Ikastolak

Alkartu Ikastola. Barakaldo

Beste ikastola asko ez bezala, Barakaldo Alkartu ikastola ez zuen pauso bat bera ere eman Hezkuntza Ministerioaren baimena izan barik. Horrek eragozpen eta traba asko ekarri zizkion. Merito handia izan zuten benetan ikastola honen sustatzaileek. Barakaldok eta Sestaok ezberdintasun bat zuten Santurtzi eta Portugaleteren aldean. Immigrazio askoz handiagoa izan zuten, auzoak neurri barik ugaltzen ziren eta errolda modu esponentzialean hazten zen. Horrela bada, euskal kulturari eutsi nahi zuten barakaldarrek oso esparru urria zuten, gizartearen parte txikia ziren. Inguruko herrietan eta Bilbon ikastolak kooperatiba modura zabaldu zituztela eta, barakaldarrak ere gauza bera egitera animatu ziren. Lehenengotatik legeztatu nahi izan zuten ikastetxea, seme-alaben eta ikastolaren onerako izango zelakoan. 1968an bide guztiak aztertu eta gero, legeztatze prozesua hasi zuten. Elkarte kooperatiba sortu zuten, baina ez ikasle gurasoena, kontsumo arlokoa baizik. Ikastetxea haurtzaindegia zen legearentzat. Legeak gutxienez 15 kide izatea eskatu zien. Ustez ideologia abertzalea edo euskal kulturarako zaletasuna zutenekin hitz eginda, legeak eskatutakoa jo eta pasatu egin zuten. Hogei lagun batu ziren, baina hamabost izen besterik ez zen jaso kooperatiba erregistroan. Guraso guztiek eskolaurreko adineko umeak zituzten. Kooperatibaren hasierako kapitala 25.000 pezeta izan ziren.

Ministerioaren baimena luzatzen ari zela eta sortzaile batek herriko kale batean zeukan lokal bat hartu eta bazkideek eurek egokitu zuten, han eskola hasten emateko. Bazeukaten lokala, berdin eskolak emateko zein olgetako, orduen eta beharrizanen arabera. Kontua zen andereño bat topatzea eta aurkitu zuten, barakaldarra, euskaldunberria eta, ohi ez bezala, maistra tituluduna. Baimena etorri zenerako 1969. urtea aurreratua zegoen. Martxoaren 3an, 18 neskato-mutikok, arbel txiki bana zutela eta erropaz gainezka, ikasturtea hasi zuten. Terrazozko lurra eta kuxinak zituzten jarleku. Ordea, arazoak ez ziren desagertzen eta ikuskatzaileari esker sortzaileei laster etorri zitzaien jakinarazpena: homologatzeko moduko osasun eta heziketa baldintzak zituen lokala topatu ezik, itxi egingo zieten ikastola. Irailerako beste norabait joan behar zuten. Nora, baina?

Erantzuna halabeharrez, ekinez eta pertsuasioz etorri zen. San Jose kalean, Santa Teresa elizan baziren bebarru batzuk hutsik, eurentzako modukoak, baina errentan hartuta zeuden. Alabaina, gizon batek Felicidad kaleko alboko fatxadan liburu-denda eta gozo-denda zituen eta San Jose kaleko sotoak; han garraio enpresa ipintzeko asmoa zuen. Lokal guztiak elizarenak ziren eta errentan hartuta zeuzkan. Jakin bezain pronto, batzordeko bi kide gizonaren etxera joan ziren. Hark baieztatu zien parrokiako bebarruak berak zeuzkala hartuta. Eurei uzteko eskatu zioten, larria zela ikastolaren egoera, hogei une kalean gelditzeko zorian. Kostatu zen konbentzitzea, baina gizartearen onerako zelakoan, alokatzea onartu zuen, sei-hamabi hilabeterako. Hilean 6.000 pezeta errenta ordaindu beharrak larritu egin zituen ikastolaren arazoak.

Erabakia ez zen Batzordearen gogokoa, baina lokalaren premia zuten. Tratua egindakoan lokala prestatzeari ekin zioten. Jo eta ke berriro erlojuaren kontra. Alkartu handitzen ari zen eta berdin irakasle beharra ere. Osorik eman zen lehenengo ikasturtean ia berrogeita hamar ikasle batu ziren.

Denbora zela eta ez zela, lokalak alokatu zituenarekin ere izan zituzten liskarrak. Gehienez ere urtebeterako izan zena, luzatu eta luzatu joan zen, nahiz eta gizon hark bere lokalak eskuratu nahi zituen. Errenta ordaintzerakoan izaten ziren eztabaidak, orduan ekiten zien gizonak bebarruak utzi behar zituztela. Batzordeak ezetz esaten zion, ikastola udalerriaren onerako zela. Apaizak Gotzaindegira jo zuen, errenta barkatzeko eskatzera, baina ez zuen ezer lortu. Batzordeak ausartegi jokatzen zuela pentsa liteke, baina horrek erakusten du zenbateko konfiantza zuten euskal eskolaren proiektuan. Ondorioa gizonarekiko harremanak gaiztotzea izan zen. Hori alde batetik, eta ikasleen etorkizunaz zegoen zalantza besterik, beste irtenbide bat topatu behar izan zuten. Ezkerraldeko gainerako ikastolekin batera.