Arantzazuko Santutegia. Oñati (2005ko bertsioa)

Santutegia edertasun basati eta harrigarri baten kokatuta dago.. Mendigune harritsuez inguratuta, amildegi eta mehargune sakonen artean, haitzak estaltzen dituzten landaredi zarbatsua eta itxia dago.

Itsaso-mailatik 700 metrora dago. Hegoaldetik Elgeako (Arantzazukoa ere deitua) mendilerroko mendien uhin-lerroak zeruertza moztu eta bere gailurretan Gipuzkoako eta Arabako probintziek bat egiten dute. Iparraldetik eta ipar-ekialdetik Aloñako eta Aizkorriko mendiguneak zabaltzen dira tarteko beste zenbait gailur ere izanez. Bi mendizerra horien artean (Elgea-Arantzazukoa eta Aizkorri-Aloñakoa), asma beza irakurleak bitarteko troka edo amildegi sakona, hutsik ez da. Hura ere ez dago hutsik, izan ere, hegoaldean kareharrizko gailurreri bitxia dago. Hainbat koska ditu higadura geologikoaren ondorioz. Horrela, santutegia menderatzen duten maila gutxiko gailurrak sortu ziren. Horietariko batzuk hurrengoak dira: Aitzabal haitza -Deabruarena ere deitua-, Beilotsa edo Uztao (santutegiaren aurrean dago eta egun garrantzitsuetan argitzen den gurutze batek koroatzen du), Erbisaskon eta Gazteluaitz edo Peña del Castillo - gaztelu baten antzeko forma duelako horrela deitua-. Haitz hauek eta Aloñako mendiona banantzen dituen trokako sakonean, Arantzazu erreka dago. Hura kilometro gutxira jaiotzen da Elgea-Arantzazuko mendilerroko mendietariko batean, Uburun (uraren hasiera, sorburua) hain zuzen ere. Ibaia tarteka lur azpitik doa, eta Bergarara heldu aurretik, Deba ibaira jotzen du, San Prudentzio izeneko lekuan. Santutegia Aloñaren oinetan dago literalki, amildegi baten ertzean, toki baxu eta estu batean, arestian aipatutako haitz handien menpe.

Aloñako oinari marka uzten dio Arantzazu Oñatirekin lotzen duen errepideak. Balio emotibo eta turistiko handiko ibilbidea da. Bidaiariaren eskuinaldean meharguneak, amildegiak eta troka ikusgarriak daude ia etengabe, landaretza oparoarekin batera. Arantzazu mendi igoeren abiapuntua ere bada. Santutegitik lau bat kilometrora, mendian gora, ekialdean, Urbiako (1090m) goi-lautada liluragarria dago. Udan artaldeek ingurua betetzen dute. Historiaurreko geltoki honetan dauden trikuharriak 1918an Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek aztertu zituzten. Urbiatik erraza da Atxurira, Gipuzkoako mendirik garaienera (1.551 m), heltzea. Ibilaldi luzeak egiteko kemenik ez dutenentzat, Arantzazuk Iturrigorri haran ikusgarria eskaintzen du, Gazteluaren Haitzaren azpian. Aloñako oinean ere badago iristerrazak diren leku atsegin asko; Lizarra, Belar, Unamendi, Duru eta Mailla, besteak beste.

Landareria pagadiek eta belardiek osatzen dute bereziki, nahiz eta inguru zabaletan pinuek pagoak ordezkatu dituzten. Arantzak aipamen berezia merezi du. Eskualdean oso ugaria eta ospetsua da, bere gainean Ama Birjinaren imajina aurkitu zutelako eta lekuari izena eman diolako. Arantza "espino" hitzaren euskarazko izendapen generikoa da. Rodrigo de Balzateguik Ama Birjinaren imajina arantza zuriaren gainean aurkitu zuen.

Apirilaren bukaeran, ikuskizun atsegina egoten da artzain ibiltariek artaldeak Urbiako larreetara uda igarotzera eramaten dituztenean. Santutegiko hegoaldean eta hego-mendebaldean, baserri bakar batzuk daude sakabanatuta. Hauek Arantzazu auzoa osatzen dute. Berri samarrak dira, santutegia baino askoz geroagokoak. XXI. mende hasierako biztanleen bizimoduak askotarikoak dira: nekazaritzan, artzaintzan eta abeltzaintzan aritzeaz gain, Oñati, Arrasate, Bergara eta Legazpiko enpresetan egiten dute lan.

LVC