Kontzeptua

Agerpenak Baskonian

1931n Bigarren Errepublika lehertu zenean katolikoen artean atsekabea zabaldu zen, bereziki maiatzaren 11n Madril eta Andaluzian hainbat komentu erre zirenean; horren ondorioz, atsegin handiagoz hartzen ziren mezu jainkotiarrak eta sineskortasun handiagoa hartu zuten mezu haien lekuko izan zirenek. Iruñeako prentsan ekainaren 4an Mendigorrian (Nafarroa) 9 eta 14 urte bitarteko hamabi neskato eta mutiko batek izandako begitazioa jaso zen laburki. Haur horiek Andre Maria Nahigabetua ikusi zuten otoitzean, Jesusen Bihotzaren estatuaren aurrean belaunikaturik. Dena den, ekainaren 29 edo 30era arte ez ziren agerpen garrantzitsuenak gertatu, Gorte Konstituziogileak hautatzeko hauteskundeak pasa eta berehala; orduan, 7 eta 11 urteko bi anai-arrebek alboko baserri batean esnea hartu eta etxera itzultzen ari zirela, irudi femenino bat ikusi zuten Ezkion (Gipuzkoa), mendi-mazela batean. Ezkioko begitazio horrek (milioi bat ikusle erakarri zituen) jarraipena izan zuen errepublika garaian eta Errepublikan erlijioari dagokionez hartu zituen neurrien aurkako indar gisa baliatu zen. Begitazio horiek errepide nagusi batetik gertu gertatu ziren eta Zumarragako erretore Antonio Amundarainek (arrosarioaren gaueko otoitza zuzentzen zuen) zilegitzen zituen; hala, Donostiako prentsa katolikoan oihartzun zabala izan zuten. Begitazioak modu eta kokapen askotarikoak ziren eta guztiak agerpenen ohiko eskeman bateratzeko ahalegina egin zen. Horretarako, hiru haritzeko toki bat identifikatu zuten agerpenaren gune gisa. Hainbat hiletan zehar Gipuzkoa osoko eta Nafarroa erdi-iparraldeko ikusleak iritsi ziren autobusetan. Mirariak iragarri ziren egunetan (uztailak 12, 16 eta 18 eta urriak 16 eta 17) 50.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren. Begitazioa izan zutenen kopurua (nagusiki haur eta nerabeak, nahiz eta tartean gizon eta emakume heldurik ere bazen) berehala biderkatu zen eta "ohiko" ikusle batzuek begitazioak izaten zituzten haien koadrilekin. Hasiera batean begitazioa izan zutenek Ama Birjina hitz egiten entzun ez zuten arren, berehala agertu zen hura entzun zuenik, besteak beste, Ataungo Patxi Goicoechea eta Josefa Lasa, Legazpiko Benita Aguirre eta Jose Garmendia, Itsasondoko Cruz Lete , Beizamako Ramona Olazabal, Gabiriako Evarista Galdos eta Albiztur, Urretxu, Zumarraga, Zegama eta Nafarroako sakanako hainbat haur. Argazkilari batzuek postuak altxatu zituzten muinoaren oinetan eta Goicoecheak ikusleentzat oholtza bat eraiki zuen agerpenaren lekuan. Lehen urtean zehar, ikusle adierazgarrienek bat egin zuten sona handiko sustatzaile eta publizistekin, esate baterako, Carmen Medina aristokrata sevillarrarekin, Rafael Garcia Cason Tarrasako industria-gizonarekin eta Magdalena Aulina Kataluniako mistikoaren beste jarraitzaile batzuekin, Raymond de Rigne idazle eta argazkilari frantziarrarekin, Amado de Cristo Burguera Valentziako frantziskotarrarekin eta Juan Bautista Ayerbe Urnietako Udaleko idazkariarekin. Ikusle horietako askok zuzendari espiritualak zituen (bai klero sekularretik eta bai klero erregeladunaren aldetik ere). Zuzendari horiek ikusleak adoretu eta haien begitazioak idatzi egiten zituzten.

Hasiera batean, elizbarrutiak Amundarainen ardurapean utzi zuen auzia modu ez ofizialean, hura baitzen aliantzen sortzaile eta, gainera, itzal handiko gizona zen. Begitazioek euskal jaierak gobernu zentral erlijiogabearen aurka azaltzen zuen joeraren isla zirela ziruditen. Baina urriaren 15ean (Eliza eta estatua ofizialki banatu eta hurrengo egunean) Ramona Olazabalengan agertutako estigmak publikoki erakutsi ziren. Gertaera ikusgarri hark elizbarrutiaren erantzuna eskatzen zuen; gainera, ikusle hark zauriak erakutsi zituen lekuan bizar-xafla bat agertu zen, ondorioz, bikario nagusiak, Justo de Echegurenek begitazio guztien aurkako jarrera hartu zuen. Jendeak eta kleroak begitazioak babesten zituztenez, Echegurenek Jose Antonio de Laburu jesuitari begitazioen aurkako alegatu bat prestatzeko eskatu zion. Laburuk eraginkortasun handiz eman zuen; lehenengo Gasteizko seminarioan eta, gero, Donostian jendaurrean emandako hitzaldi batzuetan. Errepublikako gobernuak ere mesfidantzaz ikusten zituen begitazio horiek, batez ere, lehenengo edukietako batzuk esplizituki politikoak zirelako. Muturreko diputatuek agerpenen aurkako kexua azaldu zuten Gorte Konstituziogileetan, eta 1932ko urriaren 6an, fededun batzuk mendi-mazelaren gaineko kaperan estatua bat jarri zutenean, Pedro del Pozo gobernadoreak harako sarrera debekatu zuen, ikusle entzutetsuenak deitu zituen eta galdeketak egin ostean Arrasateko Santa Agedako eroetxera bidali zituen, bertan senda zitezen. Baina 1933ko irailaren 15ean Mateo Mugica gotzainak ateratako dekretuak ezkutatu zituen begitazioak behin betiko. Dekretu horren arabera, begitazio horiek ez zuten naturaz haraindiko oinarririk eta erabaki hori Ofizio Santuak berretsi zuen 1934ko ekainaren 18an.

Ezkion hasi ziren begitazioak hiru modutan hedatu ziren. Prentsan agerpenen berri emanez argitaratu ziren albisteetan soilik oinarritutako hedapen-modu bat izan zen lehenengoa, ahoz ahokoa; begitazio horiek 1931ko abuztuan hasi ziren eta Batchicabo (Araba) eta Guadamurreko (Toledo) haurrak izan ziren ikusleak. Azaroan Palentziako neskato batek izan zuen begitazioa. Bigarren adibidea haur batzuen bidezko hedapenarena da. Haur horiek Ezkiora eraman zituzten eta, gero, 1931ko uda eta udazkenean begitazio publikoak izan zituzten haien sorterritan, esate baterako, Ormaiztegin, Urretxun, Zumarragan, Albizturren eta Zegaman Gipuzkoari dagokionez, eta Arbizun, Unanun, Dorraon, Lizarragan, Bakaikuan, Iturmendin, Etxarri-Aranazen, Uharte-Arakilen, Irañetan, Irurtzunen eta Izurdiagan Nafarroari dagokionez. Ia herri guzti horietan euskara zen nagusi. Haur horiek, trantze betean zeudela, normalean gauez, helduei zer egin behar zuten eta nola portatu behar ziren agintzen zieten. 1933an hirugarren hedapen-modu bat zabaldu zen, elizbarrutiak Ezkioko leku horretara sartzea debekatu zuenean.

Aurrez Ezkion begitazioak izan zituzten nerabe eta helduak begitazioak pribatuan izateko ahaleginean hasi ziren koadrilatan elkartuta, bakoitzaren etxean edo fededunen etxeetan edo aparte zeuden landa-kaperatan. Mota horretako begitazioak sarri-sarri izan ziren Bilbon, Portugaleten, Durangon, Donostian, Irunen, Pasaian, Urnietan, Astigarragan, Tolosan, Legorretan, Zaldibian, Ordizian, Beasainen, Bergaran, Oñatin, Irañetan eta Iruñean. Zaldibiako ikusle eta fededun batzuk atxilotu eta Ondarretako espetxean sartu zituzten. Koadrila horiek bizirauteko gaitasun handia erakutsi zuten eta gerra zibilaren ondoren ere begitazioak izaten ziren, zenbait ikusle eta fededun Euskal Herritik erbesteratu ziren bitartean. XXI. mendera arte fededun multzo txiki batek elkartzen jarraitu izan du ikusleen bigarren belaunaldi batekin.

Ezkioko begitazioen edukiak eboluzionatu egin ziren denborarekin. Mezu jainkotiar horietan, hasiera batean Errepubikak elizaren aurka hartutako neurrien inguruko kezka eta lehertzear zen gerra zibilaren inguruko kezka agertzen zen, baina, apurka une eta lekuaren araberako garrantzia zuten kontu apokaliptikoak agertu ziren, eragin handiagoa zutenak: munduaren azkena eta azken judizioaren gertutasuna. Horietan garrantzia asko hartzen zuten hala otoitzak nola penitentziak. Beste mezu batzuetan paisaia berrantolatzea (gurutze bat altxatu, gurutze-bidea sortu edo iturri santu bat topatu) eta santutegi bat eraikitzea aldarrikatzen zen. Eta Ama Birjinaren, Kristoren eta beste santu batzuen begitazioekin batera hasiera-hasieratik hildakoen begitazioak izaten ziren, bereziki haur txiki ezagunen begitazioak. Beranduago ikusle batzuk hiltzen zirenean, beste ikusle batzuek haiek ikusten zituzten eta emandako mezuak hedatu egiten zituzten. Halaber, mezu pertsonal eta pribatu ugari ematen ziren fededun jakin batzuei helaraztekoak. Fededun horiek normalean ikusle-koadrila bateko kideak ziren. Gainera, izaki jainkotiar horiei galderak egitera joaten ziren erromesek ere erantzunak jasotzen zituzten. Jose Garmendiak mezu jainkotiar bat helarazi zion Kataluniako president Francesc Maciari. Horrez gain, euskal folklorearekin zerikusia zuten begitazio heterodoxoak ere izan ziren: atsoak, sorginak, deabruak, burua moztutako gorputzak eta tximuak. Ikusleak, lehen biak izan ezik, trantze-egoeran murgiltzen ziren eta bazirudien ez zutela berorik, argirik edo orratzaren ziztadarik sentitzen. Trantzean zeuden ikusleen argazkiak herriaren oroimenean iltzatu ziren, eta askok trantze horiek ikuslearen benetakotasunaren frogatzat jo zituzten. Trantzeek ere denborarekin bilakaera jasan zuten, hala, esate baterako 1932ko hasieran, Jesusen Konpainia desegin zenean eta eskolatatik gurutzeak kendu zirenean, gurutziltzaketa erako trantzeak izan ziren. Horietan ikusleak oholtzan etzanik agertzen ziren.

Gerra zibilak eten egin zuen Ezkioko begitazioen oldarraldia. Elizbarrutiak debekatu egin zituen eta ikusletako bat haurdun geratu zenaren zurrumurruak eta bertsoak atera ziren; horren ondorioz, agerpenak oztopo bihurtu ziren euskaldun askorentzat, baita gerra aurretik ere. Gerra amaitu zenean, geratzen ziren fededun apurrak zigortu eta erbesteratu egin zituen Frankoren erregimenak eta auzia gorde egin zen erabat. Hainbeste non belaunaldi gazteenak (ikusle ospetsuenetako batzuen ondorengoak barne) ez baitzuen sekula hari buruzko konturik entzun. Hala, soilik hirugarren belaunaldiaren jakin-minari eta orduko azken fededunek arreta handiz gordetako agiriei esker gertakarien historia taxutu ahal izan da. Historia, apur bat moldatuta, jendartera zabaldu zen 2001ean Visionarios filmaren bidez.