Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Rodrigo artzainak aurkitutako irudia edo ikonoa imajina gotiko ñimiñoa da, adituen ustez XIII. mendekoa edo zertxobait beranduagokoa. Ama Birjina eserita irudikatzen du, umea ezkerreko belaunaren gainean biluzik duela. Ez du 3,6 cm-ko altuera baino gehiago. Amaren giza forma perfektuek bere jarrera hieratiko samarra eztitzen dute. Umearen aurpegiak, berriz, ez du haur batenarekin antzik. Beharbada artistak horrela egin zuen Jaun betierekoa dela adierazteko. Eskualdean dauden Ama Birjinen tailu gehienak egurrez eginda daude. Arantzazukoa, aldiz, harrizkoa da, inguruan ez dagoen harri batekoa, hain zuzen ere.

Aita Lizarraldek Ama Birjinei buruz eta, zehazki, Arantzazukoari buruz zer pentsatzen duen labur dezagun. Bera izan zen irudi zahar hauek hainbeste mimorekin eta nostalgiarekin aztertu zituena. Imajina gurtu zuten belaunaldien ariman sartzen saiatu zen. Andra Mariaren irudiak -Aita Lizarralderen esanetan- Mariaren Amatasun jainkotiarraren eskema dogmatikoak dira. Errege magoen gurtzaren eszena errege magoak kenduta imajina dezakegu. Maria, aldiz, bere semearen erakuslea da. Arantzazukoan kontzeptu gizatiarrago baterantz dagoen eboluzioa ikus dezakegu. XIII. eta XIV. mendeen arteko garaikoa dela dirudi. Anatomikoki inperfektuak diren irudi hauei janzten dizkieten arropek eta eskuek baliabide asko eskaintzen dizkiete. Arantzazukoari XV. mendean Errenazimenduko eraginen arabera ukitu bat eman ziotela dirudi, agerpena baino pixka bat lehenago. Hala ere, ezin da baztertu XV. mendekoa izatea, Errenazimendu hasiberriaren iradokizunekin Andra Mari tradizionalen estilo arkaikoan zizelkatua.

Hainbat mendeetan zehar imajinaren benetako proportzioa eta itxura desitxuratzen zuen neurriz gaineko mantu batekin estalitako irudia gurtu zen. Zehazki ez dakigu noiz jarri zioten mantu hura. Agian XVI. mendean izan zen. Gutxienez 1621etik aurrera jendeari mantu horrekin aurkeztu zaio irudia. 1963. urtetik aurrera, behin gaineko mantua kenduta, benetako itxurarekin aurkeztu da. Imajinarekin batera aurkitu ziren kanpaia eta arantzak ere, Arantzazuko Andra Mariren irudiaren funtsezko elementuak dira.

LVC