Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

1950eko hamarkadaz geroztik, hainbat literatur sari antolatu ditu Euskaltzaindiak. Bada, hamarkada horretan bertan zenbait lan garrantzitsu saritu zituen, hala nola, Jon Etxaideren Joanak joan nobela (1955) eta Gabriel Arestiren Maldan Behera (1959).

1958an, bestalde, Txomin Agirre nobela-saria antolatu zuen lehenengoz Euskaltzaindiak Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntzaz. Eusebio Erkiagak irabazi zuen lehenengo deialdia, eta hurrengo urteetan hainbat euskal nobelagile garrantzitsuk eskuratu zuten sari hori: Jon Etxaidek (1964), Txomin Peillenek (1966), Txillardegik (1972), Mikel Zaratek (1972), Gotzon Garatek (1977), Augustin Zubikaraik (1979).

1980ko hamarkadan Resurrección María Azkue saria sortu zuen Euskal Akademiak, eta hainbat lan-mota saritu zituzten, eleberriak, saiakerak eta doktorego-tesiak, esaterako. Irabazleen artean Augustin Zubikarai, Joan Mari Irigoien, Gotzon Garate, Patxi Goenaga, Pello Salaburu, Miren Azkarate eta Mario Onaindia daude.

90eko hamarkadarekin batera Txomin Agirre saria berreskuratu zuen Euskaltzaindiak, eta tartean esleipenik gabeko urteak egon diren arren, hainbat irabazle egon dira; hala nola, Xan Irigaray 1991n, Martin Ugalde 1993an, Luis Mari Mujika 1995ean, Aitor Arana 1999an, Txema García-Viana 2006an edo Mikel Zubeldia 2008an.

Jada 1960ko hamarkadan, hiru literatur sari antolatu zituen Euskaltzaindiak Bizkaiko eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxen laguntzaz: Toribio Altzaga saria (antzerkia), Lizardi saria (poesia) eta Xenpelar saria (bertso-paperak).

Toribio Altzaga saria 1961ean eman zen lehenengoz, eta Gabriel Arestik irabazi zuen. Ordutik 2008ra bitartean, zenbait urtez lanik aurkeztu ez edo saria ez ematea erabaki den arren, idazle askok irabazi dute: Augustin Zubikarai (1963, 1967), Lourdes Iriondo (1970), Luis Haranburu Altuna (1974, 1991), Marijeanne Minaberry (1982), Xabier Mendiguren Elizegi (1986, 1994), Juanjo Olasagarre (1995), Karlos Linazasoro (1997), Karlos del Olmo (1998), Aizpea Goenaga (2005) edo Pako Aristi (2008) aipa daitezke, besteak beste.

Lizardi sariaz denaz bezainbatean, 1961ean eman zen lehenengoz, sasoi hartako euskal idazle nabarmenenetarikoek irabazi arren (Orixe, Gandiaga, Aresti, Sarasola, etab.), hainbat urtez ez zen lanik jaso; hots, saria eman gabe geratu zen. Jada 70eko hamarkadan, Felipe Arrese Beitia poesia-sariak (Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatuta) hartu zuen aurrekoaren lekua. Polikarpo Iraizoz eta Mikel Zaratek irabazi zuten lehenengo Felipe Arrese Beitia sariketa 1978an, eta asko dira ordutik hona saritutako egileak: Alfonso Irigoyen (1980), Xabier Lete (1991), Juan Luis Zabala (1999), Juan Ramon Madariaga (2000), Sonia González (2001), Karmele Igartua (2007), Amaia Jauregizar (2008), etab.

1962an sortu zuen Euskaltzaindiak berak Xenpelar saria, jasotako bertso-paper onenak saritzeko asmoz. 1989ra arte mantendu zen, eta deialdi bakoitzean hiru sari banatu ziren urte horietan guztietan 1977-1984 urteen artean izan ezik; hortaz, egile asko saritu zituzten: Jesus Lete, Sebastián Salaberria eta Manuel Uranga 1962an, Manuel Matxain, Inozenzio Olea eta Jesus Lete 1965ean, Xalbador, Joxe Aierbe eta Mantxola 1971/72 deialdian, Pello Esnal 1978an, Jesus María Mendizabal 1984an, etab.

1960ko hamarkadan bertan aipatzekoak dira zenbait elkartek nahiz erakundek antolatutako sariketak. Gabriel Arestik Orixe poesia-saria irabazi zuen 1962an Harri eta herri lanarekin, eta Olerti aldizkarikoek (1959an sortua) hainbat olerki-sari banatu zituzten Santi Onaindia, Eusebio Erkiaga eta Nemesio Etxanizen zuzendaritzapean. Irabazleen artean, Bitoriano Gandiaga, Sabin Muniategi, Balendin Aurre-Apraiz, Nemesio Etxaniz edo Paulo Iztueta aipa daitezke. Halaber, 60ko hamarkadan antolatu ziren Agora sariak, nobela, poesia nahiz antzerkia saritu zituztenak. Egile irabazleen artean Gregorio Gabiria (1963), Augustin Zubikarai (1965 eta 1968), Xabier Lete (1966), Pedro Sarriegi (1966) edo Eusebio Erkiaga (1969) daude.

1970eko hamarkadan, euskal literaturaren sistema egonkortzearekin edo egonkortzen jarraitzearekin batera (idazle-belaunaldi berrietako idazleak argitaratzen hasi ziren, zenbait argitaletxe garrantzitsu sortu zen, etab.), sariak nabarmen ugaldu eta aurretik saritu gabeko esparruetarako lehiaketak antolatu ziren, hala nola, literatura unibertsaleko obren euskal itzulpen onenentzako Orixe saria (1977).

Hamarkada hori hastearekin batera sortu zen, bestalde, Irun Hiria saria, Irungo Udalak Gipuzkoako Kutxaren babesaz antolatua. 1994ra bitartean honako lau kategoria hauetako lanak saritu zituen: ipuina, eleberria, poesia eta saiakera. Geroztik, baina, sariak bitan banatu ziren: olerkia, eleberria eta saiakera Irun Hiria sariari loturik mantendu dira, baina ipuin- eta antzerki-lanentzat Donostia Hiria sortu zen. 70eko hasieratik hona dozenaka idazlek irabazi dituzte Irun Hiria eta Donostia Hiria sariak, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Tartean daude, besteak beste, egungo euskal literaturako idazle nabarmenenetarikoak: Bernardo Atxaga, Arantxa Iturbe, Joan Mari Irigoien, Joxe Azurmendi, Eduardo Gil Bera, Inazio Mujika Iraola, Hasier Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Iñaki Mendiguren, Xabier Lete, Joan Mari Torrealdai, Karlos Linazasoro, Yolanda Arrieta, Xipri Arbelbide, Joxerra Garzia, Patxi Ezkiaga, Sonia González, Aitor Arana, Urtzi Urrutikoetxea, Asier Serrano, etab.

1971n Ignacio Aldekoa ipuin-sariketa antolatu zen, Arabako Foru Aldudiaren eskutik bizirik dirau eta azken hogeita hamar urteotan hainbat euskal idazlek irabazi dute: Sarrionandiak, Urretabizkaiak, Juan Garziak, Mujika-Iraolak, Patxi Zubizarretak, Harkaitz Canok, Koldo Bigurik, Jon Bilbaok, etab.