Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Rodrigoren aurkikuntza zeruko seinaletzat hartu zela ez dago zalantzarik. Oñatin aurkikuntzaren berri eman zuen Rodrigok. Artzainaren atzetik kleroko eta herriko jende asko hurbildu zen, eta imajina santuarentzat ermita bat eraikitzea erabaki zuten. Berehala, eskualdean notiziaren berri izan zuten eta erromesak heltzen hasi ziren. Juana Arriaran emakumea alargundu eta gero Oñatiko Andra Mariako ermitan zerbitzatzen zuen eta Arantzazura heldu zen imajina berria zaintzeko. Arantzazuko oinarriak jarri zituen lehen andre honen nortasun historikoa argi dago. Iturriek Errege Katolikoek asko estimatzen zutela diote, noizbait gortera deitu zutela. Joana Arriaranek seme bat zuen, Pedro Arriaran izenekoa. Hura mesedetako erlijiosoa zen Burtzeñan (Bizkaia), eta haren bitartez ordena horretako erlijiosoak Arantzazura iristen hasi ziren. 1493. urte inguruan heldu ziren eta Gipuzkoako gizonezko erlijiosoen lehendabiziko elkartea sortu zuten. Anaia Pedro, Joanaren semea, fraide-burua zen. Baina elkarteak gutxi iraun zuen. Leku babesgabea eta hotza zelako, edo eraikin egokirik ez zegoelako, edo, Mesedeetako Kronikek zioten bezala - eta egia omen da -, Arantzazun ordurako imajina zaintzen zuten moja batzuk zeudelako, mesedetako ordenakoek beren jatorrizko komentuetara, Burtzeñara eta Colindresera, itzuli ziren.

Baina mesedetakoek Arantzazu utzi zutenean, ezusteko eta ezohiko zerbait gertatu zen. Anaia Pedro Arriaranek, Joanaren semeak, ez zuen Arantzazu utzi nahi izan eta "tertzeroi" frantziskotarren etxe bateko sortzaile eta fraide-buru izendatu zuen bere burua. Garibaik izen hori ematen die. Ez dago batere argi elkarte hura nola sortu zen eta bere izaera juridikoa eta kanonikoa zein izan zen. Geroago, Arantzazuko "tertzeroi" frantziskotarrak domingotar bihurtu ziren, baina frantziskotarren ordenak etxearen gaineko eskubidea eskatu zuen orduan. Auzia Rota Erromatarrak konpondu zuen frantziskotarrei arrazoia emanez. Ondoren, Arantzazun denbora gutxian bata bestearen atzetik lau orden edo kongregazio egon ziren: mesedetakoak, "tertzeroi" frantziskotarrak, domingotarrak eta dokumentu batzuetan - Joana Eroaren eskutitz bat barne - jeronimotarrak aipatzen dituzte. Garibaik, berriz, ez ditu azken hauek aipatzen. Aita Azkonak jakitera emandako dokumentu batean Fernando Katolikoak aita santuak Arantzazuri barkamen osoa ematea lortzeko lan egin zuela esaten da.

Mesedetakoak heldu zirenerako, Arantzazuko Ama Birjinaren debozioaren gorakada ekarri zuen obra eginda zegoela esan beharra dago. Agerkundearen lekura heltzea ez zenez batere erraza, inguruko bi hiribildurik handienak, Oñatik eta Arrasatek, kofradia bat sortzea eta bertara iristeko bidea egitea adostu zuten. Garibairen esanetan Arrasateko benakeroak, "haitzak txikitzen jaioak zirenak", "hiribildu bereko tenazeroen, altzairuak lantzen zutenen laguntzarekin" (Itzulpen moldatua gazteleratik) eta Oñatiko jendearen laguntzarekin, izan ziren balentria hau egin zutenak. Galtzada zahar hau oraindik ere egoera onean dago. Oñatitik Arrikruzeraino Kalagorri izenez ezagutzen zen galtzadarekin bat egiten zuen. Arrikruzen galtzadatik banandu egiten zen, mendian zehar ibilbide eroan gora eta behera eginez. Galtzada hau azken mendeetan Arantzazura heltzeko erabili den bide nagusia da, baina santutegira oinez hurbildu ahal izateko beste bide batzuk egon badaude, Elgeako mendilerrotik edo Burdinkruzetik, Urbiatik, Arri-urdinetik eta abarretik. Arantzazuko eskualdean "erromesbide" (= erromesaren bidea) izena jaso duten bide ugari daude.

LVC