Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Arantzazuko ospeari hasiera eman zion gertaera kontatu nahi denean, Esteban Garibai Zamalloa historialari arrasatear handiari eman behar zaio hitza. Espainiako monarkia osatzen zuten erreinu guztiei buruz idatzi zuen historia ikaragarrian, santutegi honen jatorriari kapitulu oso bat eskaini zion. Garibairen "Compendio Historial"-a Anberesen inprimatu zen 1571n. 40 liburuk osatzen dute. XVII. liburuko 25. kapitulua Arantzazuri eskainita dago. Garibaik, beraz, Gaztelako Henrike IV.aren erregealdiari buruz hitz egiterakoan, honakoa dio:

"Zorigaitz eta miseria garai hauetan, Maria Ama Birjinak, Jaunaren amak eta gure andreak, Kantabriako eskualdea bere imajina santuarekin eta jainkotiarrarekin bisitatu nahi izan du. Jainkoaren probidentziaz Oñatiko hiribildu sakonean eta idorrean agertu da, Aloya izeneko mendi handiaren hegalean. Horrela gertatu zen irudi santua agertu zenean hamar urte zituen eta orain ehun eta zazpi urte dituen gizon zaharraren kontakizunaren arabera. Laurogeita hamar urte baino gehiago dituzten beste gizon batzuek ere gauza bera esaten dute. Mila laurehun eta hirurogeita hemeretzigarren urte honetan, gutxi gorabehera, azienda zaintzen ari zen mutil batek, Oñatiko Uribarri auzoko Balzategi etxeko Rodrigo de Balzategik, etxeko ahuntzak Aloya mendiaren hegalean gorde ostean menditik jaitsi zen Jaunaren eskua lagun zuela. Hau larunbat batean, Maria Ama Birjinaren omenezko egunean, gertatu zen; horrela izan zela sinistu behar da. Jainkoaren neurrigabeko maiestatea hemendik aurrera basamortu horretan betiko zerbitzatua izango da. Bere izena eta Aingeruen Erreginarena, haren ama eta gure babeslea, goraipatuko dira eta toki guztietako kristauek gurtuko eta bisitatuko dute. Jaungoikoak mutil horri Maria Ama Birjinaren deboziozko irudi txikia, haren seme ederra besoetan duela eta zintzarri baten itxurako kanpaia alboan duela, sakon horretan agertzea baimendu zuen. Hau udan gertatuko zen leku horretara ganadua eramaten zuelako. Imajina ikusita artzaina txunditu egin zen eta Jaungoikoaren ekintza zela pentsatuta "Agur Maria" eta zekizkien beste otoitz batzuk errezatu zituen. Ondoren, irudia adarrekin eta inguruan zituen bestelako elementu batzuekin estali zuen eta ganaduarekin etxera bueltatu zen gaua zetorrelako. Etxean gertatutakoaren berri eman zuen eta behin hiribildua eta Oñatiko erregimentua jakinaren gainean jarrita, herriko eta elizako jende ugari artzainari atzetik abiatu zen. Agerkundearen tokira kostata iritzi ostean, imajina santua arantza berdearen gainean ikusi zuten. Orduan berotasun eta debozio handiarekin belauniko jarri ziren eta Jaungoiko ahalguztidunari eta haren amari, Ama Birjinari, laudorio eta esker asko eman zizkieten, horrelako bitxi ederra halako lekuan jarriz bisitatu nahi izan zituztelako". Kontakizun honen zati handi bat kondaira ez ote den pentsatzera tentatua ikusten naiz. Garai bateko artzainei hainbat tokitan Ama Birjina agertutako historia gehiegi errepikatu da eta ohiko klixea dela ematen du. Baina kasu honetan Rodrigo de Balzategi pertsonaia historikoa dela eta bere etxea ezagutzen dela aitortu beharra dago. Balzategiren baserria Uribarri auzoan dago oraindik ere. Oñatitik Arantzazurako bidean bertatik pasa behar da. Garibairen esanetan agerkundearen inguruko beste bertsio batzuk badaude, irudia Uribarri auzo bereko Maria de Datuxtegi izeneko artzainak aurkitu zuela diona esaterako. "Beste batzuek beste gauza batzuk iradokitzen dituzte" - dio (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Gaur egun Datuxtegiko baserria Uribarri auzo berean dago. Historialari arduratsuak, ikerketa egokiak egin ostean, goian transkribatutako bertsioa benetakoa eta egiazkoa den bakarra dela dio. Baina nabarituko da agerkundea deitzen duena artzain batek egoera benetan misteriotsuan egindako imajina baten aurkikuntzara mugatzen dela. Hitz lauz esanda, gertaera horrela izango zen: larunbat batean Rodrigo aitaren ahuntzen bila joan zen - dokumental zaharrek ahuntzez hitz egiten dute, ez ardiez - eta geroago komentua eraikiko zuten sasitzan, arantza baten gainean, Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen zintzarri handi baten itxurako kanpaia alboan zuela.

Rodrigok aurkitutako irudia gaur egun gurtzen da eta santutegian betidanik gurtu izan da. Sute eta esklaustrazio guztietatik eta mendeetan zehar emandako bestelako arrisku egoeretatik salbatu dute. Nork jarri zuen Ama Birjinaren irudia arantzaren gainean, eta zer lortu nahi zuen hori eginda? Erantzunik gabeko galdera alferra. Pentsatu izan da imajina leku bakarti horretan erretiroa hartu zuen penitente batena izan ahal zela, baina hori aieru hutsa baino ez da. Garibairen esanetan - eta ondoren beste guztiek errepikatu dutenez - imajina 1469an, gutxi gorabehera, aurkitu zen. Eta zer esan Arantzazu izenari buruz? Izen toponimikoa da, jatorriz leku horretakoa, edo Ama Birjina agertu eta gerokoa? Bizkaian izen bereko herria egoteak lehendabiziko hipotesia indartzen du. Kasu honetan tokia Arantzazu deituko zen agerkundea izan aurretik eta, finean, arantza anitz dagoen lekua esan nahiko zuen. Baina ez dago jasota lekuak agerraldiaren aurretik izen hori zuenik eta Garibaik Arantzazuko Andra Mari izena Ama Birjina arantza baten gainean agertzearen ondorioz jarri zutela uste du. Nahiz eta artzainari egotzitako Arantzazu hura, hiribilduko armarrian dagoena, kondairazko jatorria izan, ezin da izena gerokoa dela defendatzen duen hipotesia, Andra Mariaren agerpenarekin lotuta dagoena, baztertu.

LVC