Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Udal-artxiboko datu historikoek agerian uzten dutenez, hainbat mendetan dantzatu izan da Arretxinagan, gaur egun Markiñari atxikita dagoen Xemeingo Elizatean. Dantza horren egitura orokor berbera du, besteak beste, Gipuzkoako ezpata-dantzak. Azken horren ezaugarriak Juan Ignacio Iztuetak jaso zituen zituen XIX. mendearen hasieran. Xemeingo aldaeraren berezitasun nagusia honako hau da: dantzari guztiak elkarren ondoan jartzen dira, atxikita, sorbaldekin ohol antzeko bat osatuz, kapitaina gainera altxatzeko. Han goian tente, dantza-mugimenduak egiten ditu, eskuetan ezpata txikiak hartuta. Beste horrenbeste egiten dute azpiko dantzariek ere, ezpata txikiak eskuetan.

Taldeko burua kapitaina edo "maisu zaharra" izaten da. Aurreko lehen bi dantzarien ezpata luzeei heltzen die. Gaur egun, bi dantzari horiek bi lerrotan kokatzen dira, eta eskuetako ezpatekin elkarri lotuta jarduten dute. Horien ondoan, beste bi edo lau lagunek egiten dute dantzan, zapiz apaindutako ezpata txikiagoekin.

San Migel egunean, irailaren 29an, dantzatzen dute Arretxinagako baselizaren ondoko plazan eta Xemeingo Elizateko udaletxe zaharraren aurrean, baselizan santuari eskainitako meza bukatzen denean. Ildo horretan, aipatzekoa da baseliza barruan bitxikeria bat dagoela: hiru haitz handi, agian oso antzinako erritoen lekuko izandakoak. Ezpata-dantzaren ondoren, aurresku tradizionala egiten dute.