Hegoaldeko muga. Zaragozako taifa. Zaragozako taifa musulman aberats eta oparo honen egoerak Iruñeko erresuma buxatzen zuen hegoaldeko mugetatik, Errioxatik, Nafarroako Erriberatik eta Aragoiko bazterretatik. Mendebaldetik Autol, Quel eta Arnedo ikusten dira gotortuak Errioxan; Sartaguda, San Esteban eta Azagra Ebroren ezker ertzean eta, gero, Nafarroa erdialdean, Funesko sarrera babestuz Iruñea, Peralta, Faltzes, Arlas eta Alesues aldera. Aragoi ertzetik, Uxueri dagokio babesa. Baina Zaragozako taifak mugak ditu Aragoirekin eta Gaztelarekin, egoera zailean eta hiru erresuma kristauekin oreka mantentzeko beharrean jarriz, itunak eginez eta pariak ordainduz urrezko txanponetan, laguntza zehatzen ordainetan. Garai hartan, Iruñea eta Aragoiren arteko harremanak adeitsuak ziren eta elkar ulertzekoak Zaragozan agintzen zuen Muqtadirrekiko itunetan. 1063. urtean Aragoiko herritarrek Graus inguratuta zuten, musulmanen boterean dagoen eta kristauen eskuetan erortzeko zorian dagoen plaza garrantzitsua. Une kritiko horretan Fernando I.ak bere tropa onenekin bidali zuen semea Zaragozara. Musulmanak, gaztelarrekin bat eginda, gotorlekuaren aurrera iritsi ziren, Isabena eta Esera ibaiek bat egiten duten tokian, Ribagorza herrialdean. Gudua garaile gertatu zen koaliziokoentzat, kristauen setioa altxatzeaz gain, Ramiro I.a bera hil baitzuten Grauseko harresien aurrean, zeinaren gorpua, larrututa, lastoz bete eta hiriko zorguneetatik zintzilikatu baitzuten. Menéndez Pidalek iruzkin hau egiten du: «Gaztelak Grausen garaitzen zituen Pirinioetako aragoiarrak, euskaldun erromanizatuak zirenak, bederatzi urte lehenago Atapuercan nafarrak garaitu zituen bezala, erromanizatu gabeko euskaldunak» (Menéndez Pidal, La España del Cid, p. 146). Gudua 1063ko maiatzaren 8an izan zen, Muqtadir, Zaragozako subiranoa, Iruñeari tributua ordaintzeari utzi zion egunean.