Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Inguruko udaletako diru-kontu zaharretan, herrietako jaietan agintariei eskainitako afarien ordainketen xehetasunak azaltzen dira. Izan ere, Mahaigainekoa ospakizun horietan egiten zutela uste dugu. 1936an, Mendexako afaria amaitu ondoren, herriko alkatea buru zela, mahai gainean egindako dantzaren deskribapen zehatza idatzi zuen Jordá de Gallastegik. Urte hartan hasitako gerraren aurreko azken Mahaigainekoan buru egondako agintaria ezagutu genuen, eta dantzaren mahai tradizionalaren maketa erakutsi zigun. Mahaia, eserleku eta guzti, zuhaitz-enbor bakarraz lantzen zuten, eta oso preziatu zen ezaugarri horrengatik. Gerran desagertu egin zen, dantza bezalaxe, urte askotan ez baitzuten dantzatu.

Mahaigainekoa herriko jaietan dantzatzen zuten, herritarren afaria, alkatea buru zela, egiten zen lekuan. Lea-Artibaiko herrietan egiten zuten aipatutako dantza, herritarren arteko bizikidetzaren gorespen-errito bikaina. Gaur egun abuztuaren 1ean, San Pedro advincula egunean, Mendexan egiten dute Mahaigainekoa, eguerdian, eta San Migel egunean, gauez, Xemeinen. Dantzari gazteek hartzen dute parte, ohitura berreskuratu eta herriko jaietako ospakizun garrantzitsu bihurtu baitute. Bi herrietan, ordea, galdu egin da afarian, alkatea buru dela, dantzatzeko ohitura.

Gaur egun plazan dantzatzen dute, mahaia bertan ezarrita. Xemeinen mahai arrunta erabiltzen dute, eta Mendexan jatorrizkoaren imitazioa. Oro har, mahaiaren mutur batean gazte bat egoten da, alkatea balitz bezala. Beste muturretik dantzari bat altxatu eta ustezko agintariarengana hurbiltzen da. Agintariak basokada bat ardo eskaintzen dio, eta dantzariak edan egiten du ekinean hasi aurretik. Dantzak bi atal ditu: lehenengoan dantzari bakarrak jarduten du, eta bigarrenean beste bat altxatzen da mahai gainera. Dantza biek batera bukatzen dute, aurrez aurre. Ondoren, lehenengoa mahaitik jaitsi eta bigarrenak alkatea agurtu, basokada ardo edan eta lehen atala dantzatzen hasten da, harik eta hirugarren dantzaria altxatzen den arte. Orduan, bigarren atala dantzatzen dute elkarrekin. Eta horrela jarraitzen dute, dantzari guztiak mahai gainera altxatu eta dantzan egin arte. Azkenean, parte-hartzaileek trikitia dantzatzen dute.