Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

80ko hamarkadaren erdialdean ikasleak euskaraz idaztera bultzatzeko lehiaketa berria sortu zuen Eusko Jaurlaritza: Urruzuno lehiaketa. Oraindik ere bizirik dirau, eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen prosa- nahiz poesia-lanak saritzen ditu. 1986an sortu zirenetik hona hirurehun saritu baino gehiago egon dira, tartean egun euskal literaturan toki aipagarria daukan idazleren bat (Harkaitz Cano, esaterako), eta saria ere originala da: saritutako lanekin liburua argitaratzeaz gain, Europan barrena bidaia egiteko aukera da sari nagusia.

Haur eta gazteen literatura bultzatzeko jaio zen, halaber, Euskaltzaindiaren Azkue saria 1991n. Narrazioak eta olerkiak aurkez ditzakete parte-hartzaileek, eta urtean liburu bat argitaratzen da saritutako lanekin.

1989an Literatura Unibertsala bilduma jarri zuten abian EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak. Helburua literatura unibertsaleko lanak euskal irakurleen esku jartzea zen, eta, horretarako, urtean-urtean itzulpen-esleipena egin izan da: EIZIEk itzulgaien zerrenda kaleratu eta aurkeztutako laginak aztertzen ditu, itzulpen-lana nori eman erabakitzeko. 1990 eta 2002aren artean ehun liburu itzuli ziren, eta 2002tik 2010era berrogeita hamabi. 2010ean ez zen zerrendarik kaleratu, EIZIEk jada agortutako edo katalogotik kanpo geratutako izenburuak berreskuratzeko prozesua abian jarri baitzuen. 2011n itzulpenak esleitzeko zerrenda berria kaleratu zen, ekimenaren hirugarren aroa zabalduz.

90eko hamarkadan bertan Elkar argitaletxean zenbait udaletxe eta bestelako erakundeekin batera abian jarri zituen literatur beka batzuk. Horietan, jada idatzi edota argitaratutako lan bati baino, idatzi beharreko proiektuari esleitzen zaio diru-laguntza jakin bat, egileak epe baten barruan aurkeztutako obraren proiektua garatu eta burutu dezan. Era horretakoa dugu, esaterako, Elkar Fundazioak antolatutako Joseba Jaka beka: 1996an sortu zen eta bi urterik behin esleitu da. Esleipendunen artean Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Aingeru Epaltza, Harkaitz Cano, Juango Olasagarre, Karlos Linazasoro, Angel Erro, Igor Estankona, Rikardo Arregi Díaz de Heredia, Eider Rodrígez, Unai Elorriaga, Piarres Xarriton, Jon Alonso, Edorta Jiménez edo Patxi Zubizarreta daude, besteak beste.

Igartza sariak 1998an sortu ziren, eta egile gazteen lanak bultzatzea dute helburu: Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen ditu 35 urtetik beherako egileentzat. Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Uxue Apaolaza eta Eider Rodriguezek irabazi dute.

1999an Valentzia, Euskal Herria, Galizia, Katalunia, Asturias eta Aragoiko sei argitaletxek Argitaletxe Elkartuak plataforma sortu zuten, elkarlanean aritzeko. Gazteentzako Apirila saria antolatu zuten, eta 2002an Hasier Etxeberria elgoibartarrak irabazi zuen Inesaren balada eleberri laburrarekin.

Aurrekoez gain, Ondarroako Udala eta Elkar argitaletxea arduratzen dira Augustin Zubikarai eleberri saria antolatzeaz 2001az geroztik. 2002 eta 2008an ez zen saririk eman. Azkena, aldiz, Iratxe Esnaolak irabazi du Galerna lanarekin.

XXI. mendearen hasieran sortu zuen, bestalde, Pamiela argitaletxe nafarrak Juan Zelaia Saria, gogoeta kritikoa bultzatzeko asmoz. Orain arte Pedro Alberdik, Xabier Agirrek, Antton Lukuk, Kepa Larreak eta Kepa Altonagak irabazi dute, beste batzuen artean.

Bestalde, 2003an eman ziren lehenengoz Erein argitaletxeak eta Donostiako Udalak bultzaturiko Erein eta Donostia "Opera prima" sariak. Euskal egile berriak sustatzea dute helburu, eta bi urterik behin ematen dira. Orain arte irabazitakoen artean, Joxe Belmonte, Aitziber Etxeberria, Xabier Etxaniz Rojo, Xabier Altube eta Joseba Gabilondo aipa daitezke.

Aurreko guztiekin batera, aipatzekoa da 1996az geroztik Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ematen duen Beterriko Liburua saria. Berez, epaimahai txiki eta itxi batek emandako saria baino, 111 Akademia osatzen duten irakurleek ebazten dute saria nori eman; hots, irakurleek saritzen dute egilea. Azken hamabost urteotan hainbat euskal idazlek eskuratu dute, hala nola, ondokoek: Joxean Agirre (1996), Koldo Izagirre (1997), Ur Apalategi (1997 eta 2011), Lourdes Oñederra (1999), Ramon Saizarbitoria (2000), Joseba Sarrionandia (2001), Bernardo Atxaga (2003), Juan Kruz Igerabide (2005), Anjel Lertxundi (2002, 2008) edo Jokin Muñoz (2007).