Ikastolak

Arizko Ikastola. Basauri

1969

Basauri sortuko diren lanpostuek, 1950eko hamarkadatik aurrera bereziki, jendetza handia ekarriko du, erdaldunak gehienak. Honek erabat baldintzatu du Basauriko herriaren historia.

"Nekazariak izan ginen bitartean, Basaurin ez genuen arazo handirik ukan euskaldunak izateko, euskaraz mintzatzeko. Baina lantegiak altxatzeko baserriak botatzen hasi orduko, sustraiak ere haiekin desagertu ziren eta belaunaldi berriek herri bat ginen Kontzientzia bera ere nekez mantendu zuten".

Bertoko populazioa -bi mila inguru mendearen hasieran- kanpotik milaka etorritakoen artean da eta 1960ko hamarkadaren hasieran gehienak kanpotik etorritakoak edota haien seme-alabak dira. Erakundeetatik inolako laguntzarik jasotzen ez zuen, langile jende hura laster hasi zen Basaurin sortzen zitzaizkion arazorik larrienak konpontzen: haurrentzat eskolak, gaztetxoentzat dantza taldeak, auzo elkarteak eta abar. Hamarkada honen amaieran "Edurre" dantza taldea, bertako "scout" taldea eta bereziki Arizko elizara biltzen zen jendearen artean kezka bat hedatzen hasi zen: beste zenbait herritan bezala, zergatik ez sortu ikastola bat? Dirudienez, gehienek ez zekiten ikastola bat zer zen; nekez uler zezaketen umeek euskaraz ikasiko zuten eskola bat, baina ideia hura erakargarria zen.

Hori dela eta, hiru-bost urteko haur talde bat bildu eta han joan ziren Arizko elizako arduradunarengana, Fernando Barquinengana. Bera euskal giroko gizona ez bazen ere, giza arazoekiko sentsibilitate fina zuen eta lokala utzi zien. Lokala behin lortuta, andereño bat lortzea hurrengo helburua izan zen, eta ez zen lan erraza irakasleen artean oso gutxi zirelako euskaldunak; ordea, handik Kristina Mardaras agertu zen, Arizkoko lehenengo andereñoa.

Horrela kate bat hasi zen, gaur arteko katea: urterik urte maila berri bat eransten izaten zen lehia, hau da, haur talde berri bat, beste andereño bat gehiago eta Arizko elizako beste "gela" bat, eta ausardiazko garai haietan, jende hark beti aurrera atera zuen erronka.

1972-1973 ikasturtean 70 ikasle inguru ziren hiru andereñoen ardurapean. Ordurarteko arazoak nola edo hala zihoaz, baina beste gisa betekoak ere hantxe zeuden atean joka: Eskola Liburu Ofiziala lortzea ez zen batere erraza eta bai derrigorrezkoa.

Ikastolak ez zuen inolako onarpen ofizialik baina haur haiek ezin zuten hala eskuetsik jarraitu.

Une hartan taldetxo batek ikastola uztea erabaki bazuen ere, besteek gogor eutsi zioten eta gehiengoak aurrera egitea erabaki zuen, Eskola Liburuarena auzia nolabait konponduko zen itxaropenean. Eskola Liburuarena konpontzeko orduan berriz ere oso baliagarria izan zen Fernando Barquin apaiza: irakaskuntza munduan zituen harreman onak eta erakundeen aldetik zuen errespetuak, bideak zabaldu zizkion eta ikastolako ikasleak Arizko Eskola Publikoko ikasle bezala pasatu ziren Ordezkaritzaren aurrean eta halaxe lortu zuten lehen Eskola Liburua. Urterik urte, baldintzak uztartuz, ikastola aurrera zihoan: haur talde berri bat, andereño bat gehiago, Arizko elizako bazter bat gehiago...Arizko ikastola lortu arte.