Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

Informazio osagarria


         · Artearen historia
         · Historiaurreko artea
         · Erromatarren artea
         · Arte Erromanikoa
         · Arte Gotikoa
         · Errenazimendua


         · Barrokoa
         · Neoklasizismoa
         · Eklektizismoa
         · Modernitatea
         · Abangoardiak
         · Garaikidea


         · Arkitektura

         · Pintura


Ez da erraza eskulturari buruz hitz egitea garai ez historikoetan eta historiko batzuetan. Eskulturaren kontzeptu modernoa Errenazimentuan sortutakoa da, ordura arte, hiru dimentsioko arte lanak tekniken arabera sailkatzen baitziren. Adibidez, galdaketa eta zizelatua bi zeregin ezberdinak zirenez, ez zuten elkarren arteko harreman handirik, batez ere kontzeptu orokorretan.

Sarritan hiru dimentsioen kontzeptu bera ere, zalantzazkoa da bolumena duten arte objektuetan, eta bi dimentsioen lege edo abiapuntuetatik sortutako objektuak besterik ez dira izaten.

Oztopo eta zailtasun horiekin topo egingo dugu Euskal Herriko eskultura aztertzerako orduan; batez ere, XVI. mendean artearen kontzeptu modernoa sortu arte, eta baita gerora ere, XVIII. mendera arte ez baitzen kontzeptu hori nagusitu.

Ez dirudi hiru dimentsiorako joera handirik zuenik gaur egungo Euskal Herrian Paleolitoan bizi ziren gizakiak. Zoritxarrez, ez ditugu oraindik aurkitu gizaki haiek landutako arte objektu gehiegirik, harpetako pinturekin edo erabilgarriak ziren tresnekin alderatzen badugu behintzat.

Isturitz (Donamartiri, Nafarroa Behera) izan daiteke Euskal Herriko aztarnategien artean salbuespena, Madeleine aroko (k.a. 15.000-10.000 urte bitartean) hezurrean egindako tresna eta objektu ugari aurkitu direlako. Bertan, hiru motatakoak desberdindu ditzakegu: erabilgarriak diren tresna dekoratuak, irudiak eta apaingarriak. Sarritan hiru mota hauek ez dira gehiegi bereizten eta guk eskulturatzat har dezakeguna, apaingarria izan zitekeen garaian, edo alderantziz.

Hezurretan eta harlauzetan egindako grabatuak, marrazkiaren ikuspuntutik eginda daude -Torreko hezur ziria edo Ekaingo harlauza, adibidez-, eta harpetako pinturen arte kontzeptu beraiek islatzen dituzte. Hala nola, azken urtetan Praileaitzen aurkitutako harrizko zintzilikarioak eta Ekainen aurkitutako hegazti baten itxura duen hezurtxoak, gero eta errazago egiten dute Euskal Herriko arte produkzioa Europako beste produkzio guneekin alderatzea.

Neolitoan ere, ez ditugu aurkitu hiru dimentsioko objektu artistiko gehiegirik, eta Metal Arora arte itxaron beharko dugu Euskal Herrian eskultura hitzarekin izenda daitezkeen artelanak aztertzeko. Trikuharrietako hilobietan aurkitutako hezurrezko espatula antropomorfoak, adibidez Guardiako San Martinen eta Kripango Los Llanosen, Paleolitiko ohiturak akordarazten dituzte, eta oso eskematikoak diren El Alto de la Cruz (Cortes, Nafarroan) Burdin Aroko (k.a. 900-350) aztarnategian aurkitutako buztinezko idolotxoak izan daitezke eskulturara hurbiltzen diren objekturik argienak.

Hala ere, zeramikaren asmatzeak, bolumenaren gaineko praktika berria ekarri zuen, ezerezetik forma bat egitea eskatzen zuelako eta gehienetan dekorazioa gehitzen zitzaiolako.

Metalen galdaketarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Ezerezetik forma bat egitea eskatzeaz gainera, dekoraziorako euskarria ere izaten da oro har. Brontze eta Burdin garaietan erabilgarriak eta apaingarriak ziren objektuak topatu ditugu, baita Euskal herrian ere. Hala ere, apaingarriak eta erritualak diren objektuen artean desberdintzea ez da lan erraza. Adibidez, La Hoya Guardiako herrixkan aurkitutako brontzezko lauburuak apaingarrietan eguzki sinboloak edo besteak erabiltzen zituztela aditzera ematen dute.

Harrian egindako grabatuak eta erliebeak ugariak dira garai honetan, gero hain landuak izango diren disko formako estelen hasiera izango delako. Gehienak ehorzketa munduari lotuta daudela dirudi, adibidez Iruña-Veleiako K.a. II. eta I. mende artean dagoen zaldizko estela. Bakarkako eskulturatik hurbilago dago Bilboko Euskal Museoan gordeta dagoen Burdin Aroko zezen edo antzeko animali oso eskematikoaren itxura duen harritzarra. Durangoko Mikeldi izeneko ermitan aurkitu zuten, eta hanka artean eguzki diskoa dauka.

K.a. II. mendean erromatarren etorrerarekin Euskal Herria Mediterraneoko arte tradizioarekin lotu zen. Bolumenaren aldeko greziar ohiturak, erromatartzearekin zabaldu ziren Euskal Herrian, sarritan tradizio indigena eta aurreko metalen kulturekin elkartuta.

Pintura erromatarra gordetzea zaila izan bada ere, eskultura adibide ugari ditugu Euskal Herrian, batez ere oso erromatartutako hirietan edo lurraldeetan. Adibidez Nafarroako Pompaelo (gaur egungo Iruñea), Civitas Cara (Santacaran), Andelos (Mendigorria inguruan), eta abarretan neurri handiko marmolezko eskulturak aurkitu dira, nahiz eta puskatuta edo egoera onean ez egon. Suposatzen dugu kanpotik ekarritakoak direla, nahiz eta pixkanaka, bertan tailerrak finkatuko ziren.

Aipagarriak dira jainko emakume batena izan daitekeen Santacarako aurpegi zatia eta erretratuaren zatia izan daitekeen Zangozako gorputz enborra, biak Kristo ondorengo lehenbiziko mendekoak.

Hala ere, Euskal Herrian dugun eskultura erromatar ikusgarriena Arabako Iruña-Veleia herrixkan aurkitutako Dama izenekoa da. K.o, I eta II. mende artekoa da eta burua eta besoak falta arren, kalitate handiko eskultura dela esan daiteke.

Bestalde, erromatarrak kokatu ziren toki guztietan azaldu dira gurtzarako eskulturatxoak edo sinismenekin lotutakoak, batez ere etxearen edo pertsonen babesa eskaintzen zituztenak. Aipatzeko modukoa da Foruan (Bizkaia) aurkitutako Isis-Fortunaren 6,5 zm-ko eskulturatxoa eta Hondarribiako Higer muturrean itsasoan aurkitutako jainkoen brontzezko eskulturatxoak, itxuraz, egurrezko altzari baten apaingarriak izan zitezkeenak.

Tradizio indigenari jarraipena emateko hilarri asko aurkitu dira Euskal Herri guztian. Hildakoaren grabatuak eta erliebeak izaten dituzte, eta horregatik informazio baliagarria eskaini digute erromatar kolonizazioari buruz. Akitanian euskararen ikerketarako oso baliagarriak izan direnak aurkitu dituzte, eta Araban eta Nafarroan landare apaingarriak, irudi eskematikoak eta beste irudiak dituztenak azaldu dira.

Erromako Inperioaren desagerpena eta erromanikoaren hasiera artean, teknika eta tradizio artistiko erromatarrak galdu egin ziren. Pobretutako gizarteak ez zuen arterako aukerarik, eta horregatik, kalitate baxuko artelanak egin ziren garai haietan Euskal Herri osoan.

Gainera, kristautasunaren nagusitasun gero eta gehiago mesfidati begiratzen zion bolumenaren aldeko tradizio greziar-erromatarrari eta bi dimentsiotako arte zuzena egiteari garrantzi handiagoa eman zion. Horren adibide, Villatuertako X. mendeko erliebe aurre-erromanikoak.

Arte islamiarrari begiratzen badiogu, ez dago aztarna handirik Euskal Herrian, baina Tuterako meskitako harri eta igeltsuzko xehetasun batzuek eraikuntzaren aberastasuna adierazten dute. Bestalde, Leireko monasterioan gorde zen bolizko kutxatxoak Kordobako artisau tailerren maila erakusten du.

Europako hainbat tokitik zetorren erromanikoaren hedapenarekin iritsi zen eskultura monumentalaren eta bakarkako irudien berreskurapena, XI. mendean.

Kristau elizaren indartzeak Europan antolaketa politikoa eta ekonomikoa bultzatu zuen eta pixkanaka sortzen ari ziren Erdi Aroko estatuek artearen suspertzea ekarri zuten.

Nafarroako erresumaren finkatzeak monasterioak, hiriak, bideak, azokak, eta abar antolatzea ekarri zuen, eta sarritan erregeek bultzada handia eman zioten erlijio zentroei horrek zekarren artearen suspertzearekin batera.

Eskultura monumentala horren adibide garbia da. Arkitektura lan ia guztiek eskultura lotuta zeramaten, bai jainkoari laudorioa egiteko, bai erlijioaren pasarteak eta irakaspenak jende arruntari azaltzeko.

Leire bezalako erlijio gune interesgarrietan ikusten dira erromanikoko eskultura monumentala berreskuratzeko lehen adibide trakets, baina ausartak, XI. mendekoa den kriptako zutabeen kapiteletan.

Bainan Euskal Herrian katedralen eraikitzeak hartu zuen arkitektura eta eskultura lan handienak. Iruñea eta Baiona finkatu ziren bi zentro erlijioso nagusi moduan, eta batez ere Iruñako katedral erromaniko zaharraren arrastoak iritsi zaizkigu. Katedralak izan zuen klaustroko kapiteletan Santiagotik etorri zen Esteban hargin maisuaren tailerrak lan egin zuen, XII. mendean.

Pixkanaka, erromaniko betea zentro erlijiosoetatik beste gune herrikoiagoetara edo landa guneetara zabaldu zen, Zangozako eliza nagusian sarrerako atean ikusi dezakegun bezala.

Eskultura irudien kasuan berriz, ikusezina ikusgai egiteko erabiltzen zen erromanikoko lehen garaietan, eta batez ere, Kristo gurutzean eta amabirjinaren kultua zabaltzeko. Pintatutako eta koloreztatutako zurezko irudiak izaten dira gehienetan, Lizarran San Pedro de la Rua eta Torres del Rio-ko gurutziltzatuetan eta Euskal Herrian oso zabalduta dagoen Andre Mariaren irudietan ikus daitekeenaren arabera.

Eskultura zibila ez da ugaria, nahiz eta Euskal Herrian adibide onak ditugun Lizarrako Nafarroako erregeen jauregia izeneko aurrealdean.

Gotikoaren etorrera ere erlijio gune indartsuekin lotuta ikusten dugu Euskal Herrian.

Europa aldeko gotikoa berehala hasi zen erromanikoko eskultura sinbolikoa eta forma aldetik ez oso naturalista ordezkatzen. Egiteko era berriek aurre hartu zioten estilo zaharrari eta naturalismo eta espresio erlijioso handiagoa eskatzen zuten irudi motak azkar ailegatu ziren Iruñako apezpikutzara eta gortera. Katedral berriak arkitektura eta eskultura tailer askoren lana eskatzen zuen, eta behin bukatu ondoren, baita eskultura eta altzari liturgikoak ere. Tuterako katedraleko mendebaldeko atean topa daiteke XIII. mendeko Chartreseko estiloaren etorrera Euskal Herrira; baina 1280. urtean eraikitzen hasi zen Iruñako katedraleko klaustroan ikus ditzakegu eskultura gotikoaren adibide ederrenak, ateen inguruan egindako dekoraziotan, batez ere Ate Ederra. Gauza bera gertatzen da Baionako klaustroa eta sakristia lotzen duen ateko eskulturarekin. Zoritxarrez, Baionako katedraleko arkitekturari lotutako eskultura gehiena galduta dago, hurrengo mendetako gatazken ondorioz.

Iruñako eta Baionako katedraletako tailerretatik irtendako ereduekin batera Gaztelakoak edo urrutiagokoak ere sartu ziren Euskal Herriko lurralde batzuetan, eta gotikoak arrakasta handia izan zuen Euskal Herriko hirietan eta herrietan.

Haietako herri asko garai hartan sortu ziren edo garatu ziren, merkataritzaren suspertzeari esker, eta horregatik adibide ederrak topa ditzakegu han eta hemen sakabanatuta. Elizetako sarreretan biltzen zen dekorazio monumental gehiena, erlijioaren pasarte inportanteenek jendearen arreta beregana zezaten, sarritan garaiko polikromia gorde dutenak (edo geroko berriz pintatzeak), bestalde. Horren adibideak dira Gasteizko elizetan dauzkagun ataurreak: Santa Maria eliza nagusia alde batetik eta San Pedro eta San Migel bestetik (guztiak XIV. mendekoak). Gauza bera esan daiteke Erriberri, Tutera, Guardia eta Debakoari buruz, azken hau besteen bertsio herrikoiagoa.

Bakarkako eskulturetan, Kristo eta Amabirjina nagusi izaten jarraitu zuten gotikoko mendetan. Oraingo honetan, gizatiarragoak azaltzen zaizkigu eta naturalago jantzietan eta anatomian, erlijioa ulertzeko era berriaren eskakizunari lotuta, alegia.

Azkenik, hilobi eskultura gotikoaren eredu ederra dugu Tournaiko Jehan Lomek egindako Karlos III.aren eta Trastamarako Leonor emaztearen hilobia Iruñako Katedralean.

Azken gotikoko eskulturak iraupen handia izan zuen Euskal Herrian, Europako hainbat lurraldeen antzera. Hala ere, pixkanaka Italiako eta Flandesko ereduak sartzen hasi ziren, batez ere XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran.

Giro humanista berriak, antzinaterako bueltak eta gizakiaren gaineko kezka berriek eskulturaren aldaketa ekarri zuten.

Anatomiaren zehaztasuna, keinuen lasaitasun eta, oro har, naturari begira egindako eskulturak aurrea hartu zion espresio flandestarrari eta azken gotikoko arintasun eta dotoretasunari.

Garaiko ezaugarririk aipagarriena azken gotikoan hasitako ohitura baten garapena izan zen. XV. mendean gero eta ohikoago bihurtu zen elizetako aldare nagusia erretaula handien bitartez hornitzea, Iruñeko katedralean edo Lekeitioko elizan ikusten den bezala. Zurez egindako arkitektura egiturak irudi erlijioso nagusiak eta erliebe narratiboak inguratzen zituzten; guztia, polikromia aberatsez estalita bukaera ematen zitzaien, gehienetan urreztatuta.

XVI. mendearen bukaera aldera Euskal Herriko eskulturak garapen izugarria izan zuen erromanismoa izeneko eskolaren eskutik. Michelangelo eskultore italiarrak landutako estilo indartsu eta espresiboak eragin nabarmena izan zuen Euskal Herriko eskultore batzuen artean, batez ere Joanes Antxietarengan. Honek Michelangelok marrazten eta zizelkatzen zituen gorputz gihartsuak eta indarrez beteta, erretaulen irudietan erabili zituen, giza gorputzaren ahalmen espresiboak irudi erlijiosoetara ondo egokitzeko.

Iruñean finkatutako eskultore gipuzkoarrak, Euskal Herri osoan eta inguruko lurraldetan izugarrizko eragina izan zuen joerari hasiera eman zion. Ikasleen artean, Araban Lope Larrea eta Esteban Velasco aipa ditzakegu, Bizkaian Martin Ruiz de Zubiate, Gipuzkoan Ambrosio Bengoetxea eta Jeronimo Larrea eta Nafarroan Pedro Gonzalez de San Pedro.

Sarritan elizetako ataurretan ikus ditzakegun eskulturek erretaulen eredua jarraitu zituzten, harriz eginda badaude ere. Erdi Aroko arkitekturari egokitutako eskulturak mugak gainditu zituen eta fatxada osora zabaldu zitekeen, Pierres Picartek egindako Oñatiko Unibertsitateko aurrealdean edo Bianako eliza nagusian ikus daitekeen bezala. Gauza bera gertatzen da jauregietako fatxada nagusiak apaintzerako orduan: atea inguratzen duen dekorazio arkitektoniko eta eskultorikoa jartzen da; Eskoriaza-Eskibel jauregia Gasteizen, adibidez.

Hilobi eskulturaren barruan adibiderik ederrena Oñatiko San Migel elizan dagoen Rodrigo Mercado Zuazola gotzainaren hilobia da, ustez Diego de Siloe eskultoreak Andaluziatik ekarritako marmolez egindakoa.

Erromanismoak iraupen handia izan zuen nahiz eta barrokoko joera berriak beste lurralde askotan indarra hartzen hasi XVII. mendearekin batera.

Erretaula handien garaiak jarraipena izan zuen egiteko era berriak iritsi zirenean ere, nahiz eta ereduak eman zituztenak kanpotik etorritako eskultoreak izan. Bertako lantokiek Gaztelatik etorritako eskultore handien lanak jarraitu zituzten eta ereduak emateko zentro izateari laga zioten. Gregorio Fernandezek Gasteizko San Migel elizan 1624an diseinatutako erretaula nagusiak erromanismoaren ereduen bukaera suposatu zuen, Barrokoko jarrera naturalistagoen alde.

Erretaula barrokoak arkitektura elementuen eta irudien soiltasunaren aldeko garapena jarraitu bazuen ere, XV. mendetik zetorren arkitektura eskulturaren markoa izateko ohitura irauli egin zen XVII. mendearen 80ko hamarkadatik aurrera. Churrigereskoa izeneko erretauletan arkitektura marko konplexuek tarte gutxi lagatzen zuten erliebeentzat eta irudi solteak azaltzen ziren marketeriazko arkitektura urreztatuen artean; Iruñeko moja agustindar errekoletoen komentuan ikus daitekeenaren arabera.

Horrek jarraipena izan zuen rococo motako erretauletan, 1740 eta 1780 urteen artean. Arkitektura markoek sinesgarritasuna galtzen dute dekorazio ugariaren azpian ezkutatuta, eta horren ondorioz irudi erlijioso nagusien irudi gutxi batzuek ikusiko ditugu bereiztuta: Bergarako Oxirondoko Santa Maria, Bilboko San Nikolas, Segurakoa, Donibane Lohitzune eta Ainhoako erretaulak adibidez.

Azkenik, XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, erretaula neoklasikoak tokia kendu zion pixkanaka rococo estiloko dekorazio gehiegi zuen erretaulari. Greziar-erromatar arkitektura klasikoak berreskuratu zituzten erretaularen egiturak eraikitzeko eta elizaren babesleak ziren santuen irudi hutsak azalduko dira koloma eta taulamendu klasikoen artean.

Erretaulaz gainera, XVII. eta XVIII. mendetan, eskulturaren barruan garapen handia izan zuten irudi erlijioso solteak, elizetan gurtzeko edo prozesiotan ateratzeko.

Arkitekturari egokitutako eskulturaren atalean, Barrokoko mendeak emankorrak izan ziren Euskal Herrian, elizaren eta nobleen indartzearen ondorioari esker: Donostiako Santa Maria elizako fatxada edo Nafarroan Sorladako San Gregorio Ostiense eliza horren adibide onak dira.

XIX. mendearen lehendabiziko urtetan eskultura erlijiosoak jarraipena izan bazuen ere, estatu zentralen arte akademien indarrak eskultura beste norabidean jarri zuen. Frantziako Iraultzak, hiritarrentzat ereduak izan behar zuten baloreak indartzeko betebeharra eman zion arteari eta horregatik eskultura publikoak garrantzia hartu zuen. Gainera, guztiontzat gogorarazteko moduko gertakizunak eta pertsonaiak irudikatzeko beharra bultzatu zuten agintari burges berriek; beraz, hiriak eta herriak monumentuz bete ziren XIX. mendean. Horretarako eskultura akademikoa tresna egokia zen, gustu zentralizatu eta kontrolatuak historiaren eta politikaren interpretazio egokiak ziurtatzen zituelako.

Kanpoko eskultoreei agindutako monumentuen artean Gaiarre kantariari Erronkariko hilerrian eskainitakoa eta Bilbon Diego Lopez de Harori eskainitakoa aipatu daitezke, biak Mariano Benlliurerenak. Bertako eskultoreen artean Marcial Agirre izan zen trebeena (Okendori monumentua Donostian, adibidez).

Modernitatearen hasierak akademiaren arauak puskatzeko gogoa piztu zuen. Parisko arte joera batzuek Akademiaren autoritatea zalantzan jarri zuten, eta subjektibotasuna ardatz moduan jarrita, jarrera esperimentalagoak lantzen hasi ziren.

Eskulturak ez zuen lan erraza izan eta Rodinen irakaspenak nekez iritsi ziren gure artera. Parisko berrikuntzak bereganatzen lehenetariko bat Nemesio Mogrobejo bilbotarra izan zen. Eskultura klasikoaren irakaspenak akademiaren ildoekin puskatzeko erabili ondoren, Rodinen berrikuntzak onartu zituen, Europa erdialdeko modernismoaren ezaugarri batzuekin batera.

Hala ere, Frantzisko Durrio izan zen modernitate paristarra zeharo bereganatu zuen Euskal Herriko lehen eskultorea. Parisen igaro zuen ia bizitza guztia eta bere lanak, sinbolismoaren eragina jaso zuen, baina baita naturan oinarritutako modernismoaren forma berritzaileena ere, bitxietan eta eskultura apaingarri txikietan batez ere.

Horrela, bidea zabalik zegoen hurrengo belaunaldikoek joera berritzaileagoak lantzeko. Hala nola, XX. mendearen hasieran Parisen ikasten egon zen belaunaldiak eskultura egiteko era modernoak Euskal Herriko egoerara egokitzeko lana egin behar izan zuen. Pintoreak nagusi ziren belaunaldian eskultura bide xumetik ibili zela dirudi, baina ez dago ezberdintasun handirik asmotan eta artelanak gauzatzerakoan.

Quintin de Torre izan zen, belaunaldi horretan eskultorerik garrantzitsuena. Pintoreak bezalaxe, Parisko modernitatea, inpresionismoaren ondorengo joerena batez ere, tradizioarekin orekatzea zuen helburu, eta horretarako Espainiako eskultura barrokora jo behar izan zuen.

Proiektu moderno kontserbatzaile horrek ez zuen eskulturan arrakasta handirik izan, edo ez behintzat pinturan izan zuen arrakasta bera. Eskultore gutxi ezagutzen ditugu XX. mendearen 20ko hamarkadatik aurrera, Valentin Dueñas, Durrioren ikaslea, izan daiteke horietako bat. 30eko hamarkadara iritsita, Joaquin Lukarini aipatu behar dugu, agian Errepublika garaiko eskultorerik interesgarriena.

Hala ere, 30eko hamarkadan Donostialdean topatuko dugu eskultorerik aipagarriena, hurrengo urtetan izan zuen sona kontuan hartzen badugu behintzat: Jorge Oteiza. 1935. urtean Narkis Balenziaga pintorearekin Ameriketara egindako bidaiak moztu zuen Oteizaren ibilbidearen lehenbiziko urratsa. Baina, material berrietan egindako eskulturak, zementuan adibidez, eta figurazioa esperimentazio ia zientifikoarekin elkartzeak hurrengo urtetako lana iragartzen ari ziren.

Gerra Zibilak artista askoren ibilbidea moztu zuen; artista asko hilda, atzerriratuta edo isiltasunean bizitzen, Gerra osteko arte egoera penagarria erakusten dute. Frankismoak modernitate zentzu guztiei mesfidati begiratzen zionez, arte akademiko kontserbadoreena nagusitu zen inguru ofizialetan.

Oteizaren bueltak 1948an eskulturaren gerra aurreko ibilbidearekin bat egitea posible egin zuen. Ordurako artista gazteagoak ere bide pertsonalak eta ez akademikoak lantzen ari ziren, adibidez Eduardo Txillida gazte batek Parisen egindako egonaldiak eskulturaren bide berriak lantzeko aukera ematen zuen.

Horregatik urrats erabakigarria izan zen asmo berritzaile horiek guztiak Arantzazun bat egitea. Arkitekto, pintore eta eskultore berritzaileek Euskal Herriarentzat sinbolikoa izan behar zuen gunea sortu nahi izan zuten. Oteiza, Nestor Basterretxea eta Agustin Ibarrolaren arteko elkarketak 60ko hamarkadan antolatu ziren Euskal Eskolen Mugimendua delakoa ahalbidetu zuen.

Euskal Eskola Mugimenduaren barruan, Gipuzkoako Gaur taldean Remigio Mendiburu aipatu behar dugu Oteiza, Txillida eta Basterretxearekin batera. Bizkaiko Emen taldean, Vicente Larrea eta Jose Ramón Carrera. Araban, Orain taldean Jesus Etxebarria eta Nafarroan Jose Ulibarrena.

Oteizaren eta Txillidaren ereduek eragin handia laga zuten Euskal Herriko 70ko eskultore gazteen artean. Bide pertsonalagoak eta postmodernitatearen jarrera zabalagoak iristen ari ziren, hala ere. Andres Nagel izan daiteke maisu handiengandik gehien urrundu zen eskultoretako bat, kolorea, figurazioa, material plastikoak eta abar erabili zituenean.

80ko hamarkadan Oteizaren bide esperimental zorrotza hartuta, eskulturaren planteamendu berriak egiteko aukera zabaldu zuen sortu berria zen Arte Ederren Eskolaren inguruan bildutako eskultore talde batek: Txomin Badiola, Angel Bados, Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandezek, "euskal eskultura berria" izenarekin ezagutu zen egiteko era landu zuten.

Joera hau nagusi izan zen 90eko hamarkadan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Arteleku izeneko arte zentroan emandako tailerrei esker. Bertatik eta Arte Ederren Fakultatetik irten ziren gaur egun ondo ezagunak diren eskultore gazteagoak eta baliabide ezberdinak erabiltzen dituzten beste artista gazte asko.

Hain zuzen, azken garaiko artearen ezaugarrietako bat, baliabideen arteko bereizketa ez egitea izango litzateke, beraz, eskultura zentzu estuan eta tradizionalean desagertu dela esan dezakegu, nahiz eta artista gazte askok abiapuntu eta prozesu moduan erabili gero beste ondorioetara iristeko.

  • BARAÑANO, K.M.; GONZALEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER, X. (ed.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. El patrimonio del románico al siglo XIX. Donostia: Nerea, 2003.
  • Egile askoren artean: Euskal Artearen Historia: Historiaurrea, Erromanikoa, Gotikoa, Errenazimendua, Barrokoa, Neoklasikoa eta Egungo Artea. Donostia: Kriseilu, 1989-1992.
  • Euskal Artea. Dnostia: Erein, 1982.
  • PLAZAOLA, J. Euskal Artearen Historia. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002.
  • Revisión del arte medieval en Euskal Herria/Erdi Aroko artearen berrikusketa Euskal Herrian. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 15. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1996.
  • Revisión del arte del Renacimiento /Errenazimentuko artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 17. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.
  • Revisión del arte Barroko/Arte Barrokoaren berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 19. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000.
  • Revisión del arte Neoclásico y Romántico/Arte Neoklasiko eta erromantikoaren berrikuspena. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 21. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2002.
  • Revisión del arte vasco entre 1875-1939/1875-1939 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 23. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004.
  • Revisión del arte vasco entre 1939-1975/1939-1975 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 25. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.
  • Revisión del arte vasco entre 1975-2005/1975-2005 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 26. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2008.
  • USABIAGA, J.J. Euskal Herriko pintura. Ibaizabal, 2003.