Kontzeptua

Emakumeak eta Euskal Hezkuntza

1960. urtea mugarri bezala hartzen dugu euskal hezkuntzaren historian. Momentu honetatik aurrera Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietan zehar ikastolak eratzen hasi ziren: Pasaia, Errenteria, Irun, Hernani, Elgoibar, Algorta, Lazkao... 1957.etik Bilboko ikastola ari zen lanean (zailtasun haundiz poliziak itxi bait zuen) eta berehalaxe gehituko zaie Iruñea (1964) eta Gasteizko esperientzia (1964). Baina ikastolak diogu, ez etxe eskolak. Zer gertatu den galdetu beharra dugu, dudarik gabe. Gure ustez, oso aldaketa haundiak daude hastapen hauetan bertantxe, bai jendartearen ikuspegitik baita hezkuntza ideologiarenetik ere.

Oro har, ikastolek garai haietako hezkuntz esparruan burutu zituzten berrikuntzak hauexek izan litezke:

  1. 3. urtetik aurrerako umeen eskolaratzea, haur txikien heziketari benetazko garrantzia ematen zitzaiolarik.
  2. Irakaslegoaren formazio paraleloa eta andereño enpirikoen prestakuntza. Irakasleen etengabeko formazioa da ikastoletako ezaugarri nagusienetako bat. Irakasle tituludunen prestakuntza euskal eskolarako egokia ez zelarik eta gainera behar zen heinekorik ez zegoelarik, prestakuntza bide paraleloak bultzatu ziren (andereño arituekiko praktika, Andereñoen Erresidentzia, ikastaro berezi eta bilera pedagogikoen bitartez). Era honetara euskal irakaskuntzan aritzeko, heziketa eta andereño enpirikoen prestakuntza burutu ziren. Irakaslegoaren prestakuntza paralelo honetan, andereñoek euskal eskolaren kalitateak zeukan garrantzia bere egitea eta honi jarrera ekintzaile eta zabal batez heltzea ezinbesteko baldintzak izan ziren. Andereñoak, haien prestakuntza pertsonala beraiek ekoiztutako baliabideekin burutu bitartean eskola eredu euskaldun eta berritzailea gauzatzen saiatu ziren, bere gain zuten erantzunkizuna oso haundia zela jakinik.
  3. Beste ezaugarri bat ikastola bakoitzean berrikuntza pedagogikoa ahalbideratzeko andereñoek gurasoekin mantentzen zuten harreman eta komunikazio maila altua izan zen. Izan ere, gurasoek eskoletaz zeuzkaten esperoak eta ideiak eskola eredu tradizionalean mugatuta zeudenez eskola berriaren printzipioak sartzeak beldurrak eta zalantzak sortarazten zizkien. Egoera hau gainditzeko, planteamentu pedagogikoak era amankomun batez tratatzen ziren, gurasoek uler eta barnera zezaten. Elkarrizketetan esaten den bezala benetako guraso eskolak ziren.
  4. Ikastolen planteamentuetan, hezkuntzaren arlo ez formalak hartu zuen garrantzia ezohizkoa zen garaiotan. Izan ere, Zipitriaren eredutik eta hezkuntzaren kontzeptu zabal eta dinamiko batetik, ikastoletan arlo ez formalak zuen tokia burutzen ziren ekintza ezberdinetan isladatzen zaigu: ibilaldiak, udalekuak.
  5. Gerraurretik zetorren tradizio pedagogikoaren igorketa Elvira Zipitriaren bitartez burutu bazen, kalitatezko eskola egin beharrak joera pedagogiko berritzaileekiko loturak izatera bultzatu zuen ikastolagintza, besteak beste, Kataluniako Rosa Sensat eskolaren bitartez berriztutako Eskola Berriarekiko harremanak, eta agian ekarpenik interesgarriena zen Freinet eta Freireren pedagogia kritikoarekiko harremanak.

Ikastolek herrigintzan hartutako protagonismoa eta zabalkundea ikusgarria eta azkarra izan zen. Andereñoen Erresidentziak eta andereño sareek sortzen zuten prestakuntza azkar gaindituta geratu zen. Abiadura honi, gainera, 1970.ean Hezkuntza Orokorreko espainiar legeak ezarritako baldintzak gehitu behar dizkiogu: tituludun irakasle -eta asko- izan beharra. Une horretan euskal apaizgoaren sekulartzea ematen ari zen une horretan lekualdatze argi bat gertatu zen ordura arte emakumezkoa zen euskal hezkuntzan: apaizgoa uzten zuten unibertsitateko ikasketak eta tituluak zituzten gizonezkoak ikastolagintzan engaiatu zirela. Handik aurrera irakaslego mistoaz hitz egin beharrean gaude, eta ondorioz, emakumeen ekarpenez baino herrigintzaz.