Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

80ko hamarkadarekin aurretik ezagutu ez bezala egonkortu zen euskal literaturaren sistema osoa (gogoan hartu behar da 1982an onetsi zela Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea), eta horrek eragin nabarmena izan zuen sariketetan ere. Eusko Jaurlaritzak zenbait literatur esparru euskaraz nahiz gaztelaniaz saritzeko sariak antolatu zituen, izen ezberdinekin: Jon Mirande eta Pío Baroja eleberri-sariak, Lizardi eta Alonso de Ercilla poesia-sariak, Kirikiño kontakizun laburren saria, Pedro Axular saiakera-saria, Francisco de Avellaneda eta Pedro Ignacio Barrutia antzerki-sariak. Hainbat urteren buruan, 1997an, sari horiek berregituratu egin ziren, Euskadi Sariak izenpean, eta lau kategoria saritzen dituzte oraindik ere: gaztelaniaz idatzitako literatura, euskaraz idatzitako literatura, haur- eta gazte-literatura eta itzulpena. 2009an ilustratzaile eta saiakera onenarentzako sariak gehitu ziren.

Ibilbide luzeko sariekin gertatu ohi den bezala, hainbat euskal idazle eta itzultzaileren izenak daude irabazleen artean: Anjel Lertxundi, Luis Mari Mujika, Luis Baraiazarra, Patxi Ezkiaga, Felipe Juaristi, Juan Mari Irigoien, Xabier Mendiguren Elizegi, Iñigo Aranbarri, Eduardo Gil Bera, Bernardo Atxaga, Martin Ugalde, Laura Mintegi, Karlos Linazasoro, Joxe Azurmendi, Patxi Zubizarreta, Josu Zabaleta, Xabier Montoia, Aingeru Epaltza, Lourdes Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Itxaro Borda, Pello Lizarralde, Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Xabier Lete, Fernando Rey, Koro Navarro, Juan Garzia, Iñaki Mendiguren, Antton Garikano, Xabier Olarra, Jesus Mari Mendizabal, Miren Agur Meabe, Txiliku, Fernando Morillo, Juan Kruz Igerabide, etab.

80 hamarkadan sortu zuten, halaber, Mikel Zarate saria Euskaltzaindiak eta BBK-k, aurkeztutako entsegu-lan onenentzat. Hamarkada hartan bertan sari gutxi banatu baziren ere ( Jon Sodupek irabazi zuen lehenengoa 1983an), azken bi hamarkadetara hainbat saiogilek eskuratu du saria: Patri Urkizuk 1991n, Jon Alonsok 1994an, Pako Sudupek 1995ean, Julen Zabalok 1996an, Jurgi Kintanak 2001ean, Patziku Perurenak 2003an, Julen Arriolabengoak 2007an, etab.

Erakunde publikoek antolaturiko sarietatik harago, bestelako ekimen pribatuak ere abiarazi ziren 80ko hamarkadan; hala nola, eleberri laburren Café Iruña saria (1983tik aurrera), itzulpen lanetarako Jokin Zaitegi saria edo kazetarien lana saritzeko Rikardo Arregi Saria. Jokin Zaitegi saria Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, eta azken urteotan Nobel saridunen lanak itzultzeko eman da. Irabazleen artean Urtzi Urrutikoetxea, Oskar Arana, Iñigo Errasti, Fernando Rey, Koro Navarro, Luis Berrizbeitia, Ibon Uribarri edo Santi Leoné aipa daitezke.

Rikardo Arregi kazetaritza-saria, bestalde, Andoaingo Udalak antolatzen du 1989az geroztik, eta euskaraz idatzitako kazetaritza-lan ezberdinak saritzen ditu.

Aipatutako ibilbide luzeko sariez gain, bestelako asko sortu dira 90 eta 2000ko hamarkadetan, eta oso gaitza da denak zenbatzea. Izan ere, erakunde publiko handien sariei bestelako asko gehitu behar zaizkie: erakunde pribatuenak, udal txiki nahiz handienak, argitaletxeenak, irakurle-taldeenak, etab.