EK-ren 147.2 c) artikuluaren magalean ("Autonomia Estatutuek jaso beharko dituzte: (...) erakunde autonomo propioen izendapena, antolaketa eta egoitza"), Euskal Erkidego Autonomoko Estatutuak (aurrerantzean, EEAE) lurralde honetarako Arartekoaren erakundea sortu zuen. Zehazki, bere 15. artikuluak Euskal Erkidego Autonomoari bere Parlamentuaren Lege bidez eta Espainiako Herriaren Defendatzailearen erakundea errespetatuz, honen "antzeko organo bat" sortzeko eta antolatzeko ahalmena aintzatesten dio. Aipatutako arauak euskal ombudsman-a Espainiako defendatzailearekin -EK-ren 54 artikuluan aurreikusia- koordinatuz arituko dela eta EK-ak hari aintzatesten dizkion funtzioak eta "Euskal Parlamentuak agindutako beste edozein" izango dituela gehitzen du. Beraz, manu honek Arartekoaren oinarrien eraketan Estatuko inspirazioa argi erakusten du: Espainiar Konstituziora egindako igorketa orokor batean estatuko defendatzailearen "antzeko organo" bat aurreikusten da, berariaz bien arteko koordinazioa galdatuz, hartara bereziki bialketa bat eginez Arartekoaren funtzioak zehazteko -Euskal Parlamentuak agindutakoaz gain-.
Sarrera honen azken lerroetan aztertuko dugun Espainiako Herriaren Defendatzailearen eta Arartekoaren arteko harremana alde batera eginez, EEAE-n 15 artikuluak lehenengoa Espainiar Konstituzioan nola eratuta dagoen ikustea galdatzen digu. Azken honek (54. artikuluan) erakundea Gorte Nagusien Goi Komisionatu gisa marrazten du, haiek oinarrizko eskubideak defendatzeko izendatua eta Administrazioaren jarduera gainbegiratzearen arduradun, bere jardueraren kontu Gorte Nagusiei eman behar dielarik.
Esandakoarekin bat, Arartekoaren erakundea sortu eta arautzen duen 3/1985, otsailak 27ko legeak (AESAL akronimoarekin), euskal ombudsman-a oinarrizko eskubideen defentsarako euskal parlamentuaren goi komisionatu gisa eratzen du, funtzio nagusi gisa "herritarrak Euskal Administrazio Publikoaren aginte eta botere abusuen eta arduragabekeriaren aurrean" babestea egotziz (AESAL-ren 1 artikulua). Beraz, herritarrak egokiro eta legearekin bat administratuak izateko duten eskubidea babestera deitutako erakundea da. Bere arauketan bere autonomia azpimarratzen da: Euskal Autonomia Estatutuak zuzenean araututako erakunde publikoa da eta kontrolatzen dituen Administrazio publikoetatik independientea, jarraibideak bakarrik Legebiltzarretik jasotzen dituelarik (beranduago azalduko dugu, Arartekoaren eta Euskal Parlamentuaren arteko harremana aztertzean, jarraibide hauek orokorrak direla, bere jarduera arruntean eraginik ez dutelarik). Era berean, bere funtzioak egikaritzeko askatasuna aintzatesten zaio, beti ere Legearekin bat, eta Espainiako Herriaren Defendatzailearekin koordinazioan.
Bereziki kontutan izan behar dugu gure ordenamendu juridikoan Arartekoak daukan ezaugarri bat: epaileak edo Betearazlearen edo Legebiltzarraren kideak ez bezala, ez da agintaria, hau da, ez dauka auctoritas-ik herritarrek aurkezten dizkioten kexak ebazteko edo bere erabakiak edo gomendioak derrigorrez ezartzeko; pertsuazio edo iritzi magistratura bat da, Autonomia Estatutuan aurreikusita egoteak eta Euskal Legebiltzarrarekin duen harreman pribilegiatuak (ikusiko dugunez, Administrazio batekiko Euskal Parlamentuaren kontrol jarduera susta dezake) ematen dion garrantzia duelarik. Zentzu honetan, AESAL-a eztabaidaezina da Arartekoak Euskal Administrazio Publikoaren "egintzak, baliogatzeko, ezeztatzeko edo aldatzeko eskuduntzarik ez du"-ela berariaz adierazten duenean.
Gure lurraldean ombudsman-aren eraketa ulertu ahal izateko garrantzitsua da bere ikuskaketaren edo kontrolaren objetua, euskal Administrazio Publikoa alegia, nola ulertzen den adieraztea. Arartekoaren jarduteko eremua arautzen duenean AESAL-ren 9 artikuluak dioenez, euskal Administrazio Publikoa zentzu zabalean ulertu behar dugu. Berau osatzen dute, (1) Euskadiko Erkidego Autonomoaren Administrazio Komuna, bere Administrazio periferikoa barne; (2) Lurralde Historikoen Administrazioa; (3) udal Administrazioa; (4) aipatutako hiruretako edozeinen menpeko organismo autonomo, sozietate publikoak eta bestelako entitateak; (5) emakida administratiboa bitarteko, pertsona fisikoek edo juridikoek kudeatutako zerbitzuak, eta (6) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzako materian, edozein kontrol edo babes administratibo baten menpe, zerbitzu publiko bat jarduten duen edozein organismo edo entitate, pertsona juridiko edo pribatu.
Beste Erkidego Autonomoetan gertatzen ez den bezala, Euskadin historikoki ombudsman-aren funtzioak bete izan dituen erakunderik izan ez denez, eta pareko erakunde frantsezaren ildotik (Médiateur), Autonomia Estatutuaren ixilitasunaren aurrean, euskara erabiliz, AESAL-ak euskal herriko defendatzailea "Ararteko" deitu du. Hitz honek euskeraz bitartekari esan nahi du.
Arartekoaren eraketaren eraentza juridikoa ixten du, EEAE-en 15 artikulua garatuz, Arartekoaren Erakundearen antolaketa eta funtzionamendu Erregelamenduak (Euskadiko Aldizkari Ofizialaren 258 zenbakia, 1990ko abenduak 29koa). Azken hau Arartekoak berak eman zuen AESAL-en Bigarren Xedapen Gehigarriaren aplikaziopean.
