Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

XIX. mendearen erdia aldera Antonio D'Abadie jauna euskal kultura-ondarea suspertzeko eta indartzeko eginahalak egiten hasi zen Urruñan, eta ahalegin horien ondorioz, 1886an Euskal Jaiak antolatu zituzten Durangon, suspertzailearen jarraibideekin bat. Aipatutako jaietan lehiaketak antolatu zituzten: besteak beste, musika- eta dantza-txapelketa. Era berean, gorulari edo iruleen lanean oinarritutako emanaldia sortu eta eskaini zuten. Gorulariak deitu zioten ikuskizunari.

Ikuskizunean zehar, besteak beste, Juan Antonio Mogelen liburu batetik hartutako olerkiak eta Zubiaurre maisuaren doinuak eskaini zituzten, eta halaber, herrian tradizio luzeagoa zuten bi dantza: apaindutako arkuekin egiten zen bata, eta zinta-jokoekin bestea, zintak makila batean lotuz. Horretarako berariaz trebatutako haurrek, neska-mutikoek, egin zituzten bi dantzak.

Fernando VII.a erregeak 1828an Durangora egindako bisitaldiari buruzko testuetan bi dantzak aipatzen dira. Testuen arabera, aukeratutako gazteek Domingillo izeneko panpina zeramaten makila luze baten puntan, eta mugitu egiten zuten dantzaraziz, beraiek zinta-dantza egiten zuten bitartean. Era berean, neska-talde batek, apaindutako arkuak eskuetan, kontradantzak egin zituen.

Zinta-dantza edo Domingillorena udaleko antzinako ordainagirietan agertzen da, Dantzari-dantzaren atala baitzen, eta bigarren hori XVI. mendetik dago dokumentatuta. Emakumeen arku-dantza Fernando VII.aren bisitaldiaren inguruko testuetan azaltzen da estrainakoz.

Denboraren poderioz, dantza multzo horri Gorulariak hasi zitzaizkion deitzen. Euskal Jaien ondoren, durangarrek ospakizunetan dantzatzen jarraitu zuten. 1936ko gerra piztu aurretik, Gorulariak oso hedatuta zeuden gazte euskaldunen artean.

Iurretako dantzariek berreskuratu egin zituzten, eta orain, urriko lehen igandean dantzatzen dituzte San Migel jaiei amaiera emateko.