Kontzeptua

Agerpenak Baskonian

Vatikanoko II. kontzilioaren ostean Hego Europan beste begitazio oldarraldi bat gertatu zen. Kasu horretan, elizaren hierarkiaren gaitzespena eta tradizioen itzulera islatzen zen mezuetan. Espainian gertatutakoen artean garrantzitsuenak San Sebastian de Garabandalen (Kantabria) jazo ziren 1961etik 1965era. Unben ere izan zen begitazioren bat, Bilbo inguruan (Euskal Herria). Azken hartan, 1908an jaiotako Felisa Sistiaga Orozco izan zen ikuslea. Bere esanetan Andra Maria Nahigabetuaren bisita jaso zuen aurretik 1941eko martxoaren 25ean, eta beste behin aingeru ñimiño bat ikusi zuen sagarrondo baten adar batean. Dena den, benetako begitazioak 1968 hasi zirela esan zuen eta Ama Birjinak 1969ko maiatzaren 23an hitz egin ziola lehen aldiz. Era berean, egun hartan animalia arraro eta ezezagun bat ikusi zuen. Ondoren, Ama Birjinak baserri bateko putzu bateko urak erromesak sendatuko zituela esan omen zion; eta abuztuaren 7an aingeru batek kandelak eta oihal beltz baten zatia eman omen zizkion. Zati hartan Ama Birjinaren irudia agertzen omen zen bere santutegian. Francisco Sanchez-Ventura y Pascual zaragozarra begitazioen sustatzailea zen eta Garabandaleko gurtza antolatzen lagundu zuen. Sustatzaile haren laguntzarekin Felisa Sistiagak santutegi xume bat eraiki zuen, iturri santu bat zuena. 1978an irudi bat agertu zen bertan. 1986 bitartean 350 pertsonak bertan sendatu izana aitortu zuten. Ikuslea 1990eko otsailaren 10ean hil zen, baina oraindik bada leku hartara joaten den erromesik. Felisaren begitazioek, El Palmar de Troyako (Sevilla) emakume ugarik izandakoek bezalaxe, Espainia osoan hedatu zen agerpen modu berri bat ekarri zuten (esate baterako, El Escorialen, Cerdanyola del Vallesen, Gironan, Kordoban eta Granadan jazo ziren): begitazio horiek maiztasun handiz izaten ziren (hilean behin) hiri handien kanpoaldean eta emakume helduak izaten ziren ikusleak. Jean Gersonen garaiaz geroztik, teologoek ezkondutako emakume helduek izandako begitazioak ezeztatu egin zituzten, horren ondorioz, ikusle horiek ez zuten jendearen arreta bereganatu, 1969an elizak zentzura ukatu zuen arte.