta 6 hilabetetako epean.

Arartekoak bere kargua uzten du, (1) honi uko egiteagatik, Parlamentuko Mahaiari jakinerazten zaionetik ondoreak dituelarik; (2) izendatua izan zen epearen agortzeagatik; (3) heriotza edo etorritako ezgaitasunagatik, azken hau Ganbarako kideen hiru bostenak adostua izan behar duelarik; (4) Parlamentuak kargutik kentzeagatik, honetan arduragabekeriaz aritu izanagatik, horretarako Parlamentuko kideen hiru bostena behar delarik, Arartekoa bera eztabaidan bere kudeaketaren defentsan aritu daitekelarik; (5) sententzia irmo bidez doluzko delitu bategatik kondenatua izateagatik; (6) etorritako bateraezintasunagatik edo euskal izaera politikoa edo eskubide zibil eta politikoen egikaritza osoa galtzeagatik (AESAL-en 7 artikulua).

Aipatutako edozein karigatik Arartekoak kargua utzita, Euskal Parlamentuko Presidenteak kargua utzik dagoela adieraziko du, berau Euskadiko Aldizkari Ofizialean publikatuz eta gehienez hilabeteko epean ombudsman berri baten izendapenerako prozedura hasiz.

Herriaren defendatzailea, bere jatorritik, erakunde inpartzial eta neutral moduan eratu da, ordenamendu juridiko desberdinek ombudsman-a esklusiboki bere karguan jardun behar dela arautuz, horrela interes politiko edo partikularrekin kutxatzea ekidituz. Ildo honetatik, AESAL-ek Ararteko kargua ondorengoekin bateraezina dela xedatzen du: (1) aukeraketa popularreko ordezkapen manamendu edo izendapen askeko kargu politiko oro; (2) alderdi politikoan, sindikatuan edo empresari antolakuntzan afiliazioa; (3) edozein elkarte edo fundazioan zuzendaritza funtzioak egitea; (4) edozein Administrazio Publikoan zerbitzu aktiboan egotea; (5) epaile edo fiskal karreraren egikaritzea eta (6) edozein jarduera profesional, liberal, merkataritza jarduera edo lan jarduera. Era berean, baita ere debekatzen zaio (7) propaganda politikoko edozein egintza egitea.

Bere kargua hartu aurretik, eta izendapenaren ondorengo hurrengo 10 egunetan, Arartekoak berau eragin dezakeen edozein bateraezintasun egoera utzi behar du (AESAL-en 6 artikulua).

Bere funtzioen egikaritzan independentzia eta askatasuna babesteko, Arartekoari, gainerako Autonomia Erkidegoetako herriaren defendatzaileei bezala, bere kargua egikaritzen duen bitartean, Autonomia Estatutuak bere Legebiltzarreko kideei aintzatesten dien inbiolabilitate eta inmunitate bermeak aintzatesten zaizkio. Aintzatespen hau ez du AESAL-ek egiten -ez duelako gai hori arautzeko eskuduntzarik, gaia prozesala delako, eta beraz, esklusiboki estatuarena (EK-ren 149.1.6 artikulua)-, 36/1985 Herriaren Defendatzailearen Erakundearen eta Erkidego Autonomoetako antzeko erakundeen arteko harremanak arautzen dituen, azaroak 6ko, legeak baino. Era berean, ombudsman autonomikoei, parlamentuko komisionatu diren heinean, fuero berezi bat egozten zaie: kasuan kasuko Justizia Auzitegi Nagusia izango da beraiei dagozkien kausak ezagutuko dituena.

Aipatutako 35/1985 Legeak, defendatzaile autonomiko guztiei baita beren korrespondentzia eta komunikazioen inbiolabilitatea aintzatesten die ere.