Ikastolak

Jakintza ikastola. Donostia

Donostiako Antigua auzoko egoera kultural larriarekin kezkaturik, 60. hamarkadaren hasieran antiguatar gazte batzuk, Elizaren babespean, gure herriaren kultura eta nortasuna bultzatuko lukeen Kultur Batzorde bat antolatu zuten.

Antiguako Ikastolaren sorreraz, esan behar da, hamarkadaren hasieran, 1962-63ko ikasturtean, Aintzane Astiazaran andereñoa auzoko bost haurrei klase ematen hasi zela Erregezain kaleko (Escolta Real) etxebizitza partikular batean. Batzordeko kideek horren berri izan zutenean, ekintza ahal zen indar guztiekin bultzatzea erabaki zuten. Eskolak emateko toki egokia aurkitzea eta sortuko ziren gastuei aurre egitea izan ziren erronka nagusiak. 1963/1964 ikasturtean, bizilagun askoren laguntzari esker, martxan jarri zen auzoko ikastola, Matia Traserako elizbarrutiko lokal batean, 20 haurrekin. Une hartan A.G.E.P. -eko (Antiguako Gizonen Elkarte Parrokiala) lokaletan zegoen kokatuta, urte batzuk maileguz eskatutako lokaletan kokatu ondoren.

1967an Jakintza Kultur Elkartea sortu zen eta Mikelete ibilbideko egoitza erosi zen. Garai hartan, ahalegin handia egin behar izan zuten Jakintza Ikastolako familiek eta Antiguako bizilagun askok, egoera ekonomiko larriari eta frankismoak ezarritako jazarraldiari erantzunez, ikastola aurrera ateratzeko.

Jakintza Ikastola handitzen eta sendotzen zihoan eta 1970/71 ikasturtean, Matia Trasera (gaur Aizkorri) kaleko aretoak erabili behar izan zituen berriz ere. Horregatik, 1973an, Heriz pasealekuko San Rafael ikastetxeko lau gela alokatu zituen 110 ikasleentzat. Garai horretan, Heziketaren Lege Orokorra atera berria zen eta debekatuta geratu zen eskola batek areto batean baino gehiagotan egotea, beraz ikastetxe bakar bat izateko aukera hasi ziren aztertzen.

1974ean, Elizbarrutiak salgai jarri zuen San Sebastian Martir ikastetxea eta salneurria Jakintzako kideentzat gehiegizkoa izan arren, erostea erabaki zuten OHO legeak oso egoera larrian jartzen baitzuen ikastola. 1974ko irailaren 14an eraikina erosi eta Lugaritz Berri S.A. sortu zuten jabetza kudeatzeko.

OHOko legeak beste arazo batzuk ekarri zituen, hala nola, ikasleek non egingo zituzten ikasketak Erdiko Ziklotik aurrera. Donostiako beste lau ikastetxe egoera berean zeudenez (Orixe, Zurriola, Martutene eta Ikasbide), horiekin batera Joxe Migel Barandiaran Lizeoa eraikitzea erabaki zen. Hasieran, lizeo horretara joaten ziren Jakintzako ikasleak Goi Zikloa (OHOko 6. 7. eta 8. maila) egitera, eta ondoren, Santo Tomas Lizeoan osatzen zituzten ikasketak batxilergoarekin.

Baina 1980/81. ikasturtean, matrikulazioa zela eta, arazoak sortu ziren jarraipena horrela egiteko eta beste irteera eman behar izan zitzaion. Horregatik erabaki zen ikastola bakoitzak Goi zikloa hartuko zuela bere eraikinetan eta Joxe Migel Barandiaran Lizeoa izango zela Batxilergoa eskainiko zuena. Horretarako Jakintzak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eta honen eskaintza Antiguako Mª Cristina ikastetxeko zortzi gela erabiltzeko baimena izan zen.

1983/84 ikasturtetik, beraz, Eskolaurrea eta Hasiera Zikloa Erregezain kaleko Mª Cristina ikastetxean kokatu ziren eta hortik gorakoak Heriz pasealekuko eraikinean. Baina matrikulazioa gora zihoan eta handik gutxira, 85/86. ikasturtean hain zuzen, Montpellier ikastetxeko lau gela erabiltzen hasi behar izan zituzten 3 eta 4 urteko ikasleentzat.

1989ean.25 urte bete zituen ikasturtean, Jakintzako ikasleak horrela zeuden banatuta: Itxasmendin, 2 urteko ikasleak; Montpellierren, 3 urtekoak; Mª Cristina ikastetxe publikoan, 4 eta 5 urtekoak eta OHOko Hasiera Ziklokoak; Heriz pasealekuko 109an: Erdi Zikloa eta Goi Zikloa.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta Jakintza Ikastolak publifikazio bidea hartu zuen.

Gaur egun ikastetxe nagusia Erregezain 12an dago eta Goiko ikastetxea, Heriz pasealekua 109an. Jakintzan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak daude.

  • Agirre, Paulo (2012): Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Jakintza Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].