Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Ez da batere zaila gaztelaniazko literaturan Arantzazuren arrastoa aurkitzea, 1651an jaiotako jatorri euskalduneko Joana Ines de la Cruz moja eta olerkari mexikarretik hasita, eta Mexikon ere lanak argitaratu zituzten "Paraninfo Celeste" idatzi zuen Luzuriagarekin eta Arlegirekin jarraituz. XIX. eta XX. mendeetan gure santutegia aipatu zuten idazleen artean Mañé y Flaquer, Polo y Peyrolón, Salaberria, Unamuno eta Palacio Valdes daude, besteak beste. Euskal literaturan Arantzazuren presentzia are handiagoa da. Oraindik behar bezala baloratu eta aztertu ez den Arantzazuko Ama Birjinari eskainitako erromantze herrikoi aberatsa dago. Pello Errota, Imaz Alzo eta Felipe Arrese Beitia bezalako bertsolari eta poeta ospetsuek, Arantzazu behin eta berriro izan dute mintzagai. XVIII. mendean lapurtar anonimo batek "Aranzazuco Misterioa" idatzi zuen hitz neurtitzetan. XVII. mendean lapurtarrak Arantzazura erromes etortzen zirela gogoratzea komeni da. Ondoren, Frantzia eta Espainia arteko gudak zirela eta, hona etorri ezin zirenez, Ainhoan "Arantzeko Ama Birjina, Ntra. Sra. del Espino" izeneko kapera eraiki zuten. Azkenaldikoak dira Zapirainen "Chanton Piperri" opera, Azkueren "Ardi Galdua" eleberria eta Txomin Agirreren "Garoa". Azken eleberri famatu honen kontakizuna Uribarri auzoan garatzen da, Rodrigo de Balzategi artzainaren etxean bertan. 1949an Aita Salbatore Mitxelenak "Poema de la Fe Vasca Arantzazu. Euskal Sinismenaren Poema" edo "Arantzazu. Poema de la Fe Vasca" olerki ikaragarria publikatu zuen, eta bi urte geroago. "Ama-Semeak Arantzazuko kondairan" edo "La Madre y los hijos en la historia de Arantzazu" prosan. 1961ean Aita Bitoriano Gandiagak, santutegiko erlijiosoak, beste poema bat argitaratu zuen, "Elorri". Aita Pedro Anasagastik gazteleraz idatzitako hitzaurrea du. Hark ere Arantzazuri buruz gazteleraz hainbat liburu idatzi ditu.

LVC