Ikastolak

Orixe ikastola. Donostia

Ikastola honen historia aztertu aurretik hainbat aurrekari aipatu beharra dago. Hauen artean Elbira Zipitriaren ibilbidea. Andereño hau ikasketak amaitu eta muñoatarren ikastolan hasi zen lanean 1926an, Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kaleko egoitzan, harik eta 1936an Espainiako gerra hasi zen arte. Erbestetik itzuli eta berriro ere 1942an Elbira Zipitria Donostian euskarazko eskola irakasten hasi zen, Arriolatarrak Prim kalean zuten etxean, ondoren Goenagatarrek Urbieta kalean zuten etxean jarraitu zuen. Azkenengo urteetan Orixe ikastolan klaseak ematen hasi arte Fermin Calbeton 26ko bigarren pisuan egon zen. Elbira Zipitria izan zen Orixe Ikastolaren sortzaileetako bat eta horrez gain, Hernaniko Urumea Ikastola sortzen ere izugarri lagundu zuen.

1950eko hamarkadaren hasieran andereño batzuk biltzen hasi ziren Elbira Zipitriaren proiektuaren inguruan, honekin praktikak eginez. Elbira aitzindari izan zen ikastoletako irakasleen antolakuntzan eta formazioan, horrela Gipuzkoako andereño askok beren gelak (ikastola klandestinoak) ireki baino lehen Elbirarekin irakaskuntzarako praktikak egiten zituzten. 1968an Elbira Zipitriaren, Mari Karmen Mitxelenaren, Koro Aldanondoren eta Miren Terese Alemanen ikastolak elkartu egin ziren eta Orixe Ikastolari hasiera eman zioten.

Horrela 1968-69 ikasturtean Santa Maria Parrokiaren babespean guraso talde batek "Asociación Cultural Recreativa Orixe" erakundea sortu zuen. Ondoren erakunde honek bultzatuta "Escuela Parroquial Santa Maria" Ikastola sortu zuen. Titularitatea elizarena izanik, Don Jose Elgarresta parrokoa izan zen hasieran bultzatzailetako bat. Hasieran Ikastola honen egoitza Santa Maria parrokiaren geletan egon zen (Gazteluko igoeran- Santa Teresa bidean). Elbirak bere izena ipini zuen ikastolako titularra izateko, eta gainerakoek, bertan irakasle izateko. Elbira Zipitriak 1971n, 65 urte zituela, Orixe ikastola utzi egin zuen.

1970an, Orixe Ikastolak, egoitza Kanpanario kalean zuen, irakaskuntzarako baimen probisionalarekin. Ondorengo urtetan izen ofiziala aldatu zitzaion, Orixe Ikastola izena ofizializatuz. Titularitatea Orixe ikastola S.A. izenean jarri zen eta bertako ikasleek Santa Maria parrokian, San Bizente Parrokian eta Kanpanario kaleko lokaletan jarraitu zuten eskola jasotzen. 1980-81 ikasturtean lehengo lokaletan zegoen kokatuta eskolaurrea eta OHO Urgulleko eskola publikoan.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta Orixe Ikastola publifikatu egin zen.

  • Agirre, Paulo. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.
  • Abasolo R.; Lopez de Muniain J.; Urbe A. Ilunetik argira. Elbira Zipitria, Donostia: Xangorin, 2004.
  • Mitxelena Illarramendi M.K. Elbira Zipitria (1906-1982). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2005.
  • Orixe Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].