Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

2002. urtetik aurrera Arantzazu gunea suspertzeko proiektu berritzailea burutu da; apaiztegi zaharra birgaitu eta santutegia guztiz zaharberritu zen. 190 milioi euro inguruko inbertsioarekin egin zen dena. Apaiztegi zaharreko eraispen partzialak basilikako zabalgunea naturari irekitzea ahalbidetu zuen. Aisialdi gune eta elkargune berria sortu zen. Egindako lanen elementu garrantzitsu bat zirkuluerdi-formako karrerape estalia da. Hiru metroko altuera dauka eta basilikako sarreraren inguruan eraiki zen, santutegia aparkalekutik banantzeko. Jorge Oteizaren "Apostoluak" eskultura taldeari ataria jarri zioten horrela. Gune berrian turismo bulegoa, zerbitzu publikoak eta enparantzaren azpian dauden hiru nabeetarako sarbidea daude. Goialdea behatoki, atsedena hartzeko leku eta kultura-etxerako sarbide bezala erabiltzen da. Oinezkoentzako enparantza berriaren inguruan atsedena hartzeko berdegune berria atondu da, Gogo-jardunen Etxearen alboan. Eraikin honen presentzia gutxitu nahi izan da, zuhaitz berriek zementuzko eta harrizko plazari naturaren ukitua ematen baitiote.

2005eko ekainean, Bittoriano Gandiaga Topagunea izeneko kultura-etxea inauguratu zen, berritze lanen eraikinik ikusgarriena; bolumen kubiko batzuk bata bestearen gainean altxatzen dira segida bat osatuz. Argi hutsune handiak ditu eta terraza txikiak, mendietako zein santutegiko paisaia ederrak begiztatu ahal izateko. Barnealdean hainbat eginkizunetarako lokalak daude: frontoi txikiak, egun euritsuentzako aterpea, gazteentzako aterpetxea, kongresu-aretoa, batzargela txikiak eta erakusketa iraunkorrak zein mugikorrak egiteko tokiak. Barruko gelek Arantzazuri ospea eman dioten pertsona ezagunen eta artisten izenak dituzte, Villasante, Saenz de Oiza, Oteiza edo Txillida, besteak beste. Berritze lanen helburu nagusiena, Arantzazu Aitzgorriko mendizerrarekin lotzen duen bidexka zaharrera heldu arteko leku publikoetan naturak geroz eta indar handiagoa izatea da, santutegiko inguruetako eraikinak pixkanaka naturarekin bat egiteko. Leku publikoen kate hau basilikaren aurrealdean dauden enparantzetan hasten da, apaiztegi zaharraren aztarnen gaineko zuhaizti horizontalean jarraitzen du, komentuko antzinako ortuaren gainean dagoen natura-parkean zehar egiten du aurrera eta Kristo Santuaren ermitan edo Santutxoan amaitzen da. Ingurune hau bideek, bankuek, deskantsua hartzeko guneek eta landareek edertzen dute.