Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Gizon eta emakumeen arteko zeremoniak eta dantzak dira, bien arteko kortesia-errituala osatzen dutenak. Batzuetan gizonek hasten dituzte, eta beste batzuetan, berriz, emakumeek; gaur egun ugariagoak dira lehenengoak. Bizkaian orokorrean Aurresku esaten zaie, baina gaur egun izen hori bera erabiltzen da, baita ere, dantzari bakarrak egiten duen dantza izendatzeko: dantzariak dantza-atalak bata bestearen atzetik dantzatzen ditu, inongo zeremoniarik eta beste sexuko dantzaririk gabe, eta dantzaldia omendu nahi den norbaiti eskaintzen zaio.

Bizkaian, dantza osoa sexu bateko dantzari-taldeak hasten du, normalean gizonek, ilaran jartzen dira eta lehenengoak gidatzen ditu gainontzekoak (Aurreskuak, aurreko eskuak, alegia). Dantza batzuen ondoren, Aurreskuari beste sexuko laguna aurkezten diote, berak dantza bat oparitzen dio eta segidan ilarara ekartzen du. Eskuz aldatu eta aurrealdean ilarako azken dantzaria edo Atzeskua jarrita gauza bera egiten da. Azkenean, dantza hasi duten dantzari-kopuruaren bikoitza biltzen da ilaran, bakoitzak lagun bat ekarri baitu. Ilara luzean gizonak eta emakumeak tartekatzen dira. Jarraian, bikoteen artean zortzikoak, fandangoak, arin-arinak eta biribilketak dantzatzen dituzte.

Esangura sozial handiko dantza da, oso antzinatik datorkiguna. XVI. mendearen amaiera baino lehen aipatzen da jada bizkaitar erako dantza, bi gizonen artean emakume edo neska bat sartuz eta eskutik helduta dantzatzen dena, korruan. Jaurerriko herrietako datu historikoen arabera, agintariek ere dantzatu izan dituzte erritual handiko dantzetan, euren jurisdikzioa azpimarratzeko eta baita herrien eta pertsonen arteko opari gisa ere. Bestalde, Bizkaiko jendeak aisialdian gehien dantzatu duen egitura koreografikoa da. Horregatik daude, hain zuzen ere, horrenbeste pauso eta doinu. Urteetan izan duen garrantzia eta zabalkundeagatik, Aurreskua euskaldunon dantza nagusia eta propioa dela esan izan da. Gaur egun bi era nagusitan banatuta dago: Hiribilduko Aurreskua eta Elizateko Aurreskua. Lehenengoan garrantzitsuak dira "Erregelak", eta horien artean Durangaldekoak eta Busturia ingurukoak nabarmentzen dira, euren "Soinu Zaharrekin".

Gaur egun data berezietan dantzatzen dituzte honako toki hauetan:

  • Gernika. Inauterietako igandean, mozorroekin, plazan. Abuztuaren 15ean Hiribilduko Aurreskua eta 16an Elizatekoa, elizako atarian.
  • Deustua. San Jose egunean, martxoaren 19an, emakumeen Aurreskua plazan. Berriki abiatutako erakustaldia, XIX. mendearen erdialdean ezinbesteko ospakizuna zela kontuan hartuta.
  • Abadiño. Dantzari-dantzaren amaieran Erregelak, martxoaren 15ean.
  • Leioa. San Joan egunean, ekainaren 24an, herriko plazan.
  • Berriz. Erregelak, Dantzari-dantzaren amaieran San Pedro jaietan.
  • Lekeitio. Eguzki jaia edo emakumeen Aurreskua ekainaren 29an, San Pedro egunez.
  • Markina. Hiribilduko Aurreskua, uztailaren 16an.
  • Garai. Erregelak, Dantzari-dantzaren amaieran Santiago jaietan. Hurrengo saioan, abuztuaren 26koan, emakumeak ateratzen dituzte eta Aurreskua eurei eskaintzen diete.
  • Forua. Elizateko Aurreskua herriko jaietan, uztailaren 31n.
  • San Inazio-Deustua. Emakumeen Aurreskuaren erakustaldia San Inazio egunean.
  • Mendexa. Aurreskua Mahaiganekoa dantza egin ostean.
  • Begoña. Amabirjinaren egunean, abuztuaren 15ean, meza-osteko Aurreskua. Bilboko Alkateak ematen dio hasiera sokari.
  • Mañaria. Erregelak, Dantzari-dantzaren amaieran Amabirjinaren jaietan.
  • Markina-Xemein. Hiribilduko Aurreskua San Migel egunean.
  • Iurreta. Erregelak, Dantzari-dantzaren amaieran San Migel jaietan. Gainera, San Migel egunean, arratsaldean, emakumeek eurek zuzendutako Erregelak dantzatzen dituzte.
  • Elorrio. Errebonbiloen Aurreskua urriko lehen igandean.

Ikusten denez, dantzatzeko ohiturari eusten zaio bestelako dantzak dituzten lekuetan, hala nola Durangaldean, Markinan, Elorrion, etab.