Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Pablo de Lete jaunak, frantziskotarren probintzialak, 1834ko sutearen ostean eraiki zen eliza txiki geratu zela ikusita, basilika berria eraikitzea erabaki zuen. Eraikin berriaren lehen harria 1950eko irailaren 9an jarri zen, antolatu zuten arkitektura lehiaketa nazionala Javier Saiz Oizak eta Luis Laorgak irabazi ostean. Aurreko eraikinaren parte bat mantendu zen gaurko santutegiko kripta dagoen lekuan. Gainerako parteek lerro modernoak eta ausartak dituzte, eta paisaia malkartsuaren eta basatiaren erdian gorantz hazten diren diamante puntadun hiru dorre nabarmentzen dira. Eraikinaren dekoraziorako hurrengo artistak aukeratu zituzten: Jorge de Oteiza (fatxada) eta Eduardo Chillida (ateak) euskal eskultoreak, Javier de Eulate (beirateak), eta margolanetarako, Carlos Pascual de Lara eta nortasun handia zuen Nestor Basterrechea bermeotarra, horma-margoak, eskulturak, beirateak eta jarduera artistiko industrialak egin dituena eta kalitatezko zinema-zuzendaria dena. Hiru urte eta gero, basilika berria inauguratu zuten (abuztuaren 30ean).

1954an Oteizak "Apostoluen Frisoa" artelan monumentala egiten hasi zen eta Basterretxeak kriptako horma-margoak "Bekatua, bekamena, barkamena eta gloria" (640 m karratu) egiten. Gutxi gorabehera obrak hasi eta urtebetera eten egin zituzten goikoen aginduz. Apostoluak 15 urtetan errepidean egon ziren abandonatuta. Nestor Basterretxearen freskoek zorte okerragoa izan zuten -urtebetean margotutako 11 horma-irudi, lan osoaren % 45a gutxi gorabehera-, artista Madrilen zegoela kareztatu zituztelako. 1962an, nazio mailako lehiaketa baten ondoren, Lucio Muñoz margolari madrildarrak 600 m karratu dituen tenpluko absideko margoak egin zituen. Egileari lanaren zentzuari buruz galdetuta, honakoa erantzun zuen: "nire lana ulertzeko baino sentitzeko egina dago: bertan ez dago inolako estetizismorik ezta hieroglifikorik ere; dena forma naturalekin eta xumeekin naturaren antzera gertatzen da. Inork ez du galdetuko nire lanak zer esan nahi duen, Arantzazuko paisaiek edo mendietako koloreek zer esan nahi duten inork galdetuko ez duen bezala" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Hala ere, Monsinore Bereziartuak 1969. urtera arte, hil baino pixka bat lehenago, ez zion Oteizari lanekin jarraitzeko baimenik eman. Obra Markinako harri grisean zizelkatutako apostoluen 14 irudi bikainek osatzen dute. "Jada esan denez, ziur aski gehiegi dira, baina pertsonek artistikoki zerbait adierazi nahi dutenean, zintzotasunez egin behar dute, itxaropena galdu gabe" dio artistak. 12 m-ko zabalera, 2,70 m-ko garaiera eta 0,90 m-ko lodiera daukate. Goialdean, Kristo etzanaren Pietate tradizionala dago. 2,70 m-ko zabalera, 2,86 m-ko garaiera eta metro bateko irtengunea du: "frisoa hormaren oinean dago. Apostoluak sinbolizatzen ditu, asalduraren eta minaren irudia direlako eta, batez ere, fidelak direlako eta sufritzen, bizitzen eta zain direnen oinetara daudelako" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Oteizaren ustez portada bere osotasunean "herrien hilerri imajinagarri batentzako Euskal Herriaren hileta-horma" (Itzulpen moldatua gazteleratik) deitu daiteke. Lan hau egin eta gero, eskultoreak ospea lortu zuen nazioartean, baina baita desengainu zenbatezinak eta samintasunak ere, onespen ezagatik, baliabide ezagatik, hargin egokien ezagatik eta abarrengatik. Artistak hurrengoa esan zigun: "jakin behar da lana ez dudala bukatu, baina baita jada ez zaidala axola. Inori ez zaio egiten ari nintzena inporta eta nik ere ez dut sinesten lanen betikotasunean, beste zizelkari batzuen aldera; bizi garen ordu behartsu honen testigu izan nahi dut, ez beste. Besteekin adierazten naiz, besteekin egiten naiz edo porrot egiten dut" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Basterretxeak oraindik zorte gutxiago izan zuen. Egindako lanaren zirriborroak kontserbatzen ditu bakarrik eta bere kasuaren berrikuste justuago bat itxaroten ari da. Jakitera eman behar da basilika berriaren lanak 1920. urte inguruan beste estilo batekin abside berria eraikitzeko egiten ari ziren obrek asko erraztu zutela. Obra horiek Pablo Ruiz de Gamiz jaun arabarrak ordaindu zituen. 1963an euskal-nafararkitektoen eskolak, "Juan Manuel Aizpua" saria eman zion eraikinari.

IEZ