Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

Gerraosteko lehenbiziko sariketak Hego Euskal Herritik kanpo antolatu ziren, eta batik bat erbesteratutako euskaldunek antolatu zituzten. 1949an Gernika, Eskualtzaleen Biltzarra eta Herria elkarteek Lore Jokoak antolatu zituzten Ipar Euskal Herrian eta Ameriketan. Orduko poesia-saria Salbatore Mitxelenak irabazi zuen "Bi poema" lanarekin, eta antzerki sailekoa, berriz, Pierre Larzabalek Urtchilotar horiek testuarekin. Urte hartan bertan Nekazari Alkartasuna elkarteak antzerki-lehiaketa antolatu eta Mª Dolores Agirrek irabazi zuen lehenengo saria Aukeraren maukera, azkenian okerra obrarekin.

Jada 1950eko hamarkadan, apurka-apurka berpiztu egin zen euskal kultura. Bada, horrekin batera, literatur sariak ere sortu eta ugaldu egin ziren. 1950ean Donibane Garazin poesia- eta bertsolaritza-lehiaketa antolatu zen. 1953an Iparragirreren omenezko poesia-lehiaketa antolatu zen Urretxun, eta Nemesio Etxanizek irabazi zuen. Urte hartan bertan erbesteko Euzko Gogoa aldizkariak beste lehiaketa bat antolatu eta Salbatore Mitxelenak eskuratu zuen lehenengo saria "Itsasalde" poemarekin. 1955etik 1960ra Euskaltzaleak eta Euskaltzaleen Biltzarra elkarteek hainbat literatur sariketa antolatu zituzten.

1950eko hamarkadan, baina, bi sari-sail nagusi sortu ziren: Euskaltzaindiarenak eta Oregui kultur taldearenak. Oregui kultur taldea Donostian sortu zen, eta aipatutako hamarkadan zehar hainbat lehiaketa antolatu zituen. 1954an antolatu zuten lehenengo, eta 32 lan aurkeztu ziren, nahiz eta sariak aski apalak izan: euskal idazleen (Orixe, Axular, Santi Onaindia, etab.) obrak banatzen ziren. 1954an José Iturria eta Sabin Berasaluce izan ziren irabazleak. 1955ean egin zen bigarren deialdia, eta bi taldetan banatu ziren sariak. Lehenengo sailean Sabin Berasaluce eta Peru Guarrochena izan ziren irabazleak, hurrenez hurren. Bigarrenean, aldiz, Alberto Elosegi eta Fernando de Garixo. Oargui sarien hirugarren deialdian ere bi sail egon ziren: lehenengoan Iñaki Echebeste izan zen garaile eta S. de Celayak eskuratu zuen bigarren saria. Ohorezko aipamena, bestalde, Gabriel Arestiri eman zioten. Laugarren eta azken deialdirako gaia zehaztu zuten antolatzaileek lehenengo sailerako: Europako etorkizun politikoari buruzko gai kritikoak. Iñaki Bereziartua, Iñaki Bastarrica, Eneko Pérez eta Gabriel Aresti izan ziren irabazleak. Bigarren sailari dagokionez, Joseba Mirena Iriondoren lana saritu zuten.