Kontzeptua

Agerpenak Baskonian

XX. mendean Euskal Herrian izandako agerpenek antzeko jendea erakartzen zuten: Lourdesen jaieradun batzuk agerpen guztietara joaten ziren, Limpiaseko erromesak Piedramillera, Ezkio eta Garabandalera joan ziren, Ezkioko erromesak Garabandal eta Unben izan ziren, eta Garabandaleko jaieradunak oraindik begitazioak izaten zituzten Ezkioko azken ikusleen bila irten ziren. Eite bereko publiko hori eskarmentu handiko begitazioen behatzailez osatzen zen (horien artean afizionatuak eta eginahal betean aritu ziren publizistak). Publiko horrek ikusleen mezu eta esperientziak taxutu zituen, galderak eginez eta ezagutza eta argitalpenak baliatuz. Hala mezuetako gaiak, agerpenetako liturgiak eta trantzeen portaerak bateratu zituzten. Bateratze-prozesu horrek zinemaren eta bideoen laguntza izan du, hala fikzioa (Lourdes eta Fatimari buruzko filmak) nola dokumentalak landuz. Prozesuak ez du muga kultural edo nazionalik eta gaur egun Interneten ikus daiteke. Limpias eta Ezkioko begitazioak berehala egin ziren ezagun nazioartean, izan ere, mendebaldeko Europa guztitik etorri ziren sustatzaile eta zelatariak. Agian herri txikietako begitazioen arrazoiak eta haietan jarraitutako irizpideak herri horietatik urrun topatu behar dira, eta agian ikerketa nazioartera zabaldu behar da. Agerpenei buruz kanpotik hartutako historiek (esate baterako Milagrosa, Lourdes eta Fatima) XX. mendeko Baskonian eragin itzela izan zuten. Era berean, agian Erdi Aroan ere antzeko eraginik izango zen eta ideia hori ezin dugu alboratu; halaber, ezin dugu baztertu agerpen horietako batzuen (gaur egun kondairazkotzat hartzen direnak) jatorria pertsona historikoen begitazioetan egotea.