Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Migrarien aurka dauden posizionamendu sozialak gizarte-integrazioaren kontrakoak dira. Jarrera hauek hedatuz joan dira, eta xenofobia erak agerikoak direnean integrazioa erabat ezindu egiten dute, baina azalekoagoak direnean edo fluxuen kopurua murriztea edo hiritartasun baldintzak gogortzea lortzen dute ia beti. Jarrera hauek ondorio sozialak dakartzate bazterketa forma ezberdinetan eta kultur integrazio orokorrean. Erreakzio modura, giza talde etniko baztertua sarri erreplegatu egiten da bere taldearen baitan eta gizarte hartzailearekin kontaktua gutxitu egiten du. Horrela, historikoki asimilazioa berezkoa zen tokian, egun, aniztasun era ezberdinak, arrazoi asko medio, agertzen dira, batzuk oso emankorrak, baina beste batzuk gizarte koesioaren aurkakoak. Noski, egoera guzti hauen atzean ez daude bakarrik arrazoi kulturalak, baita materialak ere: lan prekarioa, mugikortasun mugatua, immigrazioaren ez-onartze soziala eta gizarte hartzaileko sektore baztertuenak immigrazioak ordezkatu egingo dionaren beldurretik sortzen diren posizionamenduak.

Amaitzeko, zenbait adituren ustez migrazioen beste garai batean geundeke. Ezaugarri hauen artean faktore soziopolitikoak nagusitzen dira: immigrazioak agenda politikoan errelebantzia haskorra du, sozialki emozio negatiboak sortarazten ditu eta gobernu eta nazioarteko erakunderen zereginetan ardura gehiegi pairatzen du. Nazioarteko egungo testuingurua ez da migrazioetarako aproposena, kopuruan gora egin duen arren. Globalizatua dagoen mundu batean pertsonen mugikortasuna oso mugatua dago. Arrazoi ezberdinek (lan-eskasia, bizitza itxaropen mugatuak, gatazken ugaritzeak, krisi egoerak) migratu beharra ekartzen dute, baina etorkin potentzialentzako aukera horiek oso mugatuak daude. Mugen gainditzeak arrisku eta koste izugarriak dakarzkio etorkinari. Gainera, migratzen dutenak beharrezkoenetarikoenak dira sarri euren jatorrizko herrialdeetan.

Azkenik, herrialde garatuenek lan- eta demografi- hutsuneak betetze aldera etorkinak behar dituzte, baina logika ekonomikoak edo demografikoak ia beti logika politikoa eta sekuritarioaren aurrean amore ematen du, bertakoek immigrazioa ez dutelako onartzen eta gizarte kulturanizduna nahi ez dutelako. Beraz, mundu mailan, dauden desorekak direla medio, logikoki osagarriak diren gizarte premiak eta premi horiek asetzeko dagoen pertsona kopurua ez dira elkar lotzen. Globalizazioak agian aginte globala behar du honelako erronkei aurre egiteko eta premi gurutzatu hauek lotu ahal izateko, eta epe laburrera begirako logikak gainditzeko.