Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Durangoaldean iraun zuen berez, baina gaur egun oso hedatuta dago beste toki askotako dantza-taldeen artean. Ezpata-dantza ere deitzen zaion arren, jatorrizko eremuan Dantzari-dantza esaten diote, eta izen hori azaltzen da 1801eko testuetan.

Gure dantzei buruzko lehen deskribapena urte hartan egin zuen Guillermo de Humboldt alemanak. Horra zer iruzkin egin zituen Dantzari-dantzaz: Durangokoa dela, eta armarrien dantza deitu beharko litzaiokeela, arma horiek erabiltzen dituztelako. Garai hartan haurrek dantzatzen zuten, eta Gorpuzki Eguneko ospakizunetako ekitaldi handietako bat izaten zen.

Durangoko udaleko artxiboetako testuetan, Gorpuzti-eguneko dantzei buruzko lehen aipamenak XVI. mendekoak dira. Durangoaldeko beste udal batzuetako artxiboetan dantzariei egindako ordainketen agiriak daude, eta edukien arabera badirudi garai hartan horrelako dantzak egungoan baino eremu zabalagoan egiten zirela. Ordainketa batean baino gehiagotan, "erregea" deitzen diote bandera eskuetan eramaten duen dantzariari, eta halaber, dantzetarako erositako edo elkarri utzitako elementuei buruzko xehetasunak ematen dituzte.

Orain, herriko jaietan Dantzari-dantza egiten jarraitzen dute Merindadeko sei Elizatetan: Abadiñon, Berrizen, Garain, Iurretan, Izurtzan eta Mañarian. Gaur egun, bederatzi dantza dira guztira: Agintariena, Zortzinango, Ezpata-joko txikia, Banango, Binango, Ezpata-joko nagusia, Launango, Makila-jokoa eta Txontxongillo. Dantza guztiei soka-dantzak edo aurreskuak ematen die bukaera. Garain, horiez guztiez gain, prozesioaren erdian bandera mugitzen dute Santiagoren irudiaren aurrean, eta Gernikako Arbola izeneko ezpata-dantza ere egiten dute, doinu horri jarraituz. Durangoko Zaindariaren festetan, San Fausto jaietan, Dantzari-dantza egiten hasi dira berriz, eta armarrien dantza ere berreskuratu dute. Azken horrentzat Marcos de Alcorta musikariak proposatutako izena aukeratu dute: Platillu-soñua.

Garain, Santa Ana egunean, beste ohitura bat dute: aipatutako dantza guztiak bukatu eta gero, emakumeek aurreskua egiten diete gizonei. Azken urteotan, Iurretan ere berreskuratu dute emakumeek zuzendutako aurreskua egiteko ohitura. San Migel egunean dantzatzen dute, arratsaldean.

Dantzari-dantza zortzi dantzarik egiten dute, bi lerrotan, ezpatak eta makilak eskuetan. Atzeko bi dantzarietako batek ikurrina eramaten du, eta Durangon brokelak eta makilak ere bai. Informazio batzuen arabera, antzina bederatzigarren dantzariak eramaten omen zuen ikurrina, eta haren zeregin bakarra mugiaraztea izaten zen.