Artikuluaren jomuga aintzat hartuz, agerpenak pertsona jainkotiarren begitazio gisa definituko ditugu. Pertsona horiek askoren ustez, funtzio publikoa dute. Ez ditugu hildakoen begitazioak edo pribatuak barneratuko, laikoenak ala fededunenak izan. Ziurtzat jotzen dugu jende askok izaten dituela begitazioak, dena den, badakigu oso gutxi direla jendea erakartzeko modukoak; begitazioa izaten dutenek jakinarazten ez dutelako edo, hala eginagatik ere, ingurukoek sinesten ez diotelako edo uzkurtu egiten dutelako, edo eliza-agintariek edo sekularrek isilarazi egiten dituztelako. Begitazioa izandako erlijio-ordenako kideen eta begitazioa izandako laikoen artean harreman estua izan da; epistolazko gutun trukeen bidez edo elkar ezagutzeko egindako bisiten bidez. Zehatzago esanda, begitazioa izan duten mojak nolabaiteko baliabide eta eredu izan dira laikoentzat. Baina, berez eta berezkotasunez, moja eta fraide horien begitazio eta agerpenak komentu edo ordenaren barnean gorde dira kontrolpean eta oihartzun urria izan dute. Ez gara begitazio horietan espirituren baten benetako agerpena izan zen ala ez erabakitzen hasiko.