Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Frantziskotar Obserbanteak heldu eta berrogei urtera, 1553ko abenduaren 26an, sute bortitz batek komentu osoa suntsitu zuen. Eliza izan zen sutetik salbatu zen bakarra. Aita Jesuitek kontserbatu duten korrespondentzia interesgarriari esker, sute honi buruzko lehen eskuko datu originalak ditugu, Garibairen obra baino lehenagokoak. Garai hartan Jesuitek etxea zuten Arantzazun eta hiribilduko unibertsitateko irakasleak ziren. Lagundiko sortzaile santua Erroman bizi zen. Arantzazun gertatutako katastrofea ikusita Kantabriako Frantziskotarren Aita Probintzialak, Oñatiko Udalari eta Lagundizko Aitei kasua helarazi ostean, Erromari jubileua edo induljentzia eskatzea aproposena zela pentsatu zuen. Horrela fededunak ezbeharrak jo zuen komentuko berreraikuntzan laguntzeko estimulatu nahi zituen. Helburu horrekin San Inaziori idatzi zioten induljentzia lortzeko eta aita santuaren inguruan gertaerari buruzko interesa ager zezala eskatuz. Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresuan Galdos Aita Probintzialak alde batak zein besteak bidalitako eskutitzak publikatu zituen. Lehendabizikoa Oñatiko Udaletxearena da. Honetan suteak eragindako "neurriz gaineko kaltea sinesmen handiarekin bertara jotzen zuten euskaldun guztientzat" suposatzen duena haztatzen da. "Tokiko laztasuna dela eta berreraikitzeko laguntza handia behar da -dio-. Kontuan izanda berreraikuntza "probintzia horietako arimak salbatzeko" (Itzulpen moldatua gazteleratik) laguntza handikoa izango dela, San Inaziori "hain elizkoia den etxe honek lortu nahi duen jubileu santua eskuratzen" (Itzulpen moldatua gazteleratik) laguntzeko aita santuarekin bitartekotza lanak egin dezan eskatzen zaio. San Inazioren bi eskutitz ezagutzen dira. Lehendabizikoan, santuak bertako debozioa handia dela eta Jauna aski zerbitzatzen dutela dakiela dio. Arantzazun egon dela dio baita ere, "eliza horren gorputzean gauean otoiztu duela" eta "bere ariman zenbait onura lortu dituela" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Ez du ematen jubileua lortu zutenik. Baina hain handia izan zen sortutako eskuzabaltasuna eta berotasuna, hain ugariak eta oparoak limosnak, denbora gutxian aurreko eraikina baino hobeagoa eta handiagoa zen beste bat egin zutela. Kapera zahar ospetsu hau txikia eta urria zen. Horrela, 1600. urte inguruan kapera handiagoa eraikitzen hasi ziren eta 1621ean imajina kapera berrira eraman zuten. Gertaera garrantzitsu hura handitasunez ospatu zuten. Baina hurrengo urtean, 1622ko uztailaren 14an, sute berria eman zen, oso suntsitzailea. Ordu gutxiren buruan dena txikitu zuen. Ama Birjinaren imajina Santutxoko Gurutz tokiko ermitara eraman eta bi egunez gurtu zuten. Baina Arantzazun gertatzen ziren ezbeharrak sinesmenaren eta herri fidelaren eskuzabaltasunaren pizgarri izan ziren. Sutetik zortzi egun baino ez ziren pasa nagusiek komentua berreraikitzea erabaki zutenean. Baita aurrekoan baino perfekzio handiagoarekin eraiki ere. Gamarrak bere "Historia" (1648) idatzi zuen urteetan santutegiak bi kapera zituen. Irudia behekoan gordetzen zuten. Aldareek Gregorio Hernandezen imajina ederrak zituzten eta zilarrezko lanpara ugari zeuden. Bigarren sutetik berrehun urte pasata, hirugarrena piztu zen, ondorio lazgarrienak izan zituena. 1834ko abuztuaren 18an izan zen, guda zibilean. Rodilen aginduak betez batailoi bat igo zen Arantzazura, santutegia erretzeko. Erlijiosoei baimena eman zieten irudia eta objektu preziatuak ateratzeko. Dena agindutakoaren arabera egin zuten. Suak dena hartu zuen. Dorrea izan zen aurrien gainean zutik geratu zen bakarra. Ama Birjinaren irudia Oñatira jaitsi zuten. Erlijiosoak, berriz, sakabanatu zituzten. Mendizabalen gobernuak erlijiosoen desamortizazioa eta esklaustrazioa agindu zuen. Gauzak horrela, denbora luzez Arantzazuk abandonua, bakardadea eta aiurriak ezagutu zituen.

LVC