Filologoak

Peillen Karrikaburu, Txomin

Andozeko Txomin.

1932ko azaroaren 17an Parisen jaiotako euskarazko eta frantsesezko idazle eta ikertzeailea.

Sorbonako Unibertsitatean Zientzia (Biologia eta Geologia) ikasketak egin zituen eta hantxe ezagutu zuen Jon Mirande, jatorriz ere zuberotarra. 1962an Igela aldizkari heterodoxoa sortu zuten eta garai hartako euskal hizkuntzaren berritzaileen artean kokatu ziren. Pariseko Liceo Lavoisier delakoan irakasle gisa aritu zen. Gerora, Paueko Unibertsitateko Letren Fakultatean aritu zen irakasle moduan (Euskal Hizkuntza eta Literatura) eta 1981ean eskuratu zuen doktoregoa Bordeleko Unibertsitatean Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique lanari esker.

Licq-Atherey izeneko herrian bizi da (Zuberoa). Paueko Unibertsitatean Eusko Ikaskuntzei eta Pirinioetako Mitologiari buruzko doktorego-kurtsoak antolatu ditu.

Hainbat aldizkaritan kolaboratu du, besteak beste: Gernika, Egan, Euzko-Gogoa eta Eusko Folklore, FLVSD, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Euskera (Bilbo), Elhuyar (Donostia), Bulletin du Musée Basque (Baiona) eta Donostiako UZEI zerbitzuan. Bere argitalpen ugariak biologia, ideien historia (etnografia eta literatura) eta hizkuntzalaritzarekin lotutako alderdiei buruzkoak izan ohi dira. FLVSD delakoan artikulu ugari idatzi du: "Expression de la connotation ironique au niveau phonologique dans le basque de la Haute Soule" (1979), "Quelques aspects dénotatifs et connotatifs de l' interrogation en basque souletin" (1979) eta "Gonzalo de Berceo eta Zuberoako euskara" (1980). Halaber, Euskalerriko ekonomia y de Animismua Zuberoan ere idatzi zuen. Euskal Herriko literatura herrikoiari dagokionez: Amoiozko baratzetan XVII eta XVIII mendeetako amodiozko kantuei buruzkoa (Baiona, 1964), Etxahun Barkoixe (Paris, 1963). Eta literatura jasoan: Jusef Eguiateguy, Larramendiren zuberotar jarraitzailea (Donostia, 1963) eta Jon Miranderen idazlan hautatuak (Bilbo, 1976). Hizkuntzalari eta biologo gisa anatomiari buruzko latin-euskara hiztegi bat argitaratu zuen: Latín-euskara hiztegia, anatomiaz, (Elhuyar, 1975).

Literato moduan, kontakizun ugari aipatu behar da. Horien artean, honakoak nabarmendu behar dira: Gauaz ibiltzen dena, Itzal gorria, Gatu beltza, Altxorra eta alkimia, Buffalo Billen abentura, Errotaria errege, Mirko printzea, Allande Elizagarai ligiarraren ixtoriak.

1988an Euskaltzaindia urgazle izendatu zuten.

Hurrengo urtean Domingo Aguirre saria jaso zuen Kristina Bolsward eleberriari esker.

Eleberri honetan, Alemanian bizi den emakume bat da protagonista nagusia, emakumea izateagatik, txiroa izateagatik eta Frisiakoa izateagatik bazterturik bizi delarik.

Itzal gorria da Peillen-ek idatzitako beste eleberrietako bat, oso bestelako lana da hau bere lehen eleberriarekin alderatuta. Pertsona- eta leku-izen sinbolikoak erabiltzen ditu. Talde iraultzaile batean barneratzen den gazte baten istorioa da kontagai. Gazteak nazioko erregea hil egiten du eta atxilotu eta espetxeratu egiten dute. Egileak berak aipatu duenez "leialtasunari buruzko istorioa da, faxisten aurkako borrokaren inguruko istorioa". Gatu beltza lanean Peillen polizia-eleberrian murgiltzen da berriz ere eta narratzailea lehen eleberriko detektibe bera da, Pettiri Sabuki, alegia.

2001ean Ale gorriak (Hiria argitaletxea) argitaratu zuen, 1960 eta 1998 bitartean idatzitako ipuinen bilduma bat.

Gainerakoan, Peillenek haur eta gazteei zuzendatutako ehunka ipuin argitaratu ditu. Orobat, etnologia arloan egindako lana ere nabarmena izan da. Alor honetan landutakoen artean, Allande Elixagarai ligiarra, Animismua Zuberoan eta Herri sendakuntza Zuberoan destakagarri direlarik.Bestalde, herri-medikuntza eta albaitaritzari buruzko ikerketa ere asko jorratu du Peillenek. Eta horrez gain, filologia-lan ugari argitaratu du, hala nola: Les emprunts de la langue basque à l'occitan (UHUN, Madril), Zuberoko itzalargiak (Elkar) eta Parlons l'euskara (L'Harmattan, Paris).

PEN euskal klubaren kide nabarmena eta ohorezko lehendakaria izanik, 2009 PEN Idazluma eman zioten Diasporarekin lotura estua duen Txomin Peillen euskal idazleari.

Lehen aipatu moduan, alor ezberdinetan jardun da lanean. Hala bada, Mende joanaz (2003, Maiatz) poesia, Jende ederrak lanean (2008, Utriusque Vasconiae) narrazioa, Jan Dabrowski (2012, Utriusque Vasconiae) nobela, Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan (2005, Utriusque Vasconiae) eta Biziaren hiztegiaz (2009, Euskaltzaindia) saiakerak, eta Jon Mirande, olerkaria (2012, Euskaltzaindia) bilduma bezalako lanak argitaratu ditu.

Politikari alorrean, 1993ko legegintzarako hauteskundeetan Pirinio Atlantikoko 5. barrutiko hautagaia izan zen Eusko Alkartasun alderditik, eta 1997ko hauteskundeetan, berriz, 4. barrutiko hautagai "Eusko Alkartasuna/Convergence, Ecologie, Solidarité" koaliziotik. Halaber, 2001ean eginiko kantondar hauteskundeetan Maule-Lextarreko kantoian kontseilari nagusi izateko Eusko Alkartasuna alderditik ere hautagai izan zen.

Euskal hizkuntza eta literatutako irakaslea Baiona-Angelu-Miarritzeko diziplina anitzeko fakultatean (Lapurdi).