Kontzeptua

Emakumeak eta Euskal Hezkuntza

Informazio osagarria



Gerra aurreko euskal eskolagintzak segida xume eta isila izan zuen, nagusiki Donostian, 40. hamarkadaren erdialdetik aurrera. Bi maistra euskaldun aipatu behar dira esperientzia horren protagonista gisa: Elbira Zipitria eta Mª Dolores Goia. Biak Donostian irakatsi arren, ez du ematen elkarren arteko harremanik zutenik, alabaina biek bazituzten ezaugarri komunak:

  1. Gerraurrean ikasitako eta aritutako maistra tituludunak izan ziren biak.
  2. Eskola zabaltzeko, gerraurrean existitzen zen "eskola eredu" batez baliatu ziren: bederatzi urte baino gutxiagoko umeak eskolatzeko nahikoa zen maistra titulua zuen pertsona batek lokal bat eskuratu eta ume talde bat batu, gurasoek ordaindutakoa soldatatzat hartuta. Bederatzi urte betetzean ikasle horiek "ingresoko azterketa" gainditu behar zuten eta handik aurrera ikastetxe publiko edo pribatuetan eskolatzen ziren. Sarri askotan maistra hauek euren etxeetan bertan antolatzen zituzten eskolatxoak.
  3. Biek irakasten zieten euskaraz euskaldun umeei, bederatzi urte bete arte. Euren eredu pedagogikoari erreparatu ezkero gerraurreko euskal eskolaren ezaugarriekin egiten dugu topo: euskara eta euskal kultura (folklorea, historia, geografia...) curriculumaren ardatzak dira; erlijiotasunari garrantzia; Eskola Berriko teorien eragina (Decroly, Montessori...).
  4. Elbira Zipitriaren kasuan geroago sortuko zuten ikastolekin harreman zuzena aurkitzen dugu. Bere eskolatxoan urte betez ikasten egon ondoren zenbait maistrak zabaldu zituzten euren etxe-eskolak nahiz eta apurka apurka Zipitriaren eredutik aldentzen joan ziren ikastolak izango zirenetara gehiago hurbilduz.

Eskola saio hauen kokagunea "etxea" da, espazio pribatua, afektiboa, emakumeena, nahiz eta bertan emango den irakaspena formala izan. Bitxia iruditzen zaigu Teresa del Vallek emakume nazionalisten espazioen ikerketan luzatzen digun hausnarketa hau: "La transmisión de la lengua se ha considerado también como una consecuencia directa de su rol de madre. La frase de que las ikastolak tienen su nacimiento en la cocina, es una realidad. Quizás el primer embrión de las futuras ikastolak, fueran las clases de euskara que las mujeres de EAB organizaron para los niños en el local de "Emakume". Posteriormente en el franquismo se organizan las primeras ikastolak clandestinas en las cocinas de algunas casas. La responsabilidad de esas primeras ikastolak estaban en manos de las mujeres" (Valle, 1985, 250 or.). Zentzu horretan gerraurreko euskal eskolen, etxe eskolen eta gerora, 60.ko hamarkadan etorri ziren ikastolen artean badago jarraikortasuna, lokarri bat zeinean emakumeak haurren heziketaren arduradun nagusi legez agertzen baitziren eta, eredu nagusiarekiko koherenteki, etxearen eremuan gauzatzen baitzen.

Hala ere, Donostiako etxe eskolen esperientziaren tamaina eta mugak estuak zirela, eta emakume sare baten parametroetan irakurri behar ditugula ez dugu ahantzi behar. Ideia zehatza egiteko esan dezagun E. Zipitria 1946.ean hasi zenetik 1960.era zortzi bat etxe eskola funtzionatu zutela: Elbira Zipitria (1946), Mª Dolores Goia (1951), Jone Forkada (1952), Karmele Esnal (1953), Mari Karmen Lasarte eta Mari Karmen Mitxelena (1957) sei bederatzi urte bitarteko umeekin, eta, Itziar Artzelus (1950) eta Faustina Karril (1953) lau eta sei urte bitarteko umeekin.

1960. urtea mugarri bezala hartzen dugu euskal hezkuntzaren historian. Momentu honetatik aurrera Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietan zehar ikastolak eratzen hasi ziren: Pasaia, Errenteria, Irun, Hernani, Elgoibar, Algorta, Lazkao... 1957.etik Bilboko ikastola ari zen lanean (zailtasun haundiz poliziak itxi bait zuen) eta berehalaxe gehituko zaie Iruñea (1964) eta Gasteizko esperientzia (1964). Baina ikastolak diogu, ez etxe eskolak. Zer gertatu den galdetu beharra dugu, dudarik gabe. Gure ustez, oso aldaketa haundiak daude hastapen hauetan bertantxe, bai jendartearen ikuspegitik baita hezkuntza ideologiarenetik ere.

Oro har, ikastolek garai haietako hezkuntz esparruan burutu zituzten berrikuntzak hauexek izan litezke:

  1. 3. urtetik aurrerako umeen eskolaratzea, haur txikien heziketari benetazko garrantzia ematen zitzaiolarik.
  2. Irakaslegoaren formazio paraleloa eta andereño enpirikoen prestakuntza. Irakasleen etengabeko formazioa da ikastoletako ezaugarri nagusienetako bat. Irakasle tituludunen prestakuntza euskal eskolarako egokia ez zelarik eta gainera behar zen heinekorik ez zegoelarik, prestakuntza bide paraleloak bultzatu ziren (andereño arituekiko praktika, Andereñoen Erresidentzia, ikastaro berezi eta bilera pedagogikoen bitartez). Era honetara euskal irakaskuntzan aritzeko, heziketa eta andereño enpirikoen prestakuntza burutu ziren. Irakaslegoaren prestakuntza paralelo honetan, andereñoek euskal eskolaren kalitateak zeukan garrantzia bere egitea eta honi jarrera ekintzaile eta zabal batez heltzea ezinbesteko baldintzak izan ziren. Andereñoak, haien prestakuntza pertsonala beraiek ekoiztutako baliabideekin burutu bitartean eskola eredu euskaldun eta berritzailea gauzatzen saiatu ziren, bere gain zuten erantzunkizuna oso haundia zela jakinik.
  3. Beste ezaugarri bat ikastola bakoitzean berrikuntza pedagogikoa ahalbideratzeko andereñoek gurasoekin mantentzen zuten harreman eta komunikazio maila altua izan zen. Izan ere, gurasoek eskoletaz zeuzkaten esperoak eta ideiak eskola eredu tradizionalean mugatuta zeudenez eskola berriaren printzipioak sartzeak beldurrak eta zalantzak sortarazten zizkien. Egoera hau gainditzeko, planteamentu pedagogikoak era amankomun batez tratatzen ziren, gurasoek uler eta barnera zezaten. Elkarrizketetan esaten den bezala benetako guraso eskolak ziren.
  4. Ikastolen planteamentuetan, hezkuntzaren arlo ez formalak hartu zuen garrantzia ezohizkoa zen garaiotan. Izan ere, Zipitriaren eredutik eta hezkuntzaren kontzeptu zabal eta dinamiko batetik, ikastoletan arlo ez formalak zuen tokia burutzen ziren ekintza ezberdinetan isladatzen zaigu: ibilaldiak, udalekuak.
  5. Gerraurretik zetorren tradizio pedagogikoaren igorketa Elvira Zipitriaren bitartez burutu bazen, kalitatezko eskola egin beharrak joera pedagogiko berritzaileekiko loturak izatera bultzatu zuen ikastolagintza, besteak beste, Kataluniako Rosa Sensat eskolaren bitartez berriztutako Eskola Berriarekiko harremanak, eta agian ekarpenik interesgarriena zen Freinet eta Freireren pedagogia kritikoarekiko harremanak.

Ikastolek herrigintzan hartutako protagonismoa eta zabalkundea ikusgarria eta azkarra izan zen. Andereñoen Erresidentziak eta andereño sareek sortzen zuten prestakuntza azkar gaindituta geratu zen. Abiadura honi, gainera, 1970.ean Hezkuntza Orokorreko espainiar legeak ezarritako baldintzak gehitu behar dizkiogu: tituludun irakasle -eta asko- izan beharra. Une horretan euskal apaizgoaren sekulartzea ematen ari zen une horretan lekualdatze argi bat gertatu zen ordura arte emakumezkoa zen euskal hezkuntzan: apaizgoa uzten zuten unibertsitateko ikasketak eta tituluak zituzten gizonezkoak ikastolagintzan engaiatu zirela. Handik aurrera irakaslego mistoaz hitz egin beharrean gaude, eta ondorioz, emakumeen ekarpenez baino herrigintzaz.

  • ARANA, Sabino. "Conócete a ti mismo". Euzkadi, 3. zbk., 1901.
  • LARRAÑAGA, Policarpo. Emakume Abertzale Batza. I. Donostia: Auñamendi, 1978.
  • OLAIZOLA, Juan María de. Historia del protestantismo en el País Vasco. El reino de Navarra en la encrucijada de la Historia. Iruña: Pamiela, 1993.
  • VALLE, Teresa del. Mujer vasca, imagen y realidad. Bartzelona: Anthropos, 1985.
  • ABANDA, G. "Nekane Azurmendi: "La experiencia de la primera colonia en el monasterio de Barria es irrepetible"". Diario Vasco (1990ko abenduak 2).
  • AGIRRE, J. "La primera colonia clandestina de las ikastolas vuelve a Barria". EGIN (1990ko azaroak 22).
  • ALLUR, Arantxa. "Ikastolak eta irakasleak". JAKIN (argit.). Gure Ikastola. Oñati: Jakin Sorta, 1972. 6, 47-53 orr.
  • ARANBURU, Xabier (1990). "Hezkuntzaren historia Euskal Herrian: Ikastola. Maria Dolores Goya (Groseko ikastola)". Eusko Ikaskuntza. Cuadernos de Sección: Educación, 3. Donostia, 1990. 199-225 orr. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 29].
  • ARANTZA. "Udalekuak, ume heziketaren jarraipen". Anaitasuna, 1971. 208 zbk.
  • AZURTZA, Miren Jone. "Tipien-eskoletako andereñoentzat ikastaro berezia". Zeruko Argia. 1969, 33º8 zbk.
  • BASTERRA, J. "Andereñoen Erresidentzia, eredu pedagogiko berri baten iturburua". Egin (1989ko abenduak 15).
  • FERNANDEZ, Idoia. Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1960-1975. Bilbo: UEU, 1994. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 29].
  • GORDAILU-ARDURADUN-TALDEA. "Gordailu." Urrats, euskal pedagogia aldizkaria, 0. znbk, 1978.
  • SETIEN, J.F. "Gordailu eta euskal pedagogia", Jakin. 1979, 11 zbk.
  • UZEI. Ikastoletarako textuliburuak. Argit. gabe. 1979.