Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Arrasatearrek eta oñatiarrek egindako galtzadari buruz ari zenean, Garibaik kofradia aipatzen zuela ikusi genuen. Arantzazuko Andra Mari kofradia zaharraren jatorria eta izaera pixka bat ilunak eta lausoak dira. Garibaik kofradiari buruzko lehendabiziko datuak ematen dizkigu. Hasieran, Oñatiko eta Arrasateko bizilagunek osatzen zutela dio. Autoreak Arantzazurainoko galtzada edo bide zaharra bizilagun horiek egin zutela dio. Baina ondoren bi hiribilduetako kofradia desegin zen "denborarekin bi hiribilduetako pertsonek bat egitearen ondorioz, haien artean haserreak sortu zirelako", eta kofradia Oñatira mugatu zen. 1491. urte inguruan Oñatiko kofrade hauek -Garibaik esan bezala- "Arantzazuko etxe santua bisitatzen eta limosma uzten zituztenentzako aita santuaren barkamena eta induljentzia lortzea" (itzulpen moldatua gazteleratik) adostu zuten. Garibaik boterea eskribau publikoaren aurrean eman zuten kofrade zaharren izen batzuk ere kontserbatu ditu. Oñatiko kofradiaren gerorako joera, benetako zentzua eta asmoa zein zen ez dago batere argi. Aita Lizarralderen ustez, kofradian Oñatiko indar eta talde politikoak biltzen ziren. Nahiz eta kontrakoak izan, Guevarako Kondeek hiribilduarengan ezartzen zuten botereari eta zituzten asmoei aurre egiterakoan bat egiten zuten. Horregatik Kondea eta harentzat lan egiten zuten guztiak kofradiatik kanpo zeuden. Elkarteak "Ilustre y nobilísima Cofradía de nobles de Ntra. Sra. de Aránzazu" izen arranditsua hartu zuen. 1834ko suteak eta erlijiosoen esklaustrazioek kofradia zaharraren eta laudagarriaren amaiera eta itzaltzea ekarri zuten.

Itsasoz haraindiko herrialdeetan zeuden, eta jatorriz baskongadetako hiru probintzietakoak eta Nafarroakoak zirenek ere, Arantzazuko Andra Mariren kofradiak eratu zituzten. Garrantzitsuenetarikoa XVII. mendean errotu zen Mexiko Hirian. Elkarte honek San Frantziskoko komentuan Arantzazuko Andra Mariren kapera zuen. Aldi berean, "las vizcainas" izeneko ikastetxea eraiki zuen, neska txiroak hezteko. Liman eta Manilan antzeko kofradiak izan ziren.

Gaur egun Arantzazuko Ama Birjinaren kofradia berrezarrita dago. 1917an Gasteizko Apezpikutzak elkartearen estatutuak onartu zituen. Bere helburua Arantzazuko Andra Marirekiko debozioa sustatzea eta hedatzea da. Kofradia santutegian dago; baita Donostiako San Frantzisko komentuan kanonikoki eratua ere. Kanonikoki eratu gabeko beste hainbat talde daude, Oñatin, Tolosan, Azpeitian, Azkoitian... Zuzendari nagusia santutegiko zaindaria da.

LVC