Kontzeptua

Arartekoa

Ahots honen lehenengo lerroetan Arartekoa herritarren eta Administrazio Publikoen artean gatazkak ebazteko jurisdikzioz kanpoko tresna gisa aurkezten genuen. Honen inguruan, AESAL-ek xedatzen du Arartekoak beharko duela "erdietsi, eskudunak diren organo eta zerbitzuekin lankidetzan, herritarren interes legitimoen defentsan konponbiderik egokienak eta organo administratiboak objetibitate, eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio, deskonzentrazio, koordinazio eta Legeari eta Zuzenbideari menerapena printzipioetara egokitzea" (12 c) artikulua). Ildo beretik, AESAL-ek Administrazio Publikoek "burututako egintzak edo jokabideak argitzeko ikerketa bat hasi eta praktikatzeko" ahalmena aintzatesten dio. Horrela argi geratzen da herritarren eta Administrazioaren arteko gatazkak ebatzi nahi direla, azkenak bere funtzioa era eraginkorrean bete ahal dezan. Aipatutakoak Arartekoari euskaldunen oinarrizko eskubideak bermatzeko bere funtzio nagusia betetzeko aintzatesten zaizkion ahalmenak dira, herritarrak Euskal Administrazio Publikoaren aginte eta botere abusuez eta arduragabekeriez babestuz (AESAL-en 1 artikulua). Hala ere, lege aintzatespen honen gainetik, ezin dezakegu Arartekoa, bere osotasunean eta espirituan, bere funtzio guztien egikaritzan, gatazkak ebazteko eta ekiditzeko mekanismo informala dela besterik defendatu, herritarren bizitza kalitatea hobetzea baino bilatzen ez baitu, gatazkak ebatziz edo herritarren eskubideak bermatzea xede duten lege edo portaera administratiboen aldaketak proposatuz.

Argi gera bedi, honen inguruan, gatazkak ebazteaz edo sahiesteaz mintza garenean, ez garela Arartekoaren jarduera inposatzaile batetaz mintza. Are gehiago, AESAL-ek bere Zioen Azalpenean dioenez, "bere jarduera (...) Ebazpenak eta gomendioak zuzentzera eta Txostenetan bere ikerketen emaitza azaltzera abiatuko da". Horregatik, aurrerago esaten genuen bezala, pertsuazio edo iritzi magistratura deitzen zaio, Autonomia Estatutuan aurreikusita egoteak eta Euskadiko Parlamentuarekin daukan harreman pribilegiatuak ematen dion boterea baitu.

Mementu honetan beharrezkoa da azpimarratzea Arartekoak ezin dituela ezagutu Justizia Administrazioaren inguruan herritarren kexak. Jasotzekotan, Ministerio Fiskalari igorri behar dizkio honek ikertu eta neurri egokiak har ditzan edo Epai Boterearen Kontseilu Orokorrari igor diezazkion (AESAL-en 9.2 artikulua Espainiako Herriaren Defendatzailearen 3/1981, apirilak 6ko, Lege Organikoaren (aurrerantzean HDLO) 13 artikuluarekin osatuz). Aukera hau debekatuta dute baita gainerako Erkidego Autonomoetako ombudsman-ek ere. HDLO-ak ezarritako eredua jarraitzen dute honen inguruan, eredu hau jatorrizko suediar eredutik aldentzen delarik, hartan ombudsman-ak Auzitegien funtzionamendua ere begiratzen baitu. Zalantza gabe, Estatuko eta Erkidego Autonomoetako Legelarien hautaketak, epaileen independentzia babestu nahi du, gure ordenamenduan epaileen ezinbesteko ezaugarri baita (EK-ren 117 artikulua), horrela Epai Boterearen kanpoko edozein kontrol baztertuz, honen jarduera bakarrik epaileen beraien (beroietara joan beharko da beroiei erantzunkizun zibila edo penala galdatzeko) edo bere Gobernu organoen (bereziki, Epai Boterearen Kontseilu Orokorraren eta Epai Boterearen gainerako Gobernu organoen diziplinazko ahalmenak) ikuskaketaren menpe geratuz.

Ildo beretik, Arartekoa arautzen duen legeak sententzia irmoz erabaki diren edo ebazpen judizialaren zain dauden kexak hark ezin aztertu ditzakela xedatzen du. Are gehiago, behin bere jarduera hasita, interesatutako herritarrak Auzitegien aurrean demanda edo helegitea tarteratzen badu, esekitu egin beharko du. Ez da debekatuta daukan kontu bakarra: ezin dezake ikuskatu hertsiki administratiboa ez den Parlamentuaren eta Gobernuaren jarduerarik, ezta Batzorde Arbitralen funtzionamendua ere. Ez dauka ezta ere Administrazio Publikoaren egintzak deuseztatzeko, ezeztatzeko edo aldatzeko eskuduntzarik.

Zentzuzkoa denez, Arartekoak ezin du ezta ere herritarren arteko gatazkarik ezagutu.

Bere eskuduntzetara bueltatuz, beharrezkoa da azpimarratzea euskal ombudsman-ak euskal Administrazio Publikoen egintza eta ebazpen eta ez-egiteen ingurukoak ezagutu ditzakela.

Zehazki, herritar bati edo herritar talde bati eragiten dien euskal Administrazio Publikoa osatzen duten entitateek egindako egintzak edo jokabideak argitzeko ikerketak hasteko eta praktikatzeko boterea aintzatesten zaio. Honen inguruan, organo administratibo eskudunei, funtzionarioei edo beren nagusiei ebazpenak igorri edo betebehar legalak oroitarazi diezazkieke, legez kontrako egintzak edo bidegabekoak konpontzeko edo zuzentzeko edo Administrazioaren zerbitzuak hobetzea lortzeko.

Era berean, legeriaren hutsuneak adieraz ditzake, euskal Administrazio Publikoa osatzen duen edozein erakunde, entitate edo organismori ebazpenak eginez, jarduera administratiboa eta zerbitzu publikoak beharrezko objetibotasunez eta eraginkortasunez jazteko herritarren eskubideen bermerako.

Baita ere, eta Administrazio Publikoaren edozein erakunde, entitate edo organismoren eskariz, euskal ombudsman-ak bere eskuduntzako gaietan txostenak eman behar ditu.

Azkenik, Arartekoak bere eskuetan dituen bide guztien bidez, eta bereziki, komunikazio bide publikoen bitartez, bere lanaren izaera, bere ikerketak eta urteko bere Txostena zabal ditzake (AESAL-en 11 artikulua). Arartekoaren azken ahalmen hau, egun, batez ere, bere web orriaren bitatez garatzen da.

Argi geratzen da Arartekoak ahalmen hauek -era berean, bere funtzio direnak- egikaritzen dituenean, herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko etorkizuneko gatazkak ekiditzen ari dela. Horregatik gatazkak ebazteko jurisdikzioz kanpoko mekanismo edo mekanismo informal bat dela esaten dugu. Are gehiago, aipatutako eginkizunak burutzeko Arartekoa baliabide informal eta eraginkorrekin aritu behar da. Horretarako, (1) herritarren eta Administrazioaren arteko gatazka zehatzak ebazteko ahalmenaz gain, (2) euskal Administrazio publikoko edozein zerbitzu edo saili ikuskatze bisitak egiteko ahalmena aintzatesten zaio, dokumentuak aztertuz, organoak, funtzionarioak edo langileak entzunez eta egoki deritzon informazioa haiei eskatuz. Era berean, (3) egoki deritzon ikerketa guztiak egin ditzake, beti ere herritarren eskubide eta interes zilegiekin eta ikuskatuko entitateenekin talka egiten ez badute. Horretaz gain, (4) ikertzen ari den gaiaren inguruan informazioa eman dezakeen Administrazio Publikoaren edozein funtzionari edo langile zitazio bitartez bere aurrean ager dadin eskatzeko boterea aintzatesten zaio. Honekin loturik, Arartekoaren aurrekontuan sail bat dago partikularrei sortarazitako gastuak edo kalte materialak ordaintzeko.

Euskal herriaren defendatzaileak dituen ikerketa ahalmenen inguruan, beharrezkoa da zehaztatzea, indarrean dagoen legediarekin bat, arau orokor gisa, mota orotako dokumentuetara sarbidea daukala, beraietako bat ixilpeko ofizial kalifikatzeak eragozten ez duelarik. Salbuespenez, Gobernuak berariazko akordio bidez Arartekoari ixilpeko ofizial bezala kalifikatutako dokumentu batera sarbidea uka diezaioke, nahiz eta hark, ikerketa ondo burutzeko aipatutako dokumentuaren ezagutza oinarrizkoa dela uste badu, dagokion Parlamentuko Batzordearen ezagutzan jar dezakeen Gobernuaren erabakia (AESAL-en 15 artikulua).

Laburbilduz, euskal herriaren defendatzailea "Administrazioaren lankide kritikoa" da (AESAL-en Zioen Azalpenetik hitzez-hitz), haren eta herritarren artean gatazkak ebazteaz eta sahiesteaz arduratzen delarik, autonomia funtzionalarekin arituz eta guztion ongizatea erdietsiz.