Ikastolak

Elizatxo ikastola. Hernani

Hernaniko Urumea-Elizatxo ikastolaren aldeko mugimendua, 1986an hasi zen, Ikastolaren titularra Enseñanzas Urumea zelarik. Honen aurrekarietan ere Urumearen haustura aipa genezake.

Elizatxo Ikastola 1988/1989 ikasturtean sortu zen lerro bakar bateko ikastetxea zelarik. 16 irakasle eta guraso batzuk osatutako talde sutsu batek hartu zuen ikastola aurrera eramateko ardura. Lan eta ilusioz beteriko garaiak izan ziren eta laster pasa zen bi lerrotako ikastetxea izatera.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta maiatzaren 25a baino lehenago erabaki behar izan zen sare publikora pasa ala pribatuan jarraitu. Erabaki honek Ikastolaren etorkizuna baldintzatu zuen eta 1993/1994 ikasturtean sare publikoan sartzea erabaki zuen. Ondoren Hezkuntza Sailak hezkuntzaren erreforma, eta horrekin batera, mapa eskolarra eratu zuenean, Gabriel Celaya ikastetxea Elizatxon integratu zen eta bertan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxea jartzea erabaki zuen.

Gaur egun (2014an) D ereduko eta bi lerrotako ikastetxe bat da. 50 irakasle eta 450 ikaslez osatuta dago. Elizatxo auzoan, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapak daude, hiru eraikuntzetan banatuta. DBH-koa berriz, Florida auzoan dago.

  • Elizatxo Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.