Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

1997an, Begoñako elizaren barruan, presbiterioan, horretarako bereziki sortutako ezpata-dantza hasi ziren egiten, Ama Birjinaren gorazarre-kantan oinarrituta. Urtean birritan egiten dute: abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, eta urriaren 11n, elizak Begoñako amaren jai-egun izendatutako datan. Abuztuaren 15ean, oro har Elizbarrutiko apezpiku batek ematen du meza, Bilboko agintariak bertan direla. Ezpata-dantza ezin hobeto eta txalo artean hartu dute ikusleek lehen egunetik, eta guztien onespena lortu du bete-betean. Ekainaren 15ean, udalaren fundazioaren urteurrenean, Diego López de Haroren estatuaren aurrean dantzatzen dute. Beti Jai Alai dantzari-taldeak sortutako ekimen horrek luzaroan irautea nahi genuke, eta gaur egun talde horretako lagunek bezala, etorkizunean dantzari bilbotarrek ere dantzatzen jarraitu dezatela.

Bilboko datu historikoei erreparatuta, 1606an San Nicolas elizan mutil gazte batzuek egindako dantza bati eta 1729ko ihauterietako ezpata-dantza bati buruzko aipamenak jaso dira, besteak beste. 1828an, erregea Bilbora etorri zenean, Abandoko elizateko baserritar batzuek ezpata-dantza egin zioten, San Frantzisko komentu zaharreko kanpoko eliz atarian entseatzen jardun ondoren. Ohitura horri eusteko nahiak eraginda, Begoñako Amaren festaren inguruko ospakizunen artean sartu dute hizpide dugun dantza. Ondoren, aurresku ohoratsua egiten dute plazan, Bilboko agintarien aurrean.