EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Arbizu, 1963.
Juanjo Olasagarre Arbizun jaio zen 1963an. Donostian psikologia-ikasketak euskaraz egin zituen lehenengo promozioko ikaslea izan zen. Lizentziatu zenez geroztik euskara eta hizkuntza irakastea ditu ogibide, bigarren hezkuntzan. Euskaltegi eta barnetegietan ere jardun zuen irakasle 1980ko hamarkadan. Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria eta Deia egunkarietan, edo Argia astekarian. 2005etik sarean argitaratzen den Volgako Batelariak literatur aldizkariko partaide da, gaurko literaturaren inguruko kritika eta artikuluak plazaratu izan ditu bertan.
Genero bat baino gehiago landu du Olasagarrek. Poesiatik ekin zion bere literatur ibilbideari, 1991n Gaupasak (Susa) bilduma plazaratuta, eta genero horri eskaini zion nagusiki bere traiektoriako lehenengo partea, Bizi puskak (Susa, 1996) eta Puskak biziz (Susa, 2000) lanak plazaratuta, nahiz eta tartean beste genero batzuetan ere sartu-irtenak egin zituen, Hegazti errariak (BBK-Euskaltzaindia, 1996) teatro-lana eta Mandelaren Afrika (Susa, 1998) kronika-liburua, kasurako. 2004an kaleratu zuen bere estreinako eleberria, Ezinezko maletak (Susa, 2004), eta genero berekoa da orain arteko bere azken lana: T (Tragediaren poza) (Alberdania, 2008). W. H. Auden poetaren antologia baten itzultzaile ere bada Olasagarre (Susa, 1994), eta baita Philip Larkinen poesiarena ere. Era berean, bere lehenengo eleberria gaztelaniaz, italieraz nahiz errusieraz irakur daiteke.
Olasagarreren poesia erraz bana daiteke bi arotan: Gaupasak lanari dagokiona, batetik, eta hurrengo bi poema-liburuek osatzen dutena, bigarrenik. Lehenengo lana bidaia itxuran egituratutako poema-bilduma da, hala espazialki nola tenporalki egindako bidaia: barrutik kanporanzkoa, ilunabarretik goiz-albara artekoa. Desioaren bilaketa du ardatz nagusi bildumak, desioa eta pasioa bilatu eta definitzea, haien iragankortasunaz gogoeta egitea. Multiplikatutako ni hauskorraren definiziotik abiatzen da Gaupasak, baina gutasunera ere egiten du jauzi, 1980ko identitate kolektibitateaz baitihardu bigarren atalean, aldi berean kolektiboarekiko pertenentzia eta urruntasuna adieraziz, etengabeko kontraesanean. Liburuaren amaiera aldera, azkenik, Atxagaren Etiopia lanetik hurbileko estetikara jotzen du Olasagarrek, irudien justaposizioan oinarritutako poesia egiteko. Oro har, lexiko hautapen oso zehatza du ezaugarri lehenengo liburuko hizkera literarioak, zeunak batzuetan bazter euskalkietako hitzetara jotzen duen eta erabilera urriko hitzez usu baliatzen den.
Bizi puskak (1996) eta Puskak biziz (2000) poema-liburuek, berriz, sail bakarra osatzen dute, oso baitira elkarren segidako, hala tematikoki nola egitura zein formaren aldetik; hainbesteraino, non bi liburutan banatutako obra bakartzat ere har baitaiteke ia. Lehenengo poema-liburuaren hainbat ezaugarri (nitasunaren presentzia, hiztegi ezohikoa erabiltzea, irudi poetikoen indarraz baliatzea), halaber, desagertu edo apalduta ageri dira bi bilduma hauetan. Bizi puskak eta Puskak biziz antzerki itxurapean egituratutako liburuak dira, izan ere, poetak uko egiten dio bi liburuotan lehenengo pertsonan jarduteari, lehenengo liburuko ni aniztu hartatik ihes egiten du, eta fikziozko pertsonaien ahotan jartzen ditu poemak. E. L. Mastersen Spoon river anthology klasikoaren egiturari jarraituta, Nafarroako mendialdeko fikziozko herri bateko biztanleen bakarrizketa eta elkarrizketa-gisakoak dira poema-liburuotako poemak. Bizi puskaken atarikoan, izan ere, liburuaren testuingurua, "eszenatokia", aurkezten zaigu, antzerkia irakurtzera bagindoaz bezala:
Nafarroako mendialdeko herri bat. Bi mila biztanle inguru. Mendiak eta basoak ugari eta lur sailak larre; industrializazioak, berrogeita hamarreko hamarkadan iritsi zenean, biztanle gehienei soroak utzarazi eta lantegietara eraman baitzituen. Horrek, paisaiaz gainera, mentalitatea eta mundu-ikuskera aldarazi zuen. Laurogeiko hamarkadan ailegatu ziren (gazteen pozerako eta zaharragoen eskandalurako): Iraultza Sexuala, Beste Iraultza, Drogak eta Rock Radical Vasco hura. (8)
Denbora- eta espazio-marko horretan, askotariko pertsonaien ahotsak jasotzen ditu Olasagarrek, haien aurkezpen labur bana egin ostean, antzerki bateko pertsonaiak bailiran: euskara irakaslea, etxekoandre heldua, preso politikoa, ingeniaria... Ahalik eta gizarte-ahots gehien batu nahi ditu liburuotan egileak, eta jendarte kultur anitza irudikatu, pertsonaia horien artean baitira gazte homosexuala, ingeniari alemaniarra, emakume estatubatuarra eta abar. Guztiarekin, gatazkan, trantsizioan, den gizartea irudikatzen dute liburuok: tradizioaren eta modernitatearen artean, bertakoaren eta arrotzaren artean, landa-eremuaren eta bizimodu hiritarraren artean, dabilen kolektiboa. Hala, bildumotan birsortutako herri nafarrak eta jende-saldoak euskal gizartearen alegoria osatzen dute, edo, Koldo Izagirreren hitzetan esanda, "anti-Euskadi bat", "bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala" (Izagirre, 2000).
Pertsonaien bakarrizketen nahiz euren arteko elkarrizketen forma hartzen dute liburuko poemek, eta pertsonaien arteko harremanak dira gai nagusi. Hortik abiatuta, anitzak dira poema-liburu bietan lantzen diren gaiak: amodioaren iruzurra, denboraren iragateak eragindako ahitzea, nazio nortasuna eta haren kritika, patuarekin bizi beharra... Tragedia batean bezala, pertsonaia bakoitzari bere patua egokitzen die Olasagarrek, eta patu horri, hasieratik ezarritako zori horrek gidatzen ditu pertsonaiok. Hala, Ur Apalategiren hitzetan, "fatalitate sentipena da obrak transmititzen duen sentipenik behinena" (Apalategi, 2009).
Poesia narratiboa da, beraz, bi liburuetakoa; pertsonaien gertaerak nahiz haien gaineko hausnarketak dira kontagai, bigarren bilduman, baina, kadentzia luzeagora jotzen da. Gaupasak liburuko hizkuntza poetikoaren hermetismotik urrun kokatzen da liburuotako hizkuntza poetikoa, eta eguneroko bizitzara eta are eguneroko hizkerara hurbiltzen da, zenbaitetan erregistro kolokialei lekua eginda. Ironiak, bestalde, kontrapisua ezartzen die poemek kontagai duten tragikomediari, distantzia hartuz, esaterako, heriotzarekiko: "hiltzea, ze putada!". Poesiari transzendentzia kentzea ere bilatzen du, izan ere, Olasagarrek liburuotan; horretarako, narratibitatera jotzen du, ironiari leku egiten dio, edo, kasurako, Bizi puskak zabaltzen duen poeman, irakurleari poema osa dezan eskatzen dio: "idatz ezazu zeure izena hemen; / begira utzi dizut lekua".
Bizi puskak laneko narratibitaterako joera areagotuta ageri da hurrengo bilduman, Puskak biziz izenekoan. Bigarren horretan garatuago eskaintzen zaigu pertsonaien arteko harremanen eta gertaeren berri liburuaren amaieran paratutako azalpenekin. Hala, azken bilduma hori are hurbilago dago poesia-forman egindako eleberritik, izan ere, nobela batean bezala, kolektibo bateko ahots-aniztasuna jaso nahi da harremanen eta argumentu-harien bidez.
Bere poesiak bezala, Olasagarrek berak narratibarantz egin zuen liburuok argitaratu ondotik, eta aurreko poema-liburuetan nahiz Hegazti errariak antzezlanean landutako gai eta obsesioak nobela forman jaso zituen Ezinezko maletak (2004) bere estreinako eleberrian: indibiduoaren eta kolektiboaren arteko harreman gatazkatsuak, belaunaldi baten erretratua egin nahia, denboraren joanagatiko mina, eta beste.
Arbizuarraren lehen eleberria Carlos Bazterretxea, Bazter nafarra Londresen hil ostean hasten da, eta aitzakia narratibo horren bidez bi mundu jartzen ditu aurrez aurre egileak: 2000ko hamarkadako Londres, batetik, eta 80ko hamarkadako Lekunberri-Aranatz fikziozko herri nafarra, bestetik, aurreko poema liburuetako kokagunearen antza duena. Izan ere, Bazterren gaztetako lagunak, Lekunberri-Aranatzekoak, Londresera doaz, Bazterren hiletara. Faulkeneren As I lay dying eleberriaren egiturari jarraitzen dio Olasgarreren honek: hildako pertsonaiaren ingurukoen gain ezartzen du fokua narratzaileak, eta kapitulu bakoitza pertsonaia baten gogoetetan zentratzen da. Bi espazio nagusitan eta hiru denboratan banatzen da eleberriaren kontakizuna: Londresko orainaldia, Bazter Londresa iritsi zenekoa eta Bazter eta lagunen gaztaroa Lekunberri-Aranatzen.
Bizi puskak laneaen bezala, eleberri honetan 1980ko hamarkadan nazio askapenerako borrokaren inguruan antolatu zen gazteriaren erretratua eskaintzen zaigu, batetik, Bazter eta bere lagunen bidez. Egungo Londresko testuinguruak, indibidualismoak eta kosmopolitismoak, berriz, kontrastea egiten du garai hartako asmo utopikoen aldean; izan ere, 1980ko hamarkadako identitate kolektibo jakin baten kritika egiten du Olasagarrek eleberrian, diferentzia eta indibidualtasuna ukatzen zituen heinean: Bazterrek homosexuala izanik, herrian lekurik aurkitu ez eta iraultza-asmoak albo batera utzita Londresa ihes egin beharra izan zuela kontatzen da nobelan. Hala, eleberriak gay baten ikuspuntutik kritika egiten dio nazio-nortasun hegemonikoari, eta galdera pausatzen du: zenbateraino dira identitateak aldagarri eta zenbateraino esentzia aldaezin?
Ironia eta parodia, orobat, Olasagarreren poesian bezala presente daude eleberrian ere, hein batean, nazio-nortasun hegemonikoaren kritika hura parodiatzen eta desmitifikatzen baitu egileak.
Halaber, nazio-gatazka parodiaren eta fartsaren eremura eraman zuen Olasagarren T (Tragediaren poza) (2008) eleberrian. Bertan, bi protagonista aski antagoniko jartzen ditu aurrez aurre: Batetik, Barrutia unibertsitate-irakaslea, Ermuko Foroko kide histrioniko ere badena, eta, bestetik, Terese, aurrekoaren doktorego-ikastaroetan ikasle dabilen neska donostiarra. Apurka, bien artean uste ez bezalako erakarpen-gorroto harremana sortzen da, eta harreman horren bidez azken hamarkadako gatazka politikoaren eta armatuaren inguruko alderdi ezkutuak eta azpildurak bistaratzen dira.
Liburu aski hibridoa da, dena den, T., eleberrian zehar hainbat saiakera-atal tartekatzen baitira: Barrutiaren eskoletakoak, gaitzat tragedia eta haren inguruko teorizazioak dituztenak. Teorikoki bezala, narratiboki ere nobela apurka tragediara hurbilduz doa, nahiko tragedia sui generis izanik ere. Olasgarreren aurreko lanetan agertua zen gai batek, patuak eta zori tragikoak, protagonismo berezia hartzen du eleberrian, tragedia klasikoan ohi zenez. Patu tragikoa onartu arren, edo agian horrexegatik, fribolitatearen eta hedonismoaren aldeko aldarria egiten du eleberriak, bizitza bizitzekoa, eta parametro horietan kokatzen du egileak, halaber, euskal gatazka politikoa; gainera, tragediaren katarsiaren bidez, hura gainetik kentzearen alde egiten du. Barrutia pertsonaiaren histrionismoak eta hiperbolerako joerak zein tragediaren egiturak antzerkiaren eta fartsaren esparrura hurbiltzen dute Olasgarreren bigarren nobela, eta euskal nobelan azken hamarkadetan nagusitutako errealismotik urruntzen.