Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Egia esan, nahiz eta esklaustrazioa orokorra izan, Arantzazuko zaindari sekularrek ez zuten inoiz santutegia guztiz abandonatu. Santutegiko kapilauen aginduz, Elkartea eratu gabe, esklaustratutako hainbat erlijioso bizi ziren. 1845ean tenplua berreraikitzen hasi ziren. Eraikin pobrea eta umila egin zuten, egoerak ez zuelako beste ezertarako aukerarik ematen, baina hurrengo urterako amaituta zegoen elizkoien limosnari esker. 1846ko azaroaren 19an irudia Oñatitik Santutegira itzuli zen, hiribilduan hamabi urte egon ostean. Esklaustratuak izan ziren kapilauen artean, hiru pertsonaia gogotsu eta ekintzaile aipatu behar dira: Elias Arregi, Domingo Albeniz eta, batez ere, Aita Jose Esteban Epelde. Bigarrenak, Arantzazuko aurrien artean berehala famatua egin zen pretzeptoria zabaldu zuen. Bertan itzal handiko pertsona batzuk hezi ziren, Aita Lertxundi, Marokon misiolari izandakoa, Aita Arana eta Patricio Orkaiztegi jauna, besteak beste. 1878an Aita Esteban Epeldek gobernuaren baimena lortu zuen Arantzazun Elkartea sortzeko. Horretarako eraikin berria egin zuen, gerora ikastetxe serafikoa izango zena. Aita Epelderi sor diogun beste obra handi bat errepidea da. Herri-harpidetzaz eraiki zen. 1881ean errepidearen inauguraziorako Aita Epeldek elizbarruti osotik erromesaldi handiak nola antolatu pentsatzen hasi zen. Gasteizko apezpikua izan zen erromesaldiei sustapena eta adorea eman zionak. Urte askotan lo egon ostean, iragana berpiztu zen horrela. Aita Epeldek Julian Pastor y Rodriguezi, Oñatiko Unibertsitateko irakasle ikasiari eta elizkoiari, Arantzazuko Ama Birjinari buruzko historia dokumentatua eta kritikoa idaztea agindu zion. Laburbilduz, Aita Epelde irudiaren koroatze kanonikoaren sustatzailea eta 1886an egin ziren ospakizun entzutetsuen arima izan zen.

Arantzazuko Ama Birjina Gipuzkoako zaindaria izatearen ideiari dagokionez, Begoñako Andra Maria Bizkaiko zaindaria izatea lortu zuenetik (1903) airean zegoela esan behar da. Ideiak babesa eta adeitasuna lortu zuen: udaletxeetan sinadurak bildu ziren, Juan Carlos de Guerra heraldista arrasatearrak eskari-idazkia idatzi zuen, Diputazioak babesa eman zion eta Gasteizko apezpiku jaunak Erromara eraman zuen. Erromatik 1918an iritsi zen berridatzita. Urte hartatik aurrera, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna irailaren 9an, eta ez 8an aurretik egin bezala, ospatzen da. Antzinako Kantabriako probintzia frantziskotarrek -hiru probintzia baskongadoak eta Mendia, hau da, Santander eta Burgosekoaren parte bat hartzen zituena- Arantzazuko Ama Birjina bere zaindaritzat onartu zutela esan behar da. 1738. urtean Gasteizen ospatutako kapitulu probintzialean aukeratu zuten zaindari.

LVC