Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Urriko lehen igandean, Errosarioko Amaren egunean, su-armen alardea egiten du Elorrion "Errebonbilloak" izeneko herritar-talde batek. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz hasi ziren egiten ekitaldi hori. Dena den, lehen berrien abiapuntua 1891ko erabaki bat dugu: Errosarioko Kofradiak aurrerantzean bere diru-kontuak eramango zituela, Elizako Fabrikaren gainerako ataletatik bereizita. Erabakiaren arrazoiak azaltzeko oharretan, besteak beste, ohitura horri buruzko aipamena egiten da: itxuraz, gizonezko batzuek, militarren uniformea soinean eta eskopeta eskuetan, tiro egiten zuten hainbat aldiz, Lepantoko gudua oroitzeko (hombres que se revisten de uniforme militar en conmemoración de la batalla de Lepanto disparando varias descargas de escopeta). Errosario-eguneko prozesioan parte hartzeagatik afaria ematen omen zieten esker onez, eta ohiturari jarraituz, Kofradiako idazkariak ordaintzen zuen. Aipatutako arrazoiarengatik ez zen jaso, beraz, ohiturari buruzko azalpenik ordura arteko testuetan. Urte hartatik aurrera, ordea, ekitaldia urtero aipatzen zuten kontuetan, baina argi dago askoz ere lehenagoko ekimena zela. 1926an Euskalerriaren Alde egunkarian Elorrioko festaren deskribapen zehatza egin zuen Nemesio Lazcanok, eta ezaugarriak gaur egungoekin bat datoz.

Herritarren artean hedatutako ustearen arabera, Lepantoko gudutik bueltan zetozen elorriotar batzuek armekin airera tiro egin zuten, Kanpazarreko mendatera iritsi eta Elorrio begi aurrean azaldu zitzaienean, une hartan Errosarioko prozesioa kalez kale baitzebilen. Uste ustela izango da ziur aski, baina hala ere, alardea Errosarioko prozesioan zehar egiten da, arratsaldez, eta egiaztatuta dago aipatutako guduaren omenez antolatzen dutela ekimena.

Egia esan, udaletako erlijio-prozesioetan tokian tokiko soldaduek parte hartzeko ohitura oso hedatuta zegoen garai batean. Errebonbiloak goizaldeko bostetan hasten dira ekinean, herriko hainbat tokitan tiroak jaurtitzen. Antzina udaleko sarrerak zeuden guneetan jaurtitzen dituzte tiroak, herritarrak esnatzeko.

Arratsaldean, elizan arrosarioa bukatu eta gero, prozesioari ematen zaio hasiera. Soldadu-taldea irteeran egoten da zain, eta Ama Birjinaren irudia pasatzerakoan salbak jaurtitzen dizkiote. Gero, Errebonbiloak kalez kale ibiltzen dira prozesioaren aurretik, eta hainbat tokitan salbak jaurtitzen dituzte Ama Birjinaren aurrean.

Azkenean, aurresku ospatsua dantzatzen da, soldadu-taldeak hasten eta zuzentzen duena. Dantzan zehar, plazako emakumerik garrantzitsuenak ateratzen dituzte erdira.

Kalejiran txistulariek doinu bitxi bat jotzen dute, horrelako alardeetan antzina erabiltzen ziren txirulen doinua ekarriz gogora.