Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Askok bestelako iritzia adierazi badute ere, tartean gure folklorean adituak diren batzuk, emakumeek ere zuzendu eta dantzatu izan dituzte dantzok gizonezkoak omenduz. Horrela azaltzen digu, argi eta garbi, J.A. Zamacola historialariak 1824an idatzi zuen Historia de Bizkaia lanean.

Lehenago, C. Widitz artistak 1529an argitaratu zituen grabatuen artean, neska gaztea azaltzen da dantzatzeko jarreran, eta Bizkaiko emakumeek hala dantzatzen zutela adierazten du egileak. Antzeko jarrera izaten dute gaur egun Lekeition dantzatzen duten emakumeek. Zalantzarik gabe, 1529ko marrazki hori gure dantzei buruzko zaharrena da. Bertan emakumea dantzan agertzen denez, pentsatzekoa da neskek aspalditik egiten dutela dantza.

Lekeitioko 1682ko dokumentu batek, Aurian San Joan egunez egindako arrantzale-kofradiakideen jaiari buruzkoak, zera dio: empiezan a danzar muchos cofrades y hay también danzas de mozas (kofradiakide asko hasten dira dantzan eta nesken dantzak ere badira).

Kazetari ingeles batek, Karlistadan berriemaile-lanetan Durangon zenak, luze eta zabal deskribatu zuen 1836an Iurretako neska dantzariek zuzendutako Aurreskua. Bukaerako biribilketan gizonezkoei eman ohi zitzaizkien ipurdikoak ere aipatu zituen.

1846ko "Revista Pintoresca de las Provincias Bascongadas" aldizkariak kontatu zuenez, Deustuko jaietan oso aspaldikoa zen meza nagusiaren ostean emakume ezkonduek zortzikoa dantzatzea. Sokako lehen tokia, hau da, aurreskua, herriko neska dantzaririk onenari zegokion. Beraz, jaiaren une oso garrantzitsuan egiten zuten dantza.

Garaiko emakumeek antzinako ohiturari eusten diote eta Santa Ana egunean dantzatzen dute gaur egun ere. Inoiz eten ez den ohitura da. Lekeitioko neskek, berriz, garai bateko Aurreskua berreskuratu dute duela urte batzuk. "Eguzki Jaia" ere esaten diote lekeitiarren dantzari, San Joan eguneko egunsentian dantzatzen baitzuten lehenengoz. Iurretako neskek ere, kazetari ingelesak xehetasunez deskribatutako dantza gogoratuz, San Migel jaietan dantzatzen dute. Deustuan berriro heldu diote antzinako ohiturari, eta gaur egun San Jose eta San Inazio egunetan emakumeek zuzentzen dute dantza, euretako asko ezkonduak.