Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

1950etik Arantzazun bata bestearen atzetik etenik gabe obra asko egin dituzte. Basilikaren ostean -amaigabea dekorazioaren xehetasun batzuetan-, frontoira, ospakizun-aretora eta ikasleentzako joko-aretora zuzendutako eraikina egin zen. Eraikina beharrezkoa zen, aurreko frontoia errepidea zabaltzeko eta hobetzeko bota behar izan zutelako. Gipuzkoako Diputazio txit gorenak errepidea zabaltzen eta hobetzen jarraitu zuen. Era berean Lan Publikoen ministerioak amildegiaren gainean izugarrizko obra ausarta burutu zuen, santutegiak autoentzako aparkaleku handia izan zezan. Lan hau ezinbestekoa bilakatu zen, lekua oso estua zelako eta geroz eta auto gehiago zeudelako. 1960an, Kantabriako Aita Probintziala, Benito Mendia Fraidea, etorkizuneko frantziskotarrei zuzendutako Apaiztegi berria eraikitzen hasi zen. 400 ikasleri ostatua emateko gaitasuna izango zuen. Behin ikasketak amaituta, fraideak Misioetara -bereziki Amerikara-, Kantabriako Probintziako komentuetara, edo ikasketak burutzera eta aparteko karrerak egitera bidaltzen zituzten. Kantabriako Probintzia Frantziskotarrak lan egiteko lekuak esleituta zituen Kubako, Paraguaiko, Argentinako, Boliviako eta Japoniako hainbat lurraldeetan. Probintziako erlijiosoen % 44ak Espainiatik kanpo lan egiten zuten, Hispanoamerikan batez ere: estatistika-datu hau Probintziak misioen alde egiten zuen esfortzuaren adierazgarririk onena da. Ikastetxe Serafikoko ikasleak 140 ziren guztira, Foruko (Bizkaia) Ikastetxe Serafikoan ikasten zutenak alde batera utzita. Elkarteko Aita batek auzoko baserrietako mutikoei eta neskatoei zuzendutako ikastetxea zuen gainera.

Era berean, Arantzazun 40 pertsona hartzeko gaitasuna zuen Gogo-jardunen Etxea zegoen. Txandetan edozein pertsona motari zuzendutako ariketak egiten zituzten. Behar bezala antolatutako inprenta eta Argitaletxea ere bazeuden. Inprentan erlijioso legoek lan egiten zuten, eta "Aranzazu" -santutegiko organoa zena -, "Misiones Franciscanas" eta "San Antonio de Padua" aldizkariekin batera, publikazio periodikoak, egutegiak eta liburuak inprimatzen zituzten. 1946. urtetik igandeetako eta jaiegunetako meza ospetsua zuzenean ematen zuen Radio San Sebastianek, bereziki gaixoei eskainitako emanaldian.

Santutegiko Ostatu-hotelaz aparte, Arantzazun beste lau ostatu zeuden. Ostatu-hotelaren ardura elkarte bateko lekaimeek zuten. Gogo-jardunen Etxea, berriz, "Azamis" deitutako Arantzazuko Ama Birjinaren misiolariek zaintzen zuten.

LVC