Sukaldetik ikasgeletara
1914 urtea berebiziko data da ikastolen historian. Urte honetan Miguel de Muñoak Koru'ko Andre Maria'ren Ikastetxea delako eskola sortu zuen Donostian. Bertako irakaskuntza guztia, bai eskolaurre eta baita lehen mailakoa ere, euskaraz ematen zen. Muñoak izugarrizko arrakasta eskuratu zuen proiektu honekin eta eskolak harrera oso ona eduki zuen. Aldez aurretik ere, 1896-1897 urteen bitartean hain zuzen ere, Resurrección M. de Azkuek "Ikastechea" fundatu zuen Bilbon, lehen mailako irakaskuntza ematen zuen ikastetxe maskulinoa, umeen artean euskararen ikasketa garatzera zuzendua. Beste saiakerak ere izan ziren, baina alferrik. 1920 urtean, Bizkaiko Diputazioak Barriadako Eskolak abiarazi zituen, Elizalde eta Landetaren bultzadarekin.
Azken berrogeita hamar urteotan sortutako mugimendu guztien artean bada argi bereziz dirdiratu duen bat, herri ahots boteretsu baten ondorioz Euskal Herri osora hedatu zena. Euskarazko hezkuntza sistema ia-ia utopia hutsa zenean, izan zen kolektibo ausart eta jantzia, euskararentzat beste edozein hizkuntzaren eskubide berdinak aldarrikatu zituen. Andereñoen mugimendua dei genezakeena ez zen izan egun batetik besterako lorea. Lan isil eta jarrikia egon zen horren guztiaren oinarrian, eta berrogeita hamar urteren ondoren, historian urrezko hizkiz idatzita agertzen da kolektiboaren lorpena.
Parte hartu! Bidali zure artikulua